Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen txandatik lau egunera, hautesleen boto asmoak ezagutzeko inkestek azken hilabeteotako panorama berdintsuari eusten diote. CSA inkestari erantzun diotenen artean, %42k aitortu dute oraindik ez dutela euren boza erabaki. Nicolas Sarkozy UMP Herritarren Batasunerako Mugimendua eskuineko alderdiko hautagaia eta Segolene Royal PS Alderdi Sozialistako hautagaia parekatuta daude, inkestetan, maiatzaren 6an egingo den bigarren itzulian. François Bayrou zentrista (UDF) hirugarren postuan dago inkestetan eta Jean-Marie Le Pen mutur eskuindarra (FN ), aldiz, laugarrenean. Azken horrek, haatik, ustekabea eragin zuen orain dela bost urteko bozetan, bigarren txandara iritsita.
Le Parisien egunkariak eta I-Teletelebista kateak atzo zabaldutako CSA inkestaren arabera, Sarkozyk eta Royalek, biek, botoen %50 jasoko lituzkete bigarren itzulian. Herenegun telefonoz itaundutako 1.006 hautesleren erantzunetan oinarrituta atera du emaitza CSAk. Institutu horrek berak aurretik egindako inkestan -apirilaren 11n eta 12an egindakoan- Sarkozy garaile ateratzen zen bigarren txandan, botoen %51 bereganatuta. Royalek, beraz, bozen %49 bereganatuko lituzke.
Igandeko lehen txandako aurreikuspenei dagokienez, berriz,inkesta horrek botoen %27 ematen dizkio Sarkozyri, %25 Royali, %19 Bayrouri eta %15 Le Peni. Lehiatzen diren beste zortzi hautagaiak oso atzean geratzen dira inkesta horretan, aurreko beste guztietan bezala. Emaitza hoberena Olivier Besancenot mutur ezkerreko hautagaiari iragartzen diote, botoen %4rekin. Marie-Georges Buffet komunista eta Dominique Voynet ekologista (%2) daude atzetik. Jose Bove altermundialista, Philippe de Villers eskuindar tradizionalista eta Frederic Nihous ehiztaria (%1,5 hiruentzako), Arlette Laguiller mutur ezkerrekoa (%1) eta Gerard Schivardi mutur ezkerrekoa baita ere (%0,5ren azpitik) azkenak dira zerrendan.
Inkesta horien guztien iragarpenekin, baina, zuhur aritu behar da. Alde batetik, emandako emaitzetan huts egitearen aldea %3ra irits daitekeela aitortzen dute egileek berek, eta horrek datuen fidagarritasuna zalantzan jartzen du. Bestalde -hau da beharbada are gehiago aintzat hartzeko modukoa-, inkesta institutu gehienek, modu ageriagoan edo ezkutuagoan, aitortzen dute hautesle asko eta askok oraindik erabakitzeko dutela euren botoa. Orain dela bost urteko inkestetan bakar batek ez zuen asmatu Jean-Marie Le Pen mutur eskuindarrak aurrea hartuko zionik Lionel Jospin sozialistari, bigarren txandara iristeko.
KANPAINAKO AZKEN TXANPAN, AZKAR. Zalantzan daudenak edo euren boto asmoa alda dezaketenak berenganatzeko ahaleginetan dabiltza egunotan lehen txandan lehiatzen diren hamabi hautagaiak. Frantzia mitinak emateko zeharkatzen dute. Bihar bertanhamabi hautagaietatik hamarrek mitinak egingo dituzte: Sarkozy eta Buffet Marseillan izango dira, Royal Tolosan, Bayrou Pauen, Le Pen Nizan, Besancenot Grenoblen, Voynet Lyonen,Laguiller eta Schivardi Naoneden (Bretainia) eta Soumouloun (Biarno). De Villiers, berriz, Avignonen izango da gaur eta Bovek, aldiz, bi agerraldi egingo ditu kanpainaren azken egunean, ostiralean, Montelimarren eta Parisen.
Legebiltzarrerako bozetan sistema proportzionala erabiltzea proposatu zuen iragan astean Sarkozyren jarraitzaile batek. Hauteskundeen bigarren txandari begira, Le Penen aldekoak biltzeko asmoz egin dela salatu dute ezkerrekoek eta Bayrouk.
Frantziako Presidentetzarako igandeko bozetan %42k ez dute argi nori emango dioten botoa
Royal eta Sarkozy lehen itzulian hurbiltzen ari dira inkestetan eta parekatuta daude bigarren itzulian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu