Pertsonaia. Naoto Kan

Fukushimak hondoratua

Maite Alustiza.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Japoniako lehen ministro kargua utzi du Naoto Kanek. Duela hiru hilabete iragarri zuen dimisioa emango zuela, eta agindutakoak beteta utzi dio ministro izateari. Fukushimako hondamenaren ondotik herrialdea berreskuratzeko hiru lege proposatu zituen, eta oraindik zintzilik zeuden biak atzo onartu zituen Parlamentuak. Lanak eginda esan dio agur karguari; hala ere,ez du politikagintza albora uzteko asmorik. Legebiltzarrean duen eserlekua mantenduko du, eta «ahal duen guztia» egingo du krisia arintzeko. Krisi nuklearraren inguruan japoniarrek duten kezkarekin bat egiten duela gaineratu du, «bereziki haurrak dituztenen kezkekin». Bi urtetan kutsatutako inguruetako erradiazio maila erdira jaitsi nahi duela jakinarazi zuen atzo Gobernuak.

Aurretik datorkion garai berriari begira dago Kan, baina azken hilabeteetan egindakoari errepasoa emateko tartea hartu du kargua utzi aurretik.2010eko ekainean hautatu zuten, Yukio Hatoyamak dimisioa eman ondoren. Dena den, martxoan heldu zitzaizkion lanik gogorrenak, Fukushiman izandako hondamendiaren ondotik. Krisi nuklearra izan du etsairik nagusienetakoa, eta hondamena heldu zenetik, «japoniarrei entzuten, herrialdeko industria nuklearra eraberritzen, eta fusio atomikoarekiko menpekotasun gutxiago izaten» saiatu dela adierazi du.

Alderdi Demokratikoak —Kan buru den alderdiak—hilaren 29rako iragarri ditu hauteskundeak. Zazpi hautagaien artean hautatu beharko dute; soilik alderdiko kideek izango dute bozka emateko aukera. Hauteskunde kanpaina gaur hasiko dute, eta dagoeneko piztu da eztabaida. Seiji Maehara hautagaia zen orain arte faborito nagusia, baina Ichiro Ozawa alderdiko buru ohiaren adierazpenek irabazteko zituen aukera asko galarazi dizkiote. «Ezin gara Maehadataz fidatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.