Frantziako eta Maliko armadak Azawaden barneratzen hasi dira

Islamisten esku dagoen Gao hiri nagusitik 250 kilometrora ailegatu dira tropak, Hombori hiriraino

mikel rodriguez
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Frantziako eta Maliko armada Azawaden barneratzen hasi dira, Afrikako herrialdeen tropak hedatzeari itxaron gabe. Joan den astelehenean Douentza hiria hartu ondoren, handik 150 kilometro ekialderantz egin dute, Homboriraino. Hiri hori Mopti eta Gao lotzen dituen errepide nagusian dago. Gao da Azawadeko hiru hiri nagusietako bat, eta Frantziako eta Maliko tropen lehentasuna da hura hartzea. Atzo bertan, adibidez, hegazkinek Gao inguruan egindako bonbardaketen irudiak argitaratu zituzten Frantziako hedabideek. Homboritik 250 kilometro ekialdera dago Gao.

France 24 kateak bildutako testigantzen arabera, soldaduak hainbat orduz egon ziren Homborin, berriz ere mendebalderantz bueltatu arte. «Hirian islamistarik ba ote zegoen galdetu digute, eta joanak direla erran diegu», azaldu dio Maouloud Daou herritarrak Frantziako telebistari. Homborik 23.000 biztanle inguru ditu, eta Mopti eskualdearen ipar-ekialdeko muturrean dago. Songhai etniakoak dira hango herritar gehienak. Azawadeko independentistek beren lurraldearen zati dela aldarrikatzen dute. Mujao Afrika Mendebaldeko Batasunaren eta Jihadaren Mugimenduak kontrolpean hartu zuen iaz.

Hurrengo hilean Gao eta Tonbuktu hartzeko asmoa agertu dute Frantziako eta Maliko militarrek. Kidalekin batera, Azawadeko hiri nagusiak dira horiek—Kidal iparralderago dago, Aljeriako mugan—. François Hollande Frantziako presidenteak Afrikako herrialdeei lehenbailehen utzi nahi die eginkizunaren «pisua», joan den asteartean erran zuenez; oraingoz, ordea, lau herrialdetako 1.000 soldadu inguru ailegatu dira Malira —Frantziak 2.000tik goiti ditu—.

Matxino islamistek atzo egindako ekintza batek, gainera, Afrikako tropen parte hartzea gibelatu dezake; izan ere, Nigerko mugatik 60 kilometrora dagoen zubi estrategiko bat bota dute lehergailuekin —Tassiga zubia—, Maliko agintariek jakinarazi dutenez. Nigerko 500 soldadu inguru daude Ouallam hirian, Azawadetik gertu, eta Txadeko bertze 2.000 militar elkartzekoak zaizkie, muga gurutzatzeko. Tassiga zubia, baina, Gaorako bide nagusian dago. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Elkarte Ekonomikoko herrialdeetako buruzagi militarrek larrialdiko bilera bat eginen dute gaur Boli Kostan, egoera aztertzeko.

AEBen irakaspenak

Azken egunetan Maliko armadari egotzitako hilketen harira, Carter Ham AEBetako jeneralak adierazpen polemikoak egin ditu. Autokritika itxura emanez, Hamek erran du AEBek Maliko militarrak entrenatu zituztenean ez ziotela «behar bertzeko arreta» paratu «balioen, etikaren eta balio militarren irakaspenari». Horrela, salatutako gehiegikeriekin zerikusia dutela saihesteaz gain, AEBetako armadaren portaera eredugarritzat aurkeztu du jeneralak. Africom AEBek 2007an Afrikarako eratutako aginte militar bereziaren buruzagia da Ham. Maliko junta militar kolpistaren buruzagi Amadou Haya Sanogo kapitaina 2004-2010 artean AEBetako hainbat base militarretan trebatu zuten. Iazko martxoan eman zuen estatu kolpea Bamakon.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.