•1898. Espainiak AEBei saldu zien Filipinetako Artxipelago osoa, baita haren hegoaldeko Sulu sultanerria ere. Hamabi urte lehenago lurralde burujabe izendatu zuten arren, AEBen menpe geratu zen.
•1946. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Filipinetako Errepublika ezarri zuten, filipinar kristauen gidaritzapean. Botere banaketa horretan, kaltetuta eta ahaztuta geratu zen Bangsamoro, mairuen lurraldea: gobernuak hainbat kolonizazio politika sustatu zituen gehiengo musulmana sakabanatzeko.
•1968. Mindanaoko gazte islamista talde batek MNLF sortu zuen, Nazio Askapenerako Fronte Mairua. Urtebetera gerrilla taktikekin hasi ziren, eta Batzar Islamikoko Erakundeak Bangsamoroko ordezkaritzat hartu zuen segituan.
•1976. MNLFk lehenbiziko bake akordioa egin zuen gobernuarekin. Erreferendum bidez onartzekoak ziren, baina hark huts egin zuen, eta berriz hasi zen gatazka armatua.
•1977. MNLFren sektore batek MILF sortu zuen.
•1996. Tripoliko akordioak. Ordura arteko akordio zabalena adostu zuten Filipinetako Gobernuak eta MNLFk hegoaldeko eskualde musulmanetarako: Maguindanao eta Hego Lanao eskualdeetan eta Sulu, Tawi-Tawi eta Basilan uharteetan Mindanao Musulmaneko Eskualde Autonomoa (ARMM) eratzea onartu zuten, hamar urteren buruan autodeterminazioa lortzekotan.
•1997. Gobernuak eta MILFek su-etena sinatu zuten.
•2000. Joseph Estrada presidenteak gerra deklaratu zion MILFi, su-etena hautsiz. Gatazkaren garai odoltsuena hasi zen; ia milioi bat lagunek egin behar izan zuten ihes etxetik.
•2001. Irailaren 11ko atentatuen ondotik, AEBek arreta berezia ipini zuten Filipinetan. Bertako armadari laguntza handitu zioten, eta larritu egin zen herrialdeko gatazka armatua. Gloria Macapagal-Arroyo agintera heldu zenean, berriz adostu zuten menia, baina berehala hautsi zen: armadak MILFen egoitza nagusiari egin zion eraso.
•2003. Berriz adostu zuten su-etena, eta negoziatzen hasi ziren.
•2006. Ez aurrera eta ez atzera geratu ziren negoziazioak, eskualde autonomoari eman beharreko lur eremuaren eta natur baliabideen inguruan ados jarri ezinik.
•2008. Gobernuak eta MILFek eskualde autonomoa zabaltzea eta hango administrazioari eskumen gehiago ematea adostu zuten. Hegoaldeko ordezkari katolikoek, ordea, salaketa ipini zuten, haien iritzia kontuan hartu ez zutela argudiatuta, eta Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo zuen ituna. Horren ostean, berriz hasi zen gatazka armatua.
•2012. MILFek bake akordio orokorra adostu zuen gobernuarekin.
•2014ko urtarrilak 26. Bake itunaren xehetasun guztiak adostuta zeudela jakinarazi zuten MILFek eta gobernuak.
•2014ko martxoak 27. MILFek eta gobernuak behin betiko bake akordioa sinatu zuten.
Filipinetako erresistentzia islamikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu