Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohia espetxetik atera dira gaur goizean, baimen bati esker. Biei Espetxe Araudiko 100,2 artikulua ezarri diete, eta beren senideak zaintzeko baimena jaso dute. Artikulu beraren bidez jaso dituzte espetxe baimenak Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak ere.
Forcadellek Mas d'Enric espetxea utzi du goizean. Joan den asteazkenean, astean hiru egunetan kartzela uzteko baimena aitortu zion espetxeko tratamendu batzordeak, boluntario gisa lan egiteko eta bere ama zaindu ahal izateko. Forcadellek lehenengoz utzi du kartzela, 2018ko martxoaren 23an Espainiako Auzitegi Gorenak espetxera bidali zuenetik.<br />Kartzelatik irten eta gutxira, parlamentuko presidente ohiak bere argazki bat zabaldu du Twitterren, Mas d'Enriceko espetxetik irteten. Persistim. pic.twitter.com/b8CPV5BNAg
— Carme Forcadell (@ForcadellCarme) February 17, 2020
Bassak Puig de les Basseseko kartzela utzi du goizean. Bere ahizpa eta beste hainbat senide zituen zain espetxe atarian. Bassak ere bere argazki bat zabaldu du sare sozialetan. "Lehenengo irteera, 100.2 artikuluarekin. Ez da askatasuna.", adierazi du.
Primera sortida per l’article 100.2 No és la llibertat. Seguim! pic.twitter.com/k2BTzIfyhk
— Dolors Bassa (@dolorsbassac) February 17, 2020
Espetxe onura kartzelako tratamendu batzordeak onartu bezain laster jarri da indarrean, baina espetxe zaintzako epaitegiak oniritzia eman behar dio erabakiari. Parlamentuko presidente ohiak espetxean igaro beharko du gaua egunero.
Lledonersko espetxeko (Herrialde Katalanak) tratamendu batzordeak ere espetxetik irteteko baimena aitortu zien Cuixarti eta Sanchezi. Sanchezek egunean 11 ordu igaro ditzake kartzelatik kanpo, astean hiru egunetan, borondatezko lana egiteko. Cuixartek, berriz, astean bost egunetan egin dezake lan, 9,5 ordu egunean. Biek kartzelara itzuli behar dute lotara.