G20-koen bilera

G20koek Parisko Ituna berretsi dute, Trump bakarrik lagata

Protekzionismoaren kontra egitea ere adostu dute, baina defentsarako "legezko neurriak" onartuta.

Donald Trump eta Angela Merkel, Hamburgon, gaur. MICHAEL UKAS / EFE
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 8a
15:15
Entzun

Donald Trump konbentzitzerik ez dute lortu G20ko gainerako hemeretzi kideek. AEBetako presidenteak bereari eutsi dio, eta ez du berretsi nahi izan Parisko Akordio klimatikoa. Adostutako testuak jasotzen duenez, AEBek estuki lan egingo dute beste herrialdeekin "energia fosilak modu garbiagoan lortu eta erabil ditzaten"; baina hemeretziek argi utzi nahi izan dute adierazpen hori Trumpen gobernuarena dela, eta gainontzekoek ez dutela babesten, Parisko Ituneko konpromisoen kontrakoa delako.

Gainerako hemeretzi kideek, hain zuzen, berretsi dute Parisko nazioarteko akordioak ez daukala atzera biderik, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du itun horretan sakontzeko goi bilera batera deituko duela abenduaren 12rako, Parisen.

Klimarenarekin batera, merkataritzarena zen goi bilerako beste gai arantzatsua. Gai horretan ere, denak datoz bat, AEBak izan ezik. Hala ere, emisio kutsagarrien gaian baino errazagoa izan da Trumpen sinadura lortzea; besteak beste, Etxe Zuriaren neurrira moldatu dutelako protekzionismoaren kontrako adierazpena. Izan ere, Hanburgon (Alemania) bildutako hogei herrialdeek hitzeman dute "protekzionismoaren kontrako borroka" egingo dutela.

Alabaina, atzerriko hainbat produkturi arantzelak igoko dizkiela aginduta hauteskundeak irabazi zituen agintariak baina garrantzitsu bat gehitzea eskatu du konpromisoa sinatzeko, eta gainontzeko kideek onartu egin diote. Horrela, merkataritza askearen alde ariko direla esatearekin batera, nabarmendu dute aukera izango dutela defentsa komertzialeko "legezko tresnekin" erantzuteko merkataritza praktika desleialei. 

Europako Batasuneko negoziatzaileek azpimarratu dute gutxienez lortu dutela Trump euren sareetara ekartzea protekzionismoaren arloan, "legezko tresnak" erabiltzea onartu izanak egungo arauak erabiltzera behartzen dituelako AEBak ere, eta atea ixten dielako bestelako erreakzioei. Hogeiek aitortu dute MME Munduko Merkataritza Erakundea nazioarteko merkataritza arauen markotzat, baina horretan ere amore eman diete Trumpen eskariei, eta MMEren arauak "hobetzeko" konpromisoa hartu dute; aldaketak, jakina, "praktika komertzial desleialen" kontra hartzen diren "legezko neurriak" moldatzeko izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.