Fujimori, itzuli nahian

Humala ezkerraren hautagai bakarra izango da gaurko bozetan garaile, inkesten arabera; Alberto Fujimoriren alaba, bigarrenGainerako hautagaiek bigarren itzulian egingo duten hautua erabakigarria izango da

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ollanta Humala militar ohia Alberto Fujimoriren kontra matxinatu zen 2000. urtean, orduko presidentea ustelkeria zela-eta kili-kolo zegoen unean. Horregatik kartzelara joan zen Humala. Orain, Keiko Fujimori alabaren kontra borrokatzen ari da, militar jantzia kaleko dotorez aldatua, eta hitzaren indarkeria hutsez. Gaurko hauteskundeen aurretiko azken inkestak asmatzen badu, Humala izango da bigarren itzulirako lehen hautagaia, botoen %28rekin; eta bigarren, Fujimori (%21), baina bozkalekura joan arte erabakiko ez dutenen esku egongo da gainerakoei aukera eman edo ez, oso gertu baitaude denak. Alejandro Toledo presidente ohia (%18), Pablo Kuczynski (%18) Ekonomia ministro ohia, eta Luis Castañeda Limako alkatea dira gainerako lehiakideak (hori nahikoa atzetik); botere gehiegikeriagatik aipatzekoa den iraganaren jabe, denak ere.

Fujimoritarren eta Humalaren arteko ezinikusiak eragin du, dena den, zalaparta gehien azken txanpan,eta haien jarraitzaileengan islatzen da. Herritarren %40k ez liokete inoiz, sekula, aurkari sentitzen dutenari botorik emango; ez bati, ez besteari. Baina bi muturretan kokatzen direnen artean gauza bat partekatzen dute: pobreen begikotasuna.

Alan Garcia egungo presidenteak agindutako hazkunde ekonomikoa urrutitik ere antzeman ez duten herritarrak daude bi hautagaien atzean. Jatekoa ezkutuko ekonomiari esker lortzen dutenak. Baina Humalak joera populista alboratu nahi izan du, eta batez ere mezua leundu. Hugo Chavez Venezuelako presidentea kanpainan parte hartu nahian aritu denean, ez sartzeko esan dio. Berak nahiagoko luke Luiz Inacio da Silva Lularekin konparatuko balute.

Brasilgo presidente izandakoak lagundu dio beste itxura bat hartzen, presidentetzara bultzatu zuen Joao Santana aholkulariaren eskua izan baitu ondoan, eta emaitzak izan ditu. Gana Peru alderdiaren hautagaiak 2006an Alan Garcia egungo presidentearekin bigarren itzulia borrokatu eta galdu zuenean, Venezuelakoarekin kidetasuna zuela esanez egin zuen kanpaina. Oraingoa, oso bestelakoa izan da.

Inkestetan gora egiten hasi zenetik —kanpaina hasieran ez zegoen irabaz zezaketenen artean—, etor daitekeena ikusita, denek egin dute bat haren kontra. Garapena eta hazkundea zentro-eskuinaren lorpena da gainerakoentzat; ezkerrarekin joatea, berriz, ezerezean amiltzea da, eta arriskua beti da erabilgarria. Humalak bere alde badu zerbait, baina, beste guztiek ez dutena: ez da agintearen parte izan, eta horregatik esaten du gainerakoek promesten dutena dagoeneko egiteko aukera izan dutela.

Konbentzimendua

Humalak bezala, Keiko Fujimorik ez du komeni denaren araberako nortasunaren aldaerarik erakutsi behar, konbentzimendua baitu gaitasunik emankorrena. Aitaren alaba izatea «ohore handia» du, haren gobernua izan delako jarraitu beharreko eredua. «90eko hamarkadan hartutako neurriei esker hazi da Peru», eta batez ere Sendero Luminosoren aitzakiarekin egin zituen sarraski gogoangarriak ez ditu ahaztu kanpainan; «terrorismoaren kontrako ekintzak eredugarriak» izan ziren —espetxean dauka aita 25 urterako horregatik, gizateriaren kontrako krimenengatik eta ustelkeriagatik—.

Fujimorik 35 urte dauzka, eta 15 zituenetik ari da presidente izateko prestatzen. Alberto Fujimori Susana Higuchirekin banandu zenean, 1994an, haren lekua hartzeko eskatu zion alabari, eta aita bota zuten arte egon zen kargu horretan. Kongresuan eserlekua irabaziz geroztik, 2006tik, aitak egindakoa goraipatu du. Herritarren %20k pentsatzen dute haren aita izan dela Peruk izan duen presidenterik onena, baina beste asko eta asko izututa geratzen dira kondenatutakoa itzul daitekeelako —aita karguez salbuetsiko lukeen galderari ez dio erantzuten—. Baina politika sozialak agintzen ditu Fuerza 2011 taldeko liderrak, osasun eta hezkuntza publikoaren aldekoa da, eta heriotza zigorra agindu du bortxatzaileentzat eta 7 urtetik beherako haurrak hiltzen dituztenentzat. Praktika oso zabalduak dira horiek Perun.

Toledoren buruko minak

Alejandro Toledo El Cholok, berriz, kezkatzeko moduko ibilbidea egin du kanpainan, eta horregatik Alan Garciaren botoak eskatu ditu azken txanpan Peru Posibleko hautagaiak. Garciaren Apra alderdia ez dago lehian, Mercedes Araoz Ekonomia ministro izandakoa hautagai izendatu ondoren, ustelkeria dela-eta utzi behar izan duelako.

Toledo zen faborito hasieran, eta orain bigarren itzulira joateko eginahal guztiak egiten dabil. Berakhartu zion lekukoa Alberto Fujimoriri Gobernuan, 2001ean, eta orain hori leporatzen dio alabari; ezin izan zuela behar bezala gobernatu, Peru ustelkeriaz suntsitua utzi ziolako —errepresioa eta jazarpena ez ditu aipatu ere egin—, baina, hala ere, Latinoamerikako herrietan Peruk lortu duela hazkunde ekonomikorik handiena. Horretan jarraituko luke Toledok.

Eta horregatik emango diote botoa klase ertaineko herritarrek, ez dutelako esperimenturik nahi, eta azken hogei urtean euren mundua hobetu delako. Pedro Pablo Kuckynski PKK Toledorekin Ekonomia ministro izandakoa nahiago lukete horietako gehienek, baina Toledori emango diote botoa, bigarren itzulian aukera gehiago dituela pentsatzen dutelako. Ikusi beharko da, alta, biek ala biek zer lortzen duten.

Bi hautagai horien boto-emaileak Limako zentroko biztanleak dira. Baina iparraldera, txabola amaigabeen mundu zabalari, La Ventanilla hiriaren eremu bati, Fujimoriren gotorlekua deitzen diote. Beste eremu batean Humalaren aldekoak daude, baina bi aldeetakoak ekonomia garapenaren beste aldea dira, aberastasun guztia gutxi batzuen esku geratu dela pentsatzen dutenak. Egunean lau dolarrekin baino gutxiagorekin bizi diren herritarren kopurua %49tik %35era jaitsi bada ere,La Ventanillako biztanleak ikusita ezin da ahaztu 30 milioi perutarretatik lau milioik ez dutela edateko urik etxean, eta beste horrenbeste haurrek elikagai eskasa dutela.

Fujimoriren legealdiek, Paniaguaren trantsiziokoak, eta Toledoren eta Garciaren gobernuek egungo ekonomia ereduan sakondu dute, eta galdutako belaunaldia deitutakoan izan zuten errenta maila gainditu dutenetik, horren banaketak oso gutxi aurreratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.