Joan den astean esana zuen De la Mazak Carme Forcadell parlamentuko presidentearentzeko eta mahaiko gainontzeko kideentzako eskatuko zituen kautelazko neurriak alda zitzakeela akusatuek egiten zituzten deklarazioen arabera. Fiskal nagusiaren esanetan, "gauzaren bat" alda daiteke, Forcadellek eta mahaiko kideek Espainiako Konstituzioari eta 155. artikuluaren aplikazioari men egiten badiote.
Zenbait berri agentziak adierazi dutenez, hala egin dute Forcadellek eta mahaiko kide dituen Lluis Corominasek eta Lluis Guinok: 155a obeditu dutela "agerikoa" dela adierazi dute, parlamentuak jarduna etena duelako. Horrez gain, "iturri judizialen arabera", akusatuek adierazi dute "sinbolikoa" dela urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak onartu zuen Kataluniako Errepublikaren deklarazioa.
Forcadellek erantzun egin die fiskaltzaren galdeei. Ez da Legebiltzarreko Mahaiko presidentea auzitegietara deklaratzera joan den lehen aldia, baina bai fiskaltzaren galderei erantzun diena. Estrategia aldaketaren erakusle da. Deklaratu duten mahaiko gainerako kideek ere fiskalari erantzun diote.
Hala ere, Espainiako Fiskaltzak Forcadell espetxeratzeko galdegin du, baita Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo eta Ramona Barrufet ere. Azken horrentzat, ordea, kartzela saihesteko aukera eskatu du, 50.000 euroko bermea baldintza gisa ezarrita. Joan Josep Nuet aske uzteko eskatu du.
Bestalde, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordearen eta Generalitateko beste zazpi kontseilariren helegitea aztertu du gaur Auzitegi Nazionalak. Espetxean dira zortziak, kautelazko neurri gisa, eta defentsak haiek aske uztea eskatu du. Auzitegi Nazionalak baztertu egin du eskari hori. El País egunkariak adierazi duenez, De la Maza prest legoke Generalitateko kontseilarien espetxeratzea berriz aztertzeko, Kataluniako Gobernuko kideek konstituzioa betetzeko borondatea agertuko balute.