Flandriako N-VAk kolokan jarri du gobernu federala koaliziotik irtenda

Gobernuak onartu du estatuaren erreforma valoniarrekin negoziatzea, baita N-VA independentistekin aliatutako CD&V ere

2008ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Belgikako egoera politikoa gero eta nahasiagoa da. Hala ematen du asteburuko eta atzoko gertakarien ostean. Estatu federalaren erreformari buruz bideak zabaltzeko xedean, Alberto II.a erregeak iragan uztailean izendatu zituen hiru bitartekariek ostiralean plazaratutako txostenaren edukiak du krisia politikoa beste behin suspertu. Eginiko proposamenei uko eginda, N-VA Flandriako alderdi independentistak herenegun erabaki zuen Yves Leterme buru duen koalizio gobernu federalari babesa kentzea. Bide horretan ez dio jarraitu, baina, koaliziokide duen CD&V alderdiak; Flandriako Gobernuak erabaki baitu valoniarrekin batera Estatuaren erreformari buruznegoziazioak berriz abiatzea.

Gante hirian igandean kongresuan bildutako N-VA Flandriako Aliantza Berri alderdi independentistako 1.600 ordezkarietatikgehienek erabaki zuten Yves Leterme buru duen Belgikako gobernu federalari sostengua kentzea; CD&V Flandriako Alderdi Kristau-demokratarekin aliantzan aurkeztu ziren azken bozetan independentistak eta bi alderdien arteko ezadostasunak gero eta ageriagoak dira.

Bart de Wever N-VAko presidenteak bitartekariek proposatutako elkarrizketa bidea zergatik arbuiatu duten azaldu du: «Aspalditik pairatzen ditugun arazoak irtenbiderik gabe geratuko dira, konponketarako bideak ez baditugu flandriar eta valoniarren eskuetan jartzen». Belgikako estatu federalaren krisia amaitzeko bidea eredu konfederala ezartzea dela gogorarazi du horrela De Weverrek.

N-VAk gaizki hartu du, halaber, erregeak izendatutako hiru bitartekariek BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren auzian jarrera ausartik hartu ez izana. N-VAk, baita haren aliatu CDVk ere, BHV barrutiaren banatzea eskatzen dute, gehiengoan diren udalerri flandriarrek nederlanderazko hiztunen araberako eskumen mailak eskura ditzaten, egun frantses hiztunekin bat eginda ezinezko baitzaie hori.

Bart de Weverrek beste alderdi flandriarrei «ausardiaz eta koherentziaz jokatzeko» deia egin die: «Behingoz, Flandriaren onerako aurrera egiteko eta Belgikako politikari gisa jarduten uzteko eskatzen dizuet».

Geert Bourgeois Flandriako Gobernuko Atzerri, Turismo eta Hedabideetarako ministroak (N-VA), ildo horretan, dimisioa eman du bertako koalizioa hautsiz -bera zen alderdi independentistak koalizioan zuen ministro bakarra-. Bourgeoisen dimisioa ez da ezustekoa izan ostiralean bertan egin zituen adierazpenei erreparatuta: «Hamasei hilabeteotako elkarrizketak emaitzarik gabe geratu direlarik, ez dugu gure herritarrekin iruzurrez jokatu nahi; boto emaileei bekoz beko eta lotsarik gabe begiratu nahi diegu».

Ezadostasunak Flandrian

Flandriako Gobernuan ordezkatuta dauden beste indar politikoek -SP.A Alderdi Sozialista-Ezberdina, Open VLD Flandriako Liberal Demokraten koalizioa eta CD&V kristau-demokratak beraiek ere-, bestetik, aho batez erabaki dute estatu federalaren erreformari buruz valoniarrekiko negoziazioak sustatzea. Alta bada, joan den ostiralean, bitartekarien proposamen ardatzak ez zituela egokitzat hartzen jakinarazi zuen Flandriako Gobernuak. Yves Leterme lehen ministroari, ildo horretan, argibideak eskatu zizkion. N-VA independentistak izan ezik, gainontzeko alderdi politikoak, baina, iritziz aldatu eta negoziaziok onartu dituzte orain.

Kris Peeters Flandriako Gobernuko buruak atzo goizean bertan eman zizkien azalpenak koalizioko kideei eta argibide hauen ostean ebatzi zuten valoniarrekin hizketan jarraitzea. Dirk Van Mechelen -Open VLD- Flandriako Gobernuko presidenteordearen hitzetan beharrezkoa da frantses hiztunekin hitz egiten jarraitzea elkarrizketa bideari «bururaino» joateko aukera emateko». Franck Vandenbroucke -SP.A- presidenteordea ere iritzi berekoa da.

Geert Bourgeois independentista «atsekabetuta» agertu da koalizio kideekin eta, haren ustez, CDVrekiko koalizioa etengo da. Marianne Thyssen CD&Vko presidentearen hitzetan, baina, koalizioa oraindik ez da hautsi: «Hurrengo egunetan ikusiko dugu gauzak nola moldatzen diren».



Elkarrizketak emaitzarik gabe geratu direlarik, ez dugu gure herritarrekin iruzurrez jokatu nahi»

geert bourgeois
N-VA Flandriako Aliantza Berriko kidea
«N-VArekiko koalizioa ez da eten; gauzak nola moldatzen diren ikusiko da hurrengo egunetan»

marianne thyssen
CD&V kristau-demokraten presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.