Frantziako Gobernuak aitzina eginen du Immigrazio Legearekin, Bornen arabera

Macronek salatu du oposizioek «herrialdea blokeatzeko» ahalegina egin dutela Asanblean. Frantziako Gobernuak batzorde misto bat eratuko du legea aitzina eramateko, «ahal bezain fite».

Gerald Darmanin.
Gerald Darmanin Barne ministroa, artxiboko irudi batean. MOHAMMED BADRA / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 12a
17:25
Entzun

Asilo eta Immigrazio Lege proiektuak uste baino eztabaida handiagoa eragin du Frantziako testuinguru politikoan. Barne ministro Gerald Darmaninek bultzatutako legea atzo eztabaidatzekoak ziren Frantziako Asanblean, baina ekologistek mozio bat aurkeztu zuten legea atzera botatzeko, eztabaida hasi aitzin, eta diputatuen gehiengoak babestu zuen: ezkerreko alderdien babesaz gain, Errepublikanoen eta Batasun Nazionalaren babesa ere jaso zuen. Frantziako Gobernuarentzat porrot politikoa izan da. Halere, Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak adierazi du ez dutela gibelera eginen, eta, beraz, batzorde misto bat eratuko dutela lege proposamena berriz lantzeko, «ahal bezain fite». Batzorde misto hori zazpi diputatuk eta zazpi senatarik osatuko dute.

Senatuan, testua aztertzeko eskumena duen batzordeari dagokio, talde politikoetako presidenteei galdetu ondoren, batzorde mistoan parte hartuko duten senatariak izendatzea. Asanblea Nazionalean, taldeetako lehendakariek zuzenean jakinaraziko diote Asanbleako lehendakariari beren ordezkarien izena. Ondotik, hautetsiek lege proposamenaren inguruko eztabaida eginen dute, eta adostasun batera iristea izanen da beren zeregina.

Gero, gobernuak zuzenketak egiten ahalko dizkio ondutako testuari. Zuzenketa horiek jaso ondotik, Senatuak eta Asanbleak testua onetsi beharko dute berriz —osoki onartu ala osoki atzera botako dute, ez baitute artikulu bakoitzaren inguruko eztabaidarik eginen—. Testu bat adostuko balute, gobernuak promulgatu egin beharko luke. Haatik, batzorde mistoa ez bada ados jartzen testu baten inguruan, gobernuak ahalmena izanen du joan-jinkari parlamentarioa berriz aktibatzeko —legeak egiteko prozesu normala berriz abiarazteko, alegia—. Aterabiderik atzeman ezean, gobernuak Asanbleari eman beharko lioke azken bertsioa egiteko eskumena.

Dena den, bi ganberek adostasunik lortuko ez balute, Frantziako Gobernuak legea indarrez onartzeko aukera izanen luke, 49.3 artikuluaren bidez. 2022ko maiatzean lehen ministro izendatu zutenetik, Elisabeth Bornek jadanik hogei aldiz baliatu du artikulu hori legeak gehiengoaren babesik gabe onartzeko.

Gobernua, «determinatua»

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erran duenez, «agerian gelditu da oposizioek herrialdea blokeatzeko egindako aliantza». Bi oposizioek egindako joko politikoa «zinikoa eta koherentziarik gabekoa» dela uste du. Bornek argi utzi du «determinazio berarekin» segituko dutela lege proiektua defendatzen. Macronek errepikatu du lege proiektuak «oreka atxikitzen» duela, eta «legez kanpoko immigrazioaren aurkako borroka, immigrazio ekonomikoa eta integrazio hobea» sustatzen dituela.

Ezkerreko diputatuen arabera, ordea, legea zorrotzegia da, eta ez ditu papergabeen eskubideak bermatzen. Eskuinaren eta eskuin muturraren arabera, berriz, legea ez da nahiko gogorra, eta uste dute ez duela «immigrazioa geldituko». Bada, argumentu erabat kontrakoak izanik ere, oposizioek lege proiektuaren eta, nolabait ere, Frantziako Gobernuaren kontrako seinale bat igorri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.