Mundua

Frantziara estraditatu dute Noriega, Panamako diktadurako buruzagi izana

Droga trafikotik eskuratutako dirua zuritzea leporatzen dio Parisek. 1989an AEBek agintetik kendu zutenetik haien esku dago; Miamiko espetxe batetik zuzenean eraman dute bart goizaldean Parisera, eta epaileari eskatu dio Panamara bidal dezatela.

2010eko apirilaren 27a
18:00
Entzun
Goizeko zortziak hamar gutxitan iritsi da Manuel Antonio Noriega Panamako diktadurako buruzagi izana (1983-1989) Parisko Charles de Gaulle aireportura, zuzenean Miamiko espetxe batetik. Horrenbestez, Noriegaren estradizioa gauzatu dute AEBek, Frantziak eskatu bezala. Izan ere, diru zuriketa delitua leporatzen dio Frantziako Justiziak; droga trafikotik jasotako dirua zuritzeko Frantziako bankuak erabiltzea. 1999an errebeldian epaitu zuten Frantzian, eta 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Noriegak Parisko epaileari eskatu dio Panamara bidal dezatela, eta salatu du bere kontrako "ekintza kriminala" dela estradizioa.

Manuel Antonio Noriega Panama hiriburuan jaio zen 1934an eta karrera militarra egin zuen, armadan ardura handiko postuak iritsi arte, besteak beste, inteligentzia zerbitzuetako buruzagitza. 1983tik 1989ra Panamako diktadurako buru izan zen. Zenbait adituren arabera, AEBetako inteligentzia zerbitzu CIAko kide izan zen Noriega, eta hain zuzen, Washintonek lagundu zuen Panamako agintaritzara iristen.

Baina AEBek eurek kendu zuten Noriega boteretik 1989an: narkotrafikoarekin zerikusia izatea leporatu, eta oposizioko hautagai Guillermo Endara bultzatzko saioak huts egin ondoren, indarrez sartu ziren Panamara. Inbasioaren ondorioz hainbat heriotz gertatu ziren, eta Noriega atxilotu egin zuten. 199an epaitu zuten Miamin droga trafikoa, eta, zehazki, Kolonbiako Medellingo cartel-arekin zerikusia izatea leporatuta. 40 urteko espetxe zigorra ezarri zioten (gero 20ra murriztu zioten portaera onagatik).

17 urtetik gora egin ditu, beraz, Miamiko espetxean, eta, esan bezala, orain Frantziara estraditatu dute. Orain, fiskalarengana eramatea izango da hurrengo urratsa, atxilotze aginduaren eta bere kontrako karguen berri eman diezaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.