Frantzia

Frantziako Justizia ministroa inputatu dute, interes gatazkagatik

Errepublikako Justizia Auzitegiak haren kargua epaile batzuekin kontuak garbitzeko erabili izana egotzi dio Eric Dupond-Morettiri.

Eric Dupond-Moretti Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE
ander perez zala
2021eko uztailaren 16a
16:49
Entzun

Sei ordu iraun duen galdeketaren ostean, CJR Errepublikako Justizia Auzitegiak erabaki du Eric Dupond-Moretti Frantziako Justizia ministroa inputatzea, «interesen legez kanpoko gatazka» delituagatik. Epaileek uste dute nahikoa zantzu daudela krimen hori egozteko; hau da, Dupond-Morettik haren postua desadostasunak dituen epaile batzuekin kontuak garbitzeko erabili duela —abokatua da ofizioz—. Lehen aldia da Justizia ministro karguduna delitu batengatik inputatzen dutela.

Dupond-Morettiren abokatu Christophe Ingrainek eman du CJR-ren erabakiaren berri, adierazita ez dela «sorpresa bat» izan: «Tamalez, bere azalpenak ez dira nahikoa izan galdeketaren aurretik harturiko erabakia aldatzeko. Noski, auzitan jarriko dugu erabaki hori, eta [inputazioa] bertan behera uzteko eskaria egingo dugu».

Erabakiaren berri izan eta gutxira, Jean Castex lehen ministroak garrantzia kendu nahi izan dio gertaturikoari, eta ohar baten bidez adierazi du «konfiantza berritu» egin diola Justizia ministroari.

Auzitegiak epaileen hiru sindikatuk eta Anticor elkarteak jarritako salaketen harira abiatu zuen ikerketa, iragan urtarrilean, eta bi kasurekin du zerikusia. Batetik, Justizia ministroak joan den irailean Frantziako Finantza Fiskaltzako hiru epaileren kontra abiaturiko ikerketa bat dago eztabaidaren erdian; izan ere, horiek Nicolas Sarkozy presidente ohiaren kontrako atariko ikerketa bat egiten ari ziren, argitzeko nork eman zion Sarkozyri haren kontrako erabaki baten berri. Horretarako, hainbat abokaturen deiak eta mezuak aztertu zituzten; tartean, egungo Justizia ministroarena.

Bestetik, Edouard Levrauren kontrako ikerketa administratibo bat ere dago inputatu dioten delituaren erdigunean. Justizia ministro bilakatu aurretik, epaile horrek inputaturiko polizia baten abokatua izan zen Dupond-Moretti, eta hainbatetan kritikatu zituen Levrauren lan metodoak. Monakoko epaile kargua uztean, Levrauk salatu zuen «presioak» jasan zituela.

Akusazio horiez aritzean, Justizia ministroak beti defendatu du errugabea dela, eta argudiatu du orain arte bere lantaldearen «gomendioak jarraitu» dituela. Oraingoz, badirudi Dupond-Morettik ez duela ez Castexen ez Emmanuel Macron Frantziako presidentearen konfiantza galdu, eta karguan jarraituko duela.

Ez da lehen aldia egungo Franrziako Justizia ministroak abokatu zeneko auziengatik albiste bilakatzen denik. Kargu horretara iritsi aurretik, Dupond-Moretti Korsikako preso Yvan Colonnaren abokatua ere izan zen, eta, arrazoi horrengatik, DPS estatusaz erabakitzeko eskumena galdu zuen preso horren kasuan, nahiz eta berez Justizia ministroari dagokion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.