Urtea hasi zenetik Frantziako gendarmeek 10.000 migratzaile kanporatu dituzte, iaz baino %29 gehiago, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko asmoa iragarri du Frantziako Gobernuak. Horretarako, Espainia eta Marokorekin elkarlana bultzatuko du Emmanuel Macronen gobernuak.
Chritophe Castaner Barne ministroak iragarri duenez, datozen aste eta hilabeteetan gogortu egingo dituzte migratzaileen kontrako neurriak. "Baliabideak jarri ditugu, eta indartu egingo ditugu. Hori egiteko, Parisen argudio nagusietako bat da "migratzaile ekonomikoak" direla muga igarotzen ahalegintzen direnetako gehienak, eta, beraz, ohartarazten du asiloa "gutxi batzuentzat" soilik izango dela.
Italian Lega Nord eta M5S mugimendua koalizio gobernuan sartu zirenetik %95 jaitsi da Europara Italiatik sartzen ahalegintzen direnen kopurua, Parisen arabera. "Orain, Espainia da sarbide nagusia", esan du Castanerrek. Hori dela eta, iragarri du ostegun-ostiraletan Marokora joango dela "muga zorrotzago zaindu" dezala eskatzeko.
"Helburua bide osoa zaintzea da, Europako mugak babestu eta arazoari aurre egiten dioten herrialdeekiko elkartasunez jokatuz", adierazi du ministroak.