Espainia

Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia auzipetu dute 'Kitchen auzian'

Luis Barcenas PPko diruzain ohia zelatatzeko operazio bat antolatu zuela uste du epaileak. Harekin batera epaituko dituzte haren agindupean zeuden Poliziaren goi kargudunak ere.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia, artxiboko irudi batean. J.J. GUILLEN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 29a
14:19
Entzun

Kitchen auziko instrukzio fasea amaitutzat eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia-Castellon epaileak, eta, ikerketaren ondorioak aztertuta, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia auzipetzea erabaki du. Aldiz, artxibatu egin du Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiaren eta haren senar Ignacio Lopez del Hierroren kontrako akusazioa. Kitchen auzian epaituko dute auzipetuek Poliziaren baliabideak eta estatuaren diru bereiziak erabili al zituzten ustezko ezkutuko operazio bat antolatzeko, Luis Barcenas PPko diruzain izandakoa eta haren gertukoak zelatatzea eta Barcenasek alderdiaren kontabilitateari buruz zituen dokumentuak eskuratzea helburu. Epaileak ondorioztatu du badela nahikoa zantzu akusatuek operazio hura antolatu zutela pentsatzeko.

Auzitegi Nazionalak Espainiako Barne Ministeriora mugatu du Barcenas zelatatzeko operazioa. Fernandez Diaz kokatu du buruan. Ez du uste zantzurik dagoenik ministro ohiak beste norbaiten aginduetara jardun zuela baieztatzeko, ezta Mariano Rajoy Espainiako orduko presidenteak edo PPko beste buruzagiren batek operazioa antolatzeko erabakian parte hartu zuela adierazteko ere. Epaileak ez zuen Rajoy deklaratzera deitu instrukzio fasean.

Auziari buruz galdetuta, PPko presidente Pablo Casadok esan du bere alderdiaren egungo zuzendaritza «zintzoa eta gardena» dela. «Errotik kendu ditu iraganean egon zitezkeen portaera ez eredugarriak».

Fernandez Diazekin batera, Francisco Martinez Segurtasun Estatu idazkari ohia auzipetu du epaileak, eta akusazioak baieztatu ditu Poliziako hainbat goi kargudun ohiren aurka; horien artean dira Eugenio Pino, Marcelino Blas eta Andres Gomez Gordo. Jose Manuel Villarejo komisario ohi eta Tandem auziko akusatu nagusia, eta Barcenasen gidari izandako Sergio Rios ere inputatu ditu.

Epaileak adierazi duenez, ondorengo delituak dagozkie aztertu dituen gertakariei: sekretuak ezagutaraztea, prebarikazioa, delituak jazartzeari uko egitea, funtzionario eroskeria, influentzia trafikoa eta diru publikoaren erabilera bidegabea.

Cospedal eta haren senar Lopez del Hierro deklaratzera deitu zituen epaileak instrukzioan, argitzeko ardurarik izan al zuten Rios Barcenasen gidari ohia operaziora gehitzeko garaian. Autoaren arabera, Rios izan zen aukeratua PPko diruzain ohiak bere esku zituen dokumentazioei buruzko informazioa biltzeko eta alderdiaren diru kontuekin zerikusia zutenak lapurtzeko. Epaileak ez du Cospedalen eta Lopez del Hierroren kontrako akusazioari eusteko nahikoa frogarik ikusi, eta artxibatu egin du horien kontrako salaketa. Gomez Gordo Poliziako goi kargudun auzipetua Cospedalen aholkulari pertsonala izan zen.

Agindu katea

Auzitegiko autoaren arabera, Fernandez Diazek 2012 eta 2013 artean eman zuen operatiboa antolatzeko agindua, eta Francisco Martinezen esku utzi zuen lan hori. Fernandez Diazen ministerioko bigarren agintari nagusia zen 2013ko urtarriletik. Martinez Fernandezek operatiboa diseinatzeko eskatu zion Pinori, eta azken horrek Villarejoren esku utzi zuen zelatatze lanak abiatzea.

Operazioaren helburu nagusia izan zen Barcenasen gertuko pertsona bat taldera batzea. Rios gidari ohia aukeratu zuten, PPko diruzain ohiaren eta haren familiaren konfiantzazkoa. Autoak jasotzen duenez, Riosi hilean 2.000 euro eskaini zizkioten, gastuak aparte, estatuaren diru bereizietatik. Horrez gain, lan hori amaitutakoan Polizian sartuko zela ere hitzeman zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.