Fiskaltzak artxibatu egin du CUP legez kanporatzeko eskatzen zuen salaketa

Herritar batek jarri du salaketa, eta CUP "desegiteko" eskatu du, "indarkeria ekintza baieztagarriak" egin dituela eta Espainiako Konstituzioaren aurka jardun duela argudiatuta. Artxibatu egin duela esan du fiskaltzak, baina alderdi independentistak legez kanporatzeko salaketa gehiago iragarri ditu Vox alderdiak.

David Fernandez eta Anna Gabriel CUPeko kideak, urriaren 1eko erreferendumaren hauteskunde kanpaina amaierako alderdi ekitaldian. TONI ALBIR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko azaroaren 3a
12:45
Entzun

Vozpopuli hedabideak aurreratu du albistea, salaketaren dokumentu eta guzti. Handik minutu batzutara, Espainiako Fiskaltza Nagusiko iturriek baieztatu dute salaketa jaso dutela, baina dagoeneko artxibatua dagoela, eta ikertzeko inolako dilijentziarik ez duela egin.

Salaketak jasotzen duenez, CUPek "legez kanpoko ekintzak, konstituzioaren aurkakoak eta zuzenbide estatuari eraso egiten diotenak" gauzatu ditu. Alderdiak "elkarretaratze iskanbilatsuak" antolatu dituela ziurtatu du salatzaileak, baita "espazio publikoaren okupazioa eta estatuko segurtasun indarren zirikatzea" sustatu dituela ere.

Idatzian nabarmendu dute Guardia Zibila irailaren 20an Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritza miatzen ari zen bitartean Poliziaren hainbat autori kalte egin ziotela. Kalte horiek "CUPeko agintariek sustatutako irizpideen ondorioz" gertatu ziren, salaketaren arabera. Mireia Boya eta Eulalia Reguan CUPeko kideak Guardia Zibilaren autoetara igo zirela diote idatzian.

Bestalde, salatzailearen iritziz, CUPeko kideek "amorruz" erantzun zioten estatuko segurtasun indarren jardunari, "Bartzelonako kaleetan mobilizazioetara deituz". Mobilizazio horiek Ekonomia Kontseilaritzaren miaketa oztopatu zutela nabarmendu dute. Hala, idatziaren esanetan, CUPek "indarkeriaren erabilerari bide eman dio, eta zilegitasuna aitortu dio, helburu politiko bat lortzeko". 

Alderdien Legeak baldintza gisa zehazten du indarkeria erabiltzea edo haren erabilera justifikatzea, alderdi politiko bat legez kanpo uzteko arrazoi gisa, eta salatzailea argudiaketa hori lotzen saiatu da.

PDECat, ERC eta CUP legez kanporatu nahian

Albiste horiek ezagutu eta berehala, Vox alderdiak jakinarazi du bere asmoa: legezko bideari ekingo dio PDECat, ERC eta CUP abenduaren 21eko hauteskundeetatik kanpo uzteko. Voxek uste du "estatu kolpe bat" eman zutela alderdi horiek, independentzia deklaratuta, eta legez kanporatzeko eskatuko du bihartik aurrera.

PPko zenbait kide esanguratsuk plazaratu izan dute alderdi independentistak legez kanporatzeko aukera. PPko komunikazio idazkariorde Pablo Casadok "independentzia aldarrikatzen duten alderdien legez kanporatzea tipifikatzea" eskatu zuen. Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren buruak, berriz, independentzia jasotzen duten "hauteskunde programak" legez kanpo uztea galdegin izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.