Atzoko estatu kolpea Fijik okupazio administrazio britainiarretik independentzia lortu zuenetik (1970) jasandako laugarrena da. Qarasek Australiaren esku-hartze militarra eskatu zion Canberrako lehen ministro John Howardi, baina honek eskaera errefusatu egin zuen.
Aitzitik, Fijiko presidente Iloilok Bainimaramarekin bat egin, eta Legebiltzarra desegin zuen.
Armadaburuak iragarpen hori egin aurretik, Qarase lehen ministroak salatu zuen etxean atxilotuta zegoela, eta soldaduek bere egoitza inguratua zutela. Horregatik ezin izan zuela estatu kolpea eragotzi. Qarasez gain, beste hainbat ministro ere etxe horretan atxilo zeuzkaten. Estatu kolpea gauzatu baino lehen, gobernukideak atxilotzeaz gain, Suva hiriburuan kontrolguneak ezarri zituzten soldaduek, eta ministroen ibilgailu ofizialak berenganatu zituzten.
«Lehen ministro naizen heinean, Konstituzioa eta Fijiko demokrazia parlamentarioa defendatuko ditut», nabarmendu zuen Qarasek. Bien bitartean, Bainimaramak Jona Senilagakali medikua izendatu zuen behin-behineko lehen ministro.
Militarraren esanetan, Qarase atxilotua atxikitzen badute ere, ez du haren aurkako zigor neurririk aginduko. Neurri bakarra hura agintetik kentzea izan zela azaldu zuen, eta 1997ko konstituzioak bere horretan segituko zuela.
Bainimaramaren eta Qaraseren azken asteotako tirabirek biek Fiji uharteetako komunitate ezberdinek izan behar dituzten eskumenen inguruko ezadostasunetan dute jatorria. Hala Bainimarama nola Qarase etnia fijiarrekoak dira, baina Gobernuak proposatutako legeriaren aurrean matxinada mehatxuak egiten hasi zen duela aste batzuk. Bainimaramak «fijiar guztien [etnia indiarrekoak barne] eskubideen defendatzailetzat» dauka bere burua, eta Gobernuak proposatutako legeriak indigena fijiarrei mesede egin eta beste komunitateei kalte egiten ziela argudiatu zuten militarburuak zein beste hainbat ahots kritikok.
GATAZKA SORTU DUEN PROPOSAMENA. Legeria horretako lege batek 2000ko maiatzean Legebiltzarra okupatu eta herrialdeko lehenbiziko lehen ministro fijiar-indiarra, Mahendra Chaudhry, boteretik kendu zuten nazionalista fijiarrei amnistia emango lieke. Amnistiaren onura jasoko lukeenetako bat George Speight enpresaburu eta 2000ko estatu kolpearen burua da.
Urte hartan, Speightek emandako kolpearen ondoren sortutako kaosa gerarazteko gerra legea ezarri zuen Bainimaramak, artean armadaburu izendatu berria zela. Speighten kontrako sutsua, trantsizio gobernu militarra gidatu zuen hark hiru hilabetez, harik eta presidente berria izendatu zuten arte. Orain Qarase kargutik kendu duen arren, 2001eko bozetan boterera irits zedin funtsezkoa izan zen Bainimarama. Halere, Qarasek Konstituzioari muzin egin, eta oposizioko Alderdi Laboristari ez zion bere kabinetean posturik eman. 2003ko uztailean, ordea, Alderdi Laboristako diputatu fijiar-indiarrak kabinetean sartzera behartu zuen Auzitegi Gorenak.
Speighti heriotza zigorra ezarri zioten 2002an, traizioaz akusatuta, baina presidenteak zigorra bizi arteko kartzelaldira aldatu zion.
Gainera, 2000ko azaroan matxinatu ziren soldaduek ere amnistia jasoko lukete. Porrot egin zuen matxinada horretan zortzi soldadu hil zituzten, eta Bainimaramak babes bila ihes egin behar izan zuen.
Qarasek orain proposatutako beste lege batek kostaldeko jabetza baliotsuaren zati bat indigena fijiarren esku uztea eragingo luke.
Bainimaramak lege sorta eztabaidagarri hori bertan behera uzteko exijitu zion Gobernuari; bestela, hura agintetik kenduko zuela mehatxu egin zuen. Ikamikak gora egin zuen eta Bainimaramak ultimatuma jarri zion Qaraseren gobernuari.Qarasek lege proposamena baztertzeko prest agertu zen, baina esan zuen ezin zituelalegetik haratago zihoazen eskaerak onartu. Nazioarteak gaitzetsi egin zituen militarburuaren mehatxuak, orain mehatxu horien gauzatzea gaitzetsi duen bezala.
ETNIEN ARTEKO TIRABIRAK. Gorabeherak puri-purian zeudela, auzi politikoetan eskua sartzeaz akusatu zuten politikariek Bainimarama. Halere, militarren artean sostengu zabala atxiki zuen.
Bainimaramak azaldu zuen beldur zela legeria horrek ez ote zituen komunitateen arteko tentsioa eta liskarrak berriz eragingo.
Fijiko ia 900.000 biztanletatik %54,3 dira indigena fijiarrak, jatorri polinesiar eta melanesiarreko herrien nahasketa. Gainera, %38,1indiar jatorrikoak dira, eta %1,2 rotumar etniakoak; halaber, hainbat europar eta txinatar daude.
Militarren eta Gobernuaren arteko tirabira, ordea, urrian okertu zen, Bainimarama herrialdetik kanpo zegoela aprobetxatuta Qarase hura kargugabetzen saiatu zenean. Lehen ministroak izendatutako ordezkoak, ordea, eskaintzari uko egin zion, oraindik Bainimarama sostengatzen zuela argudiatuta.
azKen urTeoTaKo eGoera
1970. Fijik independentzia lortu zuen.1987ko apirila. Indiarrak nagusi diren Alderdi Laboristak AP Aliantzaren Alderdiaren gobernuaren 17 urteko agintaldia bukatu zuten, bozak irabazita.
1987ko maiatza. Sitiveni Rabuka teniente koronelak estatu kolpea eman zuen, fijiar etniakoak politikoki nagusi izateko helburuarekin.
1987ko urria. Rabukak berriz eman zuen estatu kolpea. Fiji Commonwealth estatu elkartetik bota zuten, eta Londres, Washington, Canberra eta Wellingtonek laguntza eten zuten.
1989. Milaka indiarrek ihes egin zuten.
1990. Konstituzio berrian indigena fijiarren nagusitasun politikoa finkatu zuten.
1992. Rabuka, FPP Fijiarren Alderdi Politikoko buru gisa, lehen ministro izendatu zuten, hauteskundeak irabazi ondoren.
1994. Rabuka eta FPP berriz garaile.
1997. Commonwealthen berriro.
1999. Alderdi Laborista bozetan nagusitu ostean, Mahendra Chaudhry, etnia indiarrekoa, lehen ministro izendatu zuten.
2000ko maiatza-uztaila. George Speight enpresaburuak eta Ilisoni Ligairi major erretiratuak gidatutako soldadu talde batek Legebiltzarra okupatu zuen. Speighten bere burua izendatu zuen lehen ministro. Ekainean Commonwealthetik bota zuten Fiji. Uztailean Speight eta 369 jarraitzaile atxilotu zituzten
2000ko azaroa. Armadaren matxinada batek porrot egin zuen. Zortzi soldadu hil zituzten, halere.
2001eko iraila. Laisenia Qarase fijiarra lehen ministro izendatu zuten.
2005eko uztaila. Voroge Bainimaramak ohartarazi zuen 2000ko estatu kolpearen egileentzako amnistia proposamena gauzatuz gero, berak Gobernua desegingo zuela.
2006ko maiatza. Qarasek ozta-ozta irabazi zituen hauteskundeak.
2006ko abendua. Bainimaramak estatu kolpea eman zuen.