Filipinetako armadak hiru gerrillaburu islamista hil dituela jakinarazi du, hego-mendebaldeko Jolo irlan egindako bonbardaketa batean. Mindanao Mendebaldeko buruzagi militar Noel Coballesen arabera, Abu Sayyaf talde islamista independentistaren kanpamendu bati eraso zioten hegazkinekin atzo, eta hamabortz gerrillari hil zituzten. Hiruren hilketa nabarmendu du armadak: Umbra Jumdailena, ustez Abu Sayyafeko buruzagietako bat; eta Zulfikli bin Hir Marwan-ena eta Abdullah Ali Muawiyah-ena, ustez Jemaa Islamiyah taldeko bi lider. Marwan bizirik edo hilda harrapatzeagatik 3,8 milioi euro eskaintzen zituzten AEBek, eta Muawiyahengatik 38.000 euro.
Parang, Jolo uharteko bigarren hirigune nagusitik gertu izan da bonbardaketa. Coballesen arabera, armadak «aitzinetik ongi prestatutako erasoa» izan da. Operazioa azken urteetan Asiako hego-ekialdean «terrorismoaren aurka egindako arrakastatsuena» izan dela erran du. Militarrek bereziki ustez Jemaa Islamiyaheko bi buruzagien hilketei eman diete garrantzia. Atzerritarrak dira biak —Marwan Malaysiakoa, eta Muwaiyah Singapurrekoa—. Armadak dioenez, Marwan 2006an ailegatu zen Filipinen hegoaldera Abu Sayyafeko gerrillariak lehergailuen erabileran trebatzeko. Muawiyak, berriz, Indonesiako Bali uharteko erasoen ondotik—2002an 200 lagun baino gehiago hil zituzten— Filipinetara ihes egin zuen. Jumdail, Abu Sayyafeko buruzagi garrantzitsuenetakotzat zuen armadak; bertzeak bertze, 2000. urtean Malaysiako Sipadan uhartean Mendebaldeko 21 turisten bahiketan zerikusia zuelakoan zebilen haren bila.
Musulman independentistak
Filipinetako, Indonesiako eta Mendebaldeko gobernuek Al-Qaedarekin lotzen dituzte Abu Sayyaf eta Jemaa Islamiyah taldeak. MNLF Askapen Nazionalerako Fronte Mairutik banatutako militanteek sortu zuten Abu Sayyaf 1990ko hamarkadan, Filipinen hegoaldeko Mindanao uhartearen ekialdean eta ondoko irletan errepublika islamiko independente bat sortzeko helburuarekin —herritar gehienak musulmanak dira eremu horretan—. Batez ere estatuko indarren aurka egin ditu erasoak, baina komunitate kristaua, eta Mendebaldeko indar militarrak —AEBetakoak bereziki— eta turistak ere izan ditu jomugan. Hain zuzen, Abu Sayyafi egotzi diote Mindanaoko hego-ekialdean bi ornitologo europar bahitzea herenegun. 2002az geroztik, AEBek 600 militar bidali dituzte Filipinetara hango armadari Abu Sayyafen eta herrialdearen hegoaldean dauden bertze gerrillen aurka laguntzeko, George Bush presidente zenean abiarazitako Askatasun Iraunkorra operazioaren baitan.
Jemma Islamiyah, berriz, Malaysian errefuxiatutako Indonesiako militanteek sortu zuten 1980ko hamarkada bukaeran. Asiaren hego-ekialdeko talde handiena da, eta Indonesian jarduten du gehienbat. Hari egotzitako eraso gogorrenak ere han izan dira. Haren eragina, ordea, Malaysiara, Thailandiara eta Filipinetara ere hedatu du, Mendebaldeko eta hango gobernuen arabera.
Filipinetako armadak hiru gerrillaburu islamista hil ditu aire eraso batean
Agintarien arabera, Jemaa Islamiyah taldekoak dira bi, eta bertzea, berriz, Abu Sayyafekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu