Energia nuklearraren gaineko eztabaida indarrez piztu da Frantziako politikan, eta datorren udaberrian egingo dituzten bi hauteskundeetan ere —presidentetzarakoan lehenik, eta parlamenturakoan gero— zeresana emango du sozialisten eta kontserbadoreen artean. Iragan asteartean hasi zen dena, PS Alderdi Sozialistak eta Europa Ekologikoa-Berdeak alderdiak parlamenturako bozetara batera joateko sinatutako akordio politikoaren harira —alderdi bakoitzeko zuzendaritzak ituna berrestea baino ez da falta—. Besteak beste, hamar urtean Frantziako zentral nuklearren kopurua erdira jaistea eta energia berriztagarriaren alde egitea hitzartu dute. Berehala azaleratu dira kontrako erreakzioak, baina ez soilik eskuinaren aldetik, baita ituna sinatu dutenen aldetik ere. Eztabaida nuklearrak zentro ezkerreko alderdien arteko hurbilketa zaildu du, beste behin.
Izan ere, akordioa sinatu eta24 ordutara, airean egon zen atzo testua. Birmoldatze hitzak desadostasuna sortu zuen sinatzaileen artean. Besteak beste, «hondakin nuklearren tratamendua berritzeko eta erabilitako erregaiarekin MOX erregaia sortzeko sektorea birmoldatzea» jaso dute testuan —oxidoen nahasketarekin sortutako erregai nuklearra da MOX—. Berdeen arabera, sektore hori bazterrean uztea esan nahi du; sozialisten ustez, berriz, sektorea eraldatzea. Interpretazio ezberdinak direla eta, akordioa apurtzear egon da, baina bi alderdiek agiri bateratua argitaratu dute, itunak indarrean segitzen duela narbarmendu eta gaizki ulertuak argitzeko.
Zentro ezkerra boterera iritsiz gero, Frantziaren zentral nuklearren kopurua 58tik 24ra jaitsiko da 2025. urterako, itunaren arabera. Gaur egun herrialdeko energia elektrikoaren %75 sortzen dute, eta %50era jaistea da asmoa. Ondorioz, zentral nuklearrak hornitzeko erabiltzen den erregai kopurua ere gutxitu egingo da, eta hondakin nuklearren tratamendua berritzeko sektorea ere murriztu egingo da. Horregatik, sektore horretako langileak, kaleratu ordez, La Hague eta Marcoule zentraletara bideratuko dituzte. Era berean, energia berriztagarriak garatzeko programa handi bat jarriko dute abian. «Horixe da lortutako akordioaren letra eta espiritua. Ez dago lekurik bestelako interpretazioentzat», azaldu dute Michel Sapin sozialistak eta Jean-Vincent Palce berdeak.
Munduko bigarren potentzia nuklearra da Frantzia egun—AEBen atzetik—, eta sektore industrial garrantzitsua da: zuzenean zein zeharka, 400.000 lagunek egiten dute lan energia nuklearraren alorrean. Gainera, mundu osoan erreferenteak diren enpresa nuklearrak hangoak dira: Areva eta EDF, esaterako.
Industriaren presioa
Proposamen hutsak alarmak piztu ditu Frantziako hainbat sektoretan, eta Arevak berak dagoeneko presio egin dio François Hollande presidentegai sozialistari. Horrexegatik gertatu dira, hain zuzen, sozialistan eta berdeen arteko tirabirak.
Arevak erregai nuklearra kentzeak langilerian izan ditzakeen ondorioen inguruan ohartarazi ostean, Hollandek baieztatu du ez dutela etengo MOXaren produkzioa; gainera, nabarmendu du ez dutela geldiaraziko Flamanvillen eraikitzen ari diren zentral nuklearra, EPR teknologiaduna.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, berriz, gogor kritikatu du zentro ezkerrekoen ituna. Haren ustez, «arduragabekeria» litzateke energia nuklearraren pisua gutxitzea: «Energia hori baztertzea edo gure ekoizpen energetikoan duen pisua larderiaz gutxitzea, ordezko konponbiderik izan gabe, Frantziako industriari min handia egitea da». Energia nuklearra sutsuki defendatuko duela nabarmendu du Sarkozyk: «Horixe egin dute Errepublikako presidente guztiek 1959az geroztik».
Frantzian ezkerraren ituna zaildu du berriro eztabaida nuklearrak
Sozialistek eta berdeek ituna egin dute 2012ko bozetarako, baina nuklearrei buruz hitzartutakoak kolokan jarri du akordioaNicolas Sarkozy presidenteak kritikatu egin du ituna, «industria minduko lukeelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu