Hitzaldien ostean egin zen bozketaren emaitzak arratsaldeko 19:00ak baino apurtxo bat lehenago jakinarazi zituzten eta harridura galanta eragin zuten, boto bakar baten gehiengoarekin onartuta geratu baitzen ituna erreformatzeko testua; izan ere, 906legebiltzarkideetatik 905k eman zuten botoa eta, balizkoak 896 izan zirenez, testuak aldeko 538 boz, hots, emandako botoen %60, behar zituen lortu, aurrera aterako bazen. Bozketa elektronikoen emaitzak jasotzeaz gainera, eskuzko zenbaketa ere egin zen. Bi zenbaketak bat etorri ziren baiezkoari 539 boto emateko eta ezezkoari 357 boto. Hortaz, boto bakar bateko gehiengoarekin ontzat eman zen 1958ko Konstituzioari egin zaion 24. erreforma.
Oposizioaren kritikak
Kongresuaren emaitza estu-estua gertatu aurretik, François Fillon lehen ministroak testuari baiezkoa emateko dei sutsua egin zien legebiltzarkideei: «Gaur hartuko den erabakiarekin, Frantziaren etorkizunerako aurpegia da diseinatuko, eta hori luzarorako. Egun aukeratu egin behar duzue Frantziako Errepublika biziberritzearen eta bere horretan uztearen artean; gainontzeko guztiak hitz antzuak besterik ez dira ».
Ezezkoa emateko jarrera tinkoari eutsi zioten ezkerreko indarrek. Testuan oposizioaren eskubideak bermatzeko adina aldaketa ez direla egin argudiatu dute ezkerreko senatari eta diputatuek. Alabaina, Jack Lang Hezkuntza Nazionaleko eta Kulturako ministro izandako burukide sozialistak bere alderdiaren gomendioei muzin egin eta testuaren alde bozkatu zuen. Jarrera hau «saldukeriatzat» jo zuten agintari sozialistek, eta François Hollande idazkari nagusiak testuak aurrera egitearen erantzuletzat jo zuen: «Zorrak atera beharko dizkiogu». Arnaud Montebourg diputatu sozialistak, berriz, «monokrazia» baten erakuntza salatu zuen: «Boto bakar batek zilegitutako monokrazia hori gure demokraziaren ahultasun seinale da eta arrisku handi bat etorkizunerako».
Aldaketa mordoa
Nicolas Sarkozy presidenteak orain dela urtebete iragarritako eta Edouard Balladur lehen ministro ohia buru zuen lan talde batek atondutako erreforma honek aldaketa nagusi mordoa dakar. Botere legegileari eskumen gehiago ematen dizkio eta presidentearenak mugatzen ditu. Herritarrei, aldi berean, orain arte ez zituzten eskubideak aitortzen dizkie, tartean erreferendumera deitzeko eskubidea.
Europako Batasunaren hedapena kolokan jartzea eragin lezake etorkizunean, itun berria aintzat hartuz, Frantziak; estatu berri baten sarrera onartzeko erreferenduma egin beharko baita; baldin eta parlamentarien hiru bostenak presidenteari bide parlamentarioa baliatzeko eskatzen ez badiote. Turkiari EBn sartzeko ateak itxi ahal dizkio, beraz, Frantziak.
«Frantziako Errepublika biziberritu edo bere horretan uztearen artean aukeratu behar duzue»
francois fillon
Frantziako lehen ministroa
«Boto bakar batek zilegitutako monokrazia hori gure demokraziaren ahultasun seinale da»
arnaud montebourg
Alderdi Sozialistako diputatua
Ganbera biko sistema
Frantzian ganbera biko sistema dago; behe ganberak eta goi ganberak osatzen dute Parlamentua. Asanblea Nazionalak -behe ganbera- 577 diputatu ditu. Herritarrek aukeratzen dituzte diputatuak eta bost urteko agintaldia dute. Senatuak -goi ganbera-, berriz, 331 ordezkari ditu, baina aurten egitekoa den erreformaren ostean 341 izango ditu. Lege ekimenak Gobernuarenak-lege proiektuak- edo diputatuenak-lege proposamenak- dira. Asanblea Nazionalak eta Senatuak akordioa lortu ezean, azken hitza diputatuena izatea erabaki dezake, prozedura berezi baten bidez, Frantziako Gobernuak.1958
Konstituzioaren 24. erreforma. Frantziako V. Errepublikako Konstituzioa 1958ko irailaren 28an onartu zen, erreferendum bidez. Itunaren 24. erreforma da oraingoa. Itunak 89 artikulu zituen eta horien erdiak moldatu dira, botere legegileari eskumen gehiago emateko.Irlandak Lisboako Itunari emandako ezetzaren argudioak entzun ditu Sarkozyk
Frantziak Europako Batasuneko behin-behineko presidentetza hartu zuenetik aurreneko bidaia ofiziala nora eta Irlandara egin du Nicolas Sarkozy presidenteak. Brian Cowen Irlandako lehen ministroarekin bildu eta krisitik ateratzeko «elkarlanean» aritzeko konpromisoa hartu zuten biek. Irlandak Lisboako Itunari ezetz esan zion iragan ekainaren 12an egindako erreferendumean. Bidaiaren asmoa ez zela «irtenbidea inposatzea» baizik eta ezetzaren argudioak entzutea jakinarazi zuen Sarkozyk. Aurreko astean galdeketa berriz egin beharko zela adierazi bazuen ere, orain herritarren erabakia errespetatu beharrekoa dela eman du aditzera Sarkozyk.
Aldaketak
ATZERRI POLITIKAEuropako Batasuna. Estatu berri bat onartzeko, herri galdeketa egin beharko da. Parlamentuaren hiru bostenak eskatzen badu, presidenteari bide parlamentarioaren bidez onartzea eskatu ahal izango zaio.
Armada. Asanblea Nazionalaren babesa beharko da lau hilabete baino luzeagoak diren operazio militarrak egiteko.
PRESIDENTEA
Agintaldia. Presidenteak ezingo du bost urteko bi agintaldi baino gehiago bete.
Eskubidea. Parlamentuan argibideak emateko eskubidea izango du. Eztabaida egin daiteke ondoren, baina ez bozketarik.
Eskumenak. Konstituzioak aitortzen dizkion ohiz kanpoko eskumenak mugatuak izango dira krisi larri baten aurrean. Magistraturaren Kontseilu Goreneko buru izateari utziko dio.
Amnistia. Ezin izango du amnistia orokorra eman.
PARLAMENTUA
Beto eskubidea. Estatuburuaren izendapenak atzera bota ahal izango ditu botoen hiru bostenekin. Lege bat blokeatuta gelditzekotan, presidenteak soilik aldi batez baliatu ahal izango du agintaldiko legea onartzeko ahalmena.
Saioak. Asanblea Nazionaleko gai zerrendaren erdia diputatuek finkatuko dute eta beste erdia Gobernuak. Oposizioak hilean behin zehaztuko du gai zerrenda.
HERRITARRAK
Galdeketak. Erreferendumak antolatzea zilegi izango da. Parlamentuaren hiru bostenak eskatu beharko du, hautesleen %10en babesarekin.
Eskubideak. Kontseilu Konstituzionalean helegitea jarri ahal izango dute. Herritarren eskubideak defendatzeko erakundea sortuko da.