AEB. Sexu erasoak armadan

Frontea etxean dagoenean

Bi urtean %30 gehitu dira AEBetako armadaren barruko sexu erasoak: andreek arrisku handiagoa dute kideek bortxatzeko, borrokan zauritzeko baino. Kultura militarrean errotutako izua dela medio, gehienek ez dituzte salatzen.

Botere harremanak trebatze guneetan dira nabarien. BERRIA.
Samara Velte.
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Defentsa deitzen diote AEBetako armadari, baina inoiz baino gutxiago du defentsatik, eta geroz eta gehiago erasotik. Pentagonoak argitaratu duen txosten batek agerian utzi du emakumezko militarren mehatxu handiena ez dela borrokan zauritzea, kideek bortxatzea baizik. Kanpoan ez diete uzten gerra egiten, eta etxean ez diete bakerik ematen.

Defentsa Departamentuak bi urtez behin egiten duen ikerketaren arabera, %30 hazi dira bortxazko sexu harremanak armadaren barruan: 2010ean 19.300 izan ziren, eta 2012an 26.000. Egunean 70 eraso inguru gertatzen direla kalkulatu du Pentagonoak. Ohar zorrotza egin du, ordea: hamarretik bat baino ez dute salatzen biktimek. Lekuko anonimoekin egindako ikerketa da: elkarrizketatu gehienak mesfidati dira, ez baitiote armadari halako erasoen aurka egiteko borondaterik aitortzen. Bizitza militarraren oinarrian dauden botere harremanek gehiegikeria ugariren forma hartzen dute; tradizio luzea dute, eta ohiko kontua bihurtu da haiek isilik onartzea ere.

Aurreko igandekoa da horren adibiderik garbi eta ironikoenetako bat: Jeffrey Krusinski tenientea, aireko armadako Sexu Erasoen Prebentziorako eta Erantzunerako arduraduna, atxilotu egin zuten Arlingtonen (Virginia), hain justu, emakume ezezagun bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Gaur deitu dute epailearen aurrera, akusazioa formalizatzeko.

Gertakariaren intrpretazio bitxia egin dute zenbait senatarik. «Atxiloketa horrek agerian uzten du Defentsa Departamentuak egiten duen ahalegina, eta haren eraginkortasuna, armadaren barruko sexu erasoen izurriteari aurre egiteko», esan du Carl Levinek, Senatuko Indar Armatuen Batzordeko presidenteak.

Datuek, ordea, kontrakoa erakusten dute: txikia dela erasook ikertu eta erasotzaileak zigortzeko probabilitatea. «Aireko armadan sexu erasoak saihesteaz arduratu behar zuen gizonari sexu eraso bat leporatzen badiote, bistan da arazo bat daukagula erasoak zer diren ulertzen, eta ez garela ohartzen zein kaltegarriak diren armadako ordenarentzat eta diziplinarentzat», esan du Kirsten Gillibrand senatari demokratak. «Informazio horiek kalte handia egiten diote munduko indar militar nagusiaren sinesgarritasunari».

Galdera da zein neurritan alda daitekeen burdinazko hierarkien inguruan eta lehia eta indarkeriazko giroan —balio ezin patriarkalagoetan— ainguratutako instituzio bat. Errealitatea zera baita: armadaren barruko harremanek eta tradizioek aukera guztiak ematen dituzte halako erasoak gertatzeko. Pentagonoak argitaratutako txostenaren arabera, emakumezko soldaduek zibilek baino arrisku handiagoa dute bortxaketak sufritzeko: lautik bati egingo diote eraso, bere ibilbide militarreko uneren batean.

Sistemarekiko mesfidantza

Bortxaketak ez dira kasu bakanak. Ezkutatu ere ez dira askorik egiten; armadako kide gehienek dute halakoen berri. Baina zigorrekiko beldurrak eta sistemarekiko mesfidantzak babesgabe sentiarazten ditu emakumeak, eta konbentzioen artean ez dago elkartasuna. Kultura militarrak ez ditu biktimak maite, eta statu quo-ari aurre egiten diotenak zigortzen ditu. Horrek eguneroko tabu handienetako bat bihurtzen du bortxaketen auzia. Erasoak sufritzen dituzten gehienek isilik jasaten dituzte, salatzeak mesederik egingo ez diela sinetsita.

Azken bi urteotan, hamar kasuk ere ez dute gerra kontseiluan amaitu. Gehienei zigor txikiak, administratiboak, jarri dizkiete, edo zuzenean bertan behera utzi dituzte. Bi kasutan, armadako buruzagiak izan ziren zigortutako militarrei barkatu zietenak, auzitegiek hilabete batzuetako espetxe zigorretara eta inhabilitaziora kondenatu zituzten arren. Bi jeneralek —haietako bat emakumezkoa— epaiketan egon gabe eta azalpenik eman gabe kendu zizkieten karguak akusatuei.

Sarritan, biktimak baino goragoko botere posizioan dauden militarrak izaten dira erasotzaileak. Batzuetan, pertsona bera dira erasotzailea eta salaketa bideratu behar lukeena. Nabarmenagoa da soldaduen menpekotasuna,errekruten entrenamendu guneetan. 2011 eta 2012 bitartean eskandalua eragin zuen Texaseko trebatze esparru batean abiarazitako ikerketak: gune horretako instruktoreen laurden bati egotzi zioten soldadugaiak bortxatzea.

«Biktimak ez badu uste sistemak sinetsiko dionik, ez du arriskuan jarriko bere karrera militarra», azaldu du Claire McCaskill senatariak. Izan ere, armada oraindik espazio arrotza da emakumeentzat, balio erabat patriarkalen arabera egituratua eta beti bigarren mailara kondenatu dituena. Indar militar guztien %15 inguru dira emakumezkoak: 200.000 kide pasatxo. Botere postuetan, erdira jaisten da proportzioa: 976 almirante eta jeneraletatik, soilik 69 ziren emakumezkoak (%7,1). Lan banaketa ere sexista da erabat. Duela hilabete gutxira arte, emakumeek debekatuta zuten frontean borrokatzea. Horren ordez, administrazioko, zaintzako edo osasungintzako lanak ematen zizkieten gehienei.

Aireko armadan, soldadugaien %22 dira emakumezkoak, baina hamar irakasletik bederatzi dira gizonezkoak. Instruktoreek erabateko agintea dute euren ikasleei dagokienean. «Isiltasunaren kultura da. Soldadugai bati eraso egiten dion begirale bakoitzeko, beste dozena bat badira, gutxienez, arazoaren berri badutenak», azaldu du Anu Bhagwati itsas armadako kide ohi eta Armadako Emakumeen Ekintza Sareko zuzendariak. «Eraso egin zaion norbait bihurtzea erraza da trebatze fasearen ingurunean. Egun osoan oihuka ari zaizkizu, inguruko guztiek beldurra ematen dizute. Nola eskatuko duzu laguntza?».

Emakumezko militar ohien artean, sexuarekin lotutako traumak dira nahasmendu psikologikoen arrazoi nagusia. Soldadu zirela jasandako erasoen berri eman zuten martxoan armadako bi kide ohik Senatuan. Antzekotasun asko dituzte bien kontakizunek: eguneroko lankideek «hitzez, ukituz eta jarreraz» egiten zieten eraso, eta euren burua harrapatuta ikusten zuten bi emakumeek. «Buruz eta emozionalki lur jota nengoen», kontatu zuen Brigette McCoy armadako espezialista ohiak. «Egun batean, emakumezko ofizial batek lagundu zidan nire arduradunari kexa formal bat idazten. Ez nuen erantzunik jaso. Azkenean, sarjentu batek galdetu zidan ea zer nahi nuen, eta azaldu zidan gaizki ulertu nuela lankide hark nirekiko zeukan asmoa. Hurrengo egunetan, sozialki jazarri zitzaizkidan eta baztertu ninduten, eta gehiegizko lanak eman zizkidaten».

«Kultura aldaketa»

Eskandaluak Etxe Zuriari ere hitz eginarazi dio. Sexu erasoak «izugarrikeria» direla esan du Barack Obama presidenteak: «Egilea Indar Armatuen barruan baldin badago, uniformeari traizio egiten ari zaio». Chuck Hagel Defentsa idazkariarentzat, «akusazio kezkagarriak» dira txostenean agertzen direnak: «Sail honen erronka larriena da. Gure kideen segurtasuna eta ongizatea ez ezik, instituzio honen osasuna, ospea eta sinesgarritasuna ere jartzen ditu arriskuan».

Hagelentzat, armadaren barruko «kultura aldaketa» behar da. Kode militarra berritzeaz mintzatu da, eta kasu horiek ikertzeko eta epaitzeko ardura fiskalen eta epaileen esku uzteaz. Sarritan horiek geldiarazten dituzten armadako buruzagien eskumena, ordea, ez du txikitu nahi: «Garrantzitsua da komandanteek aginteari eustea. Bestela, sistema ahulduko litzateke». Gaur egun, goi mailako kargu militarrek erabaki dezakete euren menpekoen aurkako gerra kontseiluetako karguei eutsi edo ez.

Defentsa Departamentuak estrategia berria iragarri du, saileko programa guztiak bost ardatzen inguruan koordinatuko dituena: «Prebentzioa, ikerketa, ardura, biktimen babesa eta aholkularitza». Besteak beste, dibisio buru guztiei aginduko die euren komandoetan «duintasunean eta errespetuan oinarritutako giroa» sustatzeko. Uztailaren 1a baino lehenago, Defentsa sailak armadako lantoki guztiak behatuko ditu, «giro oldarkorra edo iraingarria» sortzen duten elementuak detektatzeko. Armadako kide berrien kontzientzia eta segurtasuna bermatzeko, kanpoko erakundeak ekarriko dituzte. Eta erasoak jasan dituztenen «estigmatizazioa» gutxitzeko, biktimekiko tratua hobetzeko metodoak jarri nahi dituzte indarrean. Gainera, Krimenaren Biktimen Legeak bermatzen dituen eskubideak justizia militarreko praktiketan sartzeko eskatuko dio Hagelek departamentuko abokatu nagusiari.

Obama gogorrago mintzatu da, ordea: «Funtsean dagoen ideia zera da: ez dudala halakorik onartzen. Ez ditut soilik diskurtso berriak eta kontzientziazio programak nahi. Norbait kontu hauetan nahastuta dagoela jakiten badugu, kontuak eskatuko dizkiogu. Epaitu, bere postutik kendu, kaleratu, gerra kontseilura eraman, desohoreagatik kargutik kendu. Eta kito. Ez da onargarria».

Emakumezko soldaduen eskumena handitzearen alde mintzatu den senatari bakarrenetakoa Gillibrand izan da. Duela bi aste abiatu zuen emakumeei abortuak euren diruz ordaintzea ahalbidetuko liokeen lege proposamena. Izan ere, gaur egun, mediku militarrek hiru kasutan soilik eten dezakete haurdunaldia: bortxaketetan, intzestuan eta emakumearen bizitza arriskuan dagoenean. Gillibranden arabera, lege horrek beste ondorio bat du: sexu erasoen ondorioz haurdun gelditutako asko, gainera, haurra izatera behartuta sentitu direla, ez dutelako bortxaketaren berri eman nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.