Vatikanoak atzo gauean jakinarazi zuenez, Jorge Mario Bergogliok Frantzisko izena izango du, eta ez hasiera batean zabaldu zen moduan, Frantzisko I.a. Orain arte ez da izen bereko beste aita santurik izan, baina, bigarrenik ere ez dagoenez, zenbakirik gabeko izena izango du. Hori bai, beste batek Frantzisko izena berriro hartzen duenean, Frantzisko II.a izango da hori, eta Bergoglio zuzenean Frantzisko I.a bihurtuko da.
Atzo gauean nahasmena izan zen izenarekin. Twitterreko kontuan @pontifex erabiltzaileak 20:30ean iragarri zuen aita santuaren aukeraketa. "Habemus Papam Franciscum" zioen mezua zabaldu zuten kontu horren bitartez, bederatzi hizkuntzatan. Ondoren, ordea, Frantzisko I.a erabili zuten bi mezutan. Horri gaineratu behar zaio lehen aipatutako araua Joan Paulo I.arekin hautsi zela, zuzenean ezarri baitzioten izen zenbakiduna. Hortik nahasmena.