Wikileaks zabaltzen ari den informazioa eragozteko, webgune horri laguntza teknikoa ematen dioten hornitzaileengana jo dute hainbat gobernuk. Ostegunean, Amazonek erabaki zuen Wikileaks domeinurik gabe uztea, Joe Lieberman AEBetako Senatuko segurtasun batzordeko buruaren presioa jaso ondoren. Atzo, berriz, Eric Besson Frantziako Industria ministroak azalpenak eskatu zizkion OVH zerbitzariari, Wikileaks bere bitartez funtzionatzen ari zelako.
«Frantziak ezin die harrerarik egin beste batzuek kriminaltzat jotako webguneei», argudiatu du Bessonek. OVHk erantzun dio gobernuak ezin duela webgune bat itxi, erabakia epaileen esku dagoelako. Balizko debekuak ez luke, ordea, ondorio praktiko handirik izango, Julian Assange kazetaria buru duen webguneak Suitzako Alderdi Pirataren laguntza lortu duelako sarean jarraitzeko. Herbehereetan, Alemanian eta Finlandian ere webguneak eskuratu ditu.
Bigarren atxilotze agindua
Assange atxilotzeko euroagindua bidali zion berriro atzo Suediako fiskaltzak Erresuma Batuko Poliziari, eta atxiloketa «edozein unetan» gerta zitekeela aurreratu zuen arratsaldean BBCk. Uste denez, Assange Ingalaterra hegoaldeko etxe batean dago ezkutatuta. Abuztuan, herrialde hartara joan zenean, bi emakume bortxatu izana leporatzen diote Assangeri. Salaketa ukatu du kazetariak, eta Wikileaks isilarazteko amarrua dela ziurtatu du.
Londresko The Guardian egunkariko irakurleekin izandako elkarrizketa digitalean, Assangek ziurtatu du bere bizia arriskuan dagoela, eta mehatxuen atzean AEBak daudela iradoki du: «Superpotentzia baten aurka gabiltzan neurrian, ahal ditugun babes neurriak hartzen ari gara». Bera edo bere ingurukoak hiltzeak agirien kaleratzea eragotziko ez duela esan du Assangek, «AEBei eta beste herrialde batzuei buruzko informazio esanguratsua» jasoko luketelako automatikoki 100.000 lagunetik gora.
Frantziako Gobernuak ere bidea itxi nahi dio Wikileaks atariari
Heriotza mehatxuak jaso arren agiriak kaleratzen jarraituko duela jakinarazi du Julian Assangek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu