AEB-ak

Floyd hil zuen polizia ohiaren kontrako epaia mugarri izatea espero dute

Epaimahaiak erruduntzat jo du Chauvin delitu guztietan, eta baliteke 40 urte inguruko zigorra jasotzea. Black Lives Matter mugimenduak pozez eta zuhurtzia handiz hartu du erabakia.

George Floyden erretratua, Minneapolisen, atzo. CRAIG LASSIG / EFE
ander perez zala
2021eko apirilaren 20a
23:16
Entzun

Derek Chauvin AEB Ameriketako Estatu Batuetako polizia ohiaren kontrako epaiak erabakigarria izatearen itxura hartu du, baina oraindik zalantza handiak daude azkenean mugarri bilakatuko ote den. Halere, poza izan da nagusi Minneapolisen eta herrialdeko hainbat hiritan, epaimahaiak bere erabakiaren berri eman duenetik: Chauvin erruduntzat jo du delitu guztietan. George Floyd afro-amerikarra hil zuen iragan urtean, belauna bere lepoan bederatzi minutu baino gehiagoz jarrita, eta kasuak munduari bira egin zion, herrialde askotan manifestazioak eragiteraino.

Beltzen eskubideen aldeko eta arrazakeriaren aurkako elkarteek ongi etorria eman diote polizia ohiaren kontrako sententziari, nahiz eta ohartarazi duten funtsean dagoen arazoa ez dela oraindik konpondu; poza eta zuhurtzia nabari da haien hitzetan, datozen urteei begira. «Espero dugu epai honek erakutsiko duela supremazismo zuriak ez duela irabaziko», ohartarazi du BLM Black Lives Matter mugimenduak, ohar baten bidez: «Supremazismo zuriak ez du tokirik demokrazian». Floyden sendiak, berriz, adierazi du «arnasa berriz hartzeko gai» izango direla.

Chauvini bigarren graduko erailketa, hirugarren gradukoa eta nahi gabeko hilketa delituak leporatu zizkioten, eta hiruretan errudun dela ebatzi du epaimahaiak. Hortaz, baliteke 40 urte inguruko zigorra ezartzea: kargu larrienarengatik, kopuru hori; hirugarren graduko hilketarengatik, 25 urte artekoa; eta bigarren graduko giza hilketagatik, hamar urtera artekoa. 

Peter Cahill epaileak jakinarazi du ekainaren erdira edo amaiera aldera jakinaraziko dutela polizia ohiak zenbat denbora pasatu beharko duen espetxean; AEBetan, ez dira ohikoak agenteen kontrako zigorrak, eta, hortaz, litekeena da bi hilabete barru jakinaraziko dutena inflexio puntu bat izatea.

Arreta, orain, AEBetako Gobernuaren erabaki eta ekimenetan dago jarria. Justizia Departamentuak ikerketa bat abiatu berri du, argitzeko Minneapolisko Poliziak ba ote duen «eskubide zibilak urratzen dituen praktikarik».

Era berean, Joe Biden AEBetako presidenteak Kongresuko ordezkari politikoei dei egin die polizien jarduna moldatzeko helburua duen lege proiektua onartzeko: «Egiazko aldaketa eta erreformak lortzeko, beharrezkoa da askoz ere gehiago egitea modu horretako tragediak berriz gerta ez daitezen». Iragan urtean Ordezkarien Ganberaren baiezkoa jaso zuen, baina ez Senatuarena; orain, Bidenek espero du zenbait senatarik iritzia aldatuko dutela, eta horregatik aurkeztu du berriz.

Besteak beste, proposatzen du poliziek entrenamendu bat jasotzea «profilaren araberako ebaluazioa» diskriminatzailea izan ez dadin, eta murriztu egingo lieke arma batzuen erabilera. Kamala Harris AEBetako presidenteordearen arabera, lege proiektu hori «George Floyden legatuaren parte» da; ofizialki, George Floyd Justizia Zaintza Polizialean Legea deitzen da.

Aurten, azken hilketa ez da Floydena izan: Poliziak 16 urteko gazte afro-amerikar bat hil zuen atzo gauean, Columbus hirian (Ohio, AEB). Agenteek emandako bertsioaren arabera, Ma'Khia Bryantek labana bat zuen eskuan, eta bi pertsona mehatxatzen ari zen. Ez dute argitara eman tiro egin zuen poliziaren identitatea, baina agintariek jakinarazi dute lan egiteari utzi diola behin-behinean.

Iaz 1.127 lagun hil ziren segurtasun indarrekin izandako hartu-eman baten ostean, eta soilik hamasei agente inputatu zituzten; biktimetako %28 beltzak ziren, AEBetako biztanleriaren %13 izan arren, Mapping Police Violenceren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.