Katalunia. Legebiltzarrerako hauteskundeak. David Fernandez. CUPeko hautagaia

«Finean, botere erreala parlamentutik kanpo dago»

Alderdien kontraesanak agerian uztera eta «ahotsik ez dutenen ahotsa eramatera» doa CUP alderdia legebiltzarrera, «hitz egiten ez den horretaz» hitz egitera.

Samara Velte.
Bartzelona
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lokal autogestionatu batean hartu du kazetaria David Fernandezek (Bartzelona, 1974). Ofizioz kazetaritzan eta kooperatibismoan aritzen da; Kataluniako politikagintzaren trapu zaharrak erakutsi dizkio batak, bizi eredu berriak posible direla besteak. Balio horiekin doa gaurko bozetara, CUP Candidatura d'Unitat Popular alderdi asanblearioaren buru. «Demokraziaren eta independentziaren esanahia berreskuratzera» datoz, politika etxetik egiten dela gogoraraztera: «Aldaketa instituzionala, berez, aldaketa sozial eta politiko baten azken urratsa baino ez da». Intsumisioa aldarrikatzen du CUPek. Atzo, hausnarketa eguna izanik, ez zuen ekitaldi politikoak egiteko debekua bete; Valentzian egin zuen azken ekitaldia, Herrialde Katalanen zati handi bat baztertuta gelditzen dela salatzeko.

CUP gerra ematera dator.

Krisiaren kudeatzaileei lana ematera dator, beraiek guri ematen digutena bezainbeste. Demokrazia, zentzurik osoenean, lapurtzen ari zaizkigu. Duela bost urtetik krisi berri bat dago: ardatza jada ez da ezker edo eskuin, espainiar edo katalan; goikoen eta behekoen artean dago orain bereizketa. Dena den, gerra ematera gatoz; baina ezkerraren porrot historikoaren jakitun, sarritan eskuinarekin amaitu duelako. Latinoamerikan diote boterea biolin bat bezala dela: ezkerrarekin eusten zaio, baina eskuinarekin jotzen da.

Zer egin du gaizki Generalitateak?

Azkenengo honek? Diktaduraz geroztiko murrizketarik okerrenak arlo sozioekonomikoan. Duela 40 egun, CiU itun fiskala aldarrikatzen ari zen, baina azken urtebetean onartu dituen lege garrantzitsuenak PPri esker onartu ditu. CiUk 34 urte daramatza Espainiaren batasuna bermatzen. Hala ere, egia da murrizketa horiek ezin zaizkiola soilik eskuinari leporatu: PSOEren gobernua hasi zen haiekin Espainian 2010ean, eta berehala segitu zion hemen hiruko gobernuak.

Nolakoa da zuek proposatzen duzuen burujabetza eredua?

Benetako independentzia eta herri burujabetza proposatzen ditugu. Gaur egun, errealitate soziala itxuratzen dutenak finantza merkatuak dira, eta independentziaren esanahiari buruzko hizkera oso sinplista erabili da. Guretzat, independentzia proiektu bat da, baina baita prozesu bat ere, askatasun politikoa, justizia eta berdintasuna ekarri behar dituena, bizitzeko eta lan egiteko baldintzak bermatuko dituena. Autodeterminazio soziala, eta ez egitura instituzional baten sorrera hutsa. Denok egin dezakegu politika; horregatik, gure konfiantza ez dago hainbeste legebiltzarrean, kalean baizik. Gure burua gobernatzen utziko diguten egitura politikoak sortu nahi ditugu.

Non egon zarete orain arte?

CUP, berez, 1978an sortu zen; trantsizioaren gezurra inoiz irentsi ez duten horietatik gatoz. Ez dugu ezer berririk asmatu: askatasun politiko eta justizia sozial gehiengorako eskaera konstante historiko bat izan da. Azken zikloa, ordea, 2003an hasi zen, independentismo katalan modernoaren moldaketa behar batetik abiatuta. Udal mailako antolaketa ezkertiar alternatibo eta berritzaile bati ekin genion, eta 2011n lortu genituen emaitza onenak: soilik udalen %10etara aurkeztuta, 65.000 boto lortu genituen: 101 zinegotzi eta lau udal gobernu.

Udal horiek zertan dira desberdin?

Demokrazia zintzo, dinamiko eta emankorrezko laborategiak dira; baita desobedientziazkoak ere. Masek uraren kudeaketa Acciona multinazional espainiarraren esku utzi duenean, CUPek gobernatutako udalek kudeaketa publiko baten alde egin dute. Hori izango da CUPen ekarpena: alternatibarik ez dagoela dioen dogma neoliberala haustea. Banku espekulatibo handiak badaude, badaude banku kooperatibo, etiko eta solidarioak ere. Nekazaritza suntsitzen duten banaketa kate handiak baldin badaude, existitzen dira kooperatibismoan oinarritutako bideak ere.

Parlamenturako bozetara aurkeztea ez da gehiegi obeditzea?

Neurri handi batean, izango da etsaiaren zelaian sartzea. Herritar sareen ahotsa eraman nahi dugu, iruditzen zaigulako ez duela ordezkaritzarik han. Alfonbra altxatzera goaz; herri honetan gobernantza publiko-pribatua egon da, eta ustelkeria kasu gehiegi. Horregatik, lehenik eta behin errealitate sozioekonomiko eta politikoa ikusarazten saiatuko gara, hizketagai bihurtzen ez duten hori. Ahotsik gabekoen ahotsa eramatera goaz, politika neoliberalak geldiarazten saiatzera, eta autodeterminazioaren barruan sortu nahi duten eragile instituzional berriarekin zorrotz izatera; baliteke iruzur berri baten atarian egotea.

Denentzako egurra banatu duzue. Ez dituzue lagun asko izango legebiltzarrean.

Egia da bataila horretatik kanpo mantendu garela, hauteskunde logikak perbertsoak direlako. Alderdietan oinarritutako egiturak krisian daude, eta politika negozio bihurtu dute. Harremanetan, zerbait berria sortzen denean, zaharra erresumindu egiten da. Pentsatu nahi dut kanpainan gertatzen dena kanpainan geratzen dela, baina negargarria iruditzen zait politikokeria merke hori, «baina zuk gehiago» dioen logika hori. Politika maskulinizatua da, testosteronaz betea; ea nor den ederragoa, nork esaten duen txorakeria handiena. Hortik at gaude gu: kanpaina kalean egin dugu. Mitinak barik, batzarrak egin ditugu, proiektua azaltzeko.

Ezkerreko alderdietatik, elkarlanerako aukerak aztertu ere egin nahi ez izatea leporatzen dizuete.

ERC eta ICVrekiko errespetu osoa dugu, baina proiektu desberdin bat gara; aurkeztea erabaki badugu, ordezkatzen ez gintuztelako da. Uste dut sakonki hausnartu behar dela zer den demokrazia Europako Batasunean. Ustez ezkerrekoa eta soberanista zen gobernu bat eduki dugu zortzi urtez, eta zertan aldatu da gizartea? Botere erreala, finean, ez dago parlamentuan, handik kanpo baizik. Aktibazioa errealitate sozialetik dator, kaletik; gizarte mailan existitzen ez dena ezin daiteke erreala izan hauteskunde mailan. Bozetarako bost asteren faltan goi bilera independentista bat antolatzea, Biltzar Nazional Katalana hor egonda... horri elektoralista baino ezin zaio deitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.