Jorge Bergoglio Frantzisko aita santuaren heriotzaren albistea zabaldu bezain pronto, barra-barra hedatu dira nazioarteko eragileen erreakzioak eta dolu adierazpenak. Gehienek haren agintaldiaren jite soziala nabarmendu dute, eta bakearen eta pobreen alde egindako lana.
Europako Batasunaren erakundeei dagokienez, erreakzioak ugariak izan dira. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atsekabea adierazi du, eta Bergoglioren «umiltasuna eta zorigaiztokoen aldeko maitasuna» nabarmendu ditu. Haren iritziz, zendutako aita santuaren jarrera «eredu» izango da «mundu bidezkoago, baketsuago eta errukitsuago baten aldeko lanean». Europako Batzordeko presidenteorde Teresa Riberak, berriz, haren «konpromiso soziala» nabarmendu du.
Europako Kontseiluko presidente Antonio Costaren iritziz, Frantzisko «gaur egungo munduaren erronkez arduratuta» egon zen, eta migrazioa, klima larrialdia, bakea eta beste zenbait auzi aipatu ditu. Horiei erantzuteko «neurri zehatzak» proposatu zituen: kanpoko zorra barkatzea, heriotza zigorra bertan behera uztea eta gosetea desagerrarazteko nazioarteko diru funtsa sortzea. Ideia horiek aintzat hartzeko eskatu du Costak. Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak, berriz, «herriaren aita santutzat» jo du Frantzisko. Frantzia, Belgika, Espainia, Irlanda, Portugal eta Europako beste zenbait herrialdetako gobernuburuek ere deitoratu dute aita santuaren heriotza.
Errusiako presidente Vladimir Putinek atsekabea azaldu du, eta «humanismoaren eta justiziaren balioen defendatzaile sutsutzat» jo du. Gogorarazi du Frantzisko aita santuak Eliza katolikoaren eta Errusiako Eliza ortodoxoaren arteko elkarrizketak sustatu zituela, eta Errusiaren eta Vatikanoaren arteko «harreman eraikitzailea» bultzatu zuela.
AEBetako presidente Donald Trumpek mezu labur bat argitaratu du Bergoglioren heriotza deitoratzeko, eta Etxe Zuriak presidentea, haren emazte Melania Trump eta aita santua elkarrekin agertzen direneko argazki bat zabaldu du sare sozialetan, «goian bego Frantzisko aita santua» esaldiarekin.
«Palestinaren defendatzailea»
Irango Atzerri Ministerioak doluminak eman dizkie munduko kristau guztiei. Hamas erakundeak, berriz, azpimarratu du Bergoglio «Palestinako herriaren eskubide legitimoen defendatzaile sutsua» izan zela; «batez ere, azken hilabeteotan gure herriak pairatu duen gerraren eta genozidio ekintzen kontrako jarrera irmoari dagokionez».
Euskal Herrian ere izan da erreakziorik aita santuaren heriotzaren aurrean. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek esan du Frantzisko «pertsonarik zaurgarrienen, migratzaileen, ingurumenaren eta justizia sozialaren alde» aritu dela, eta bitartekari jardun zuela zenbait gatazkatan: adibidez, AEBen eta Kubaren arteko harremanak berrezartzeko ahaleginetan, eta kulturen eta erlijioen arteko harremanak sustatzeko lanean. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak mezu bat zabaldu du X sare sozialean, eta esan du «bakea, justizia soziala eta elkarrizketa» izan zirela Frantzisko aita santuaren balio nagusiak.
EAJren EBBren lehendakari Aitor Estebanek esan du Bergoglioren lidergoa «balioz eta gizatasunez betea» egon dela, eta Eliza katolikoari «ate berriak» zabaldu dizkiola.
EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik «errespetua» agertu dio aita santuari «eta merkatariak tenplutik bota nahi dituzten guztiei». «Bakoitzaren sinesmenetatik harago, Frantzisko aita santuak bakearen alde eta gerren eta genozidioen aurka egin zuen lan, pobreenak erdigunean jarriz», idatzi du sare sozialetan.
Eliza katolikoak Euskal Herrian dituen ordezkariak ere mintzatu dira Frantzisko aita santuaren heriotzaz. Iruñeko artzapezpiku Florencio Rosello «ezustekoa eta atsekabea» agertu ditu albistea dela eta. Haren iritziz, Frantziskok abiarazitako erreformak «etenda» geratu dira haren heriotzaren ondorioz: «Nahiko nuke aita santu berriak hark hasitako erreforma eta lerroei jarraitzea». Bilboko gotzain Joseba Segurak, berriz, «galera garrantzitsutzat» jo du Frantziskoren heriotza: «Zenbait arlotan, Elizak aldaketak behar zituen, eta aita santua horretan ahalegindu da; batzuk hobeto atera zaizkio, eta beste batzuk, agian ez hainbeste».
Antzera hitz egin dute Gasteizko eta Donostiako gotzainek. Gasteizko gotzain Juan Carlos Elizaldek esan du Frantzisko ez zela «politikoki zuzena» izan, eta «bakearen, justiziaren eta errukiaren» bila aritu zela «atsedenik gabe». Fernando Prado Donostiako gotzainak, berriz, eskerrak eman dizkio «beste gizateria bat eta beste Eliza bat posible direla sinetsarazteagatik».