Europako Batasunak 2020. urtean ezarri nahi zuen aurreneko helmuga. Epe horretan CO2 isurketak %20 murrizteko konpromisoa hitzartu dute aurten estatu kideek, eta munduko herrialde industrializatuek ere konpromiso horrekin bat egin zezaten nahi zuen. Epe laburrean, baina, soilik estatu mailako neurriak aurreikusi dituzte G8koek. Isurketak murrizteko maila non ezarri ere polemika piztu du. EBk eta talde ekologisten arabera, maila 1990. urtean isurtzen zen kopuruan ezarri behar dela uste dute. Azkenerako, alta, gaur egun isurtzen den kopuruan ezarri dute maila.
Ameriketako Estatu Batuak izan dira beste behin ere mugak ezarri dituen herrialdeak. Etxe Zuriarentzat «esanguratsua» da hitzartutako akordioa. Konpromisoak hartu aurretik baldintzak ezarri ditu beti Washingtonek. Ekonomia emergenteek ere, azken urteotan azkar garatzen ari diren herrialdeek ere, munduko herrialde industrializatuek bezala klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen zuten AEBek. Txinari eta Indiari, ildo horretan, isurketak maila eta epe berean murrizteko eskaera egin diete G8koek. Ekonomia aurreratuek, hala ere, garapen bidean diren ekonomiekin alderatuta neurri zorrotzagoak ezarri behar dituztela jasotzen du testuak.
«Erantzukizun partekatua»
G5 taldean biltzen dira ekonomia emergenteak eta gaur aztertuko dute herrialde industrializatuek euren konpromisoarekin bat egiteko egindako proposamena. Indiak eta Brasilek jada estatu mailako egitasmoak ezarri dituzte martxan -Japoniak ere-. Sapporo hirian izan dira bildutan egunotan eta «erantzukizuna partekatua» behar duela esatean bat etorri dira ekonomia emergenteak. Herrialde industrializatuek gehiago kutsatzen duten heinean, baina, konpromiso irmoagoak hartu behar dituztela uste dute. 2020. urterako isurketak %25 eta %40 artean murrizteko eta 2050 urterako %80 eta %95 artean. Murrizketa egiteko abiapuntua 1990eko isurketa aintzat hartzea eskatu dute.
NBE Nazio Batuen Erakundean, berriz, herri industrializatuen konpromisoa mundu osora hedatzeko lanari ekingo diote, eta 200 herrialdetako ordezkariekin bilduko dira aurki horretarako. Kopenhagen (Danimarkan) heldu den urtean egingo duten hitzordurako lana aurreratu nahi dute, ildo horretan, G8koek. Urte giltzarria izango baita hurrengoa. Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen ituna berretsi beharko dute ordurako; 2012. urtean amaitzen da itun horren iraupena, eta bertan aurreikusi zen ordurako isurketak %6 murriztu behar zirela.
Gobernuz kanpoko erakundeek eta talde ekologistek «porrota» izan dela esan dute herrialde industrializatuen konpromisoa. Kim Carstensen WWFko zuzendariaren arabera, iaz hitzartutakoa berrestera mugatu dira agintariak. Washingtonen jarrera kritikatu du bereziki Carstensenek: «George Bushen agintaldiaren ondoren zein datorren eta zer jarrera duen ikustera itxaron beharko dugu». Daniel Miller Greenpeaceko zuzendariak uste du agintariek euren «erantzukizunari» muzin egin dietela. Antonio Hill Oxfam International erakundeko zuzendariaren arabera, «taktika» bat baliatzen ari dira munduan milaka milioi laguni, «bereziki pobreei», eragingo dion arriskuaren aurrean egiazko neurriak ez hartzeko. Erritmo honetan mundua 2050. urtean «egosita» egongo dela uste du.
Agintariek, hala ere, hitz politak baino ez dituzte izan hitzartutako konpromisoaren harira. Dan Price Etxe Zuriko nazioarteko ekonomia aholkulariaren hitzetan «bikaina» da adostutako testua. Jose Manuel Durao Barroko Europako Batzordeko presidenteak arrakastatzat jo du goi bilera eta taldea bideratuta dagoela adierazi. G8koek, hala ere, epe laburragoan neurriak hitzartu behar dituztela uste du Barrosok.
Energia nuklearra
G8koek adostutako testuan klima aldaketari aurre egiteko energia nuklear zibila garatzea aurreikusten da. Alemania izan da, orain arte bederen, asmo hori dela-eta kezka handiena agertu duen herrialdea. Angela Merkel kantzilerrak energia mota hori bazterrean uzteko hitza eman zien koalizio gobernuko kide sozialdemokratei, baina azken egunotan iritziz aldatu eta zentral nuklearrak martxan segitzeko asmoa agertu du. Eztabaida piztu du auziak Alemanian. AEBek, Errusiak, Txinak eta Indiak, berriz, zentral nuklear gehiago eraikitzeko egitasmoak dituzte jada. Energia berriztagarriak sustatzeko, berriz, urteko 10.000 milioi dolar aurreikusi dituzte G8koek.
Japoniako goi bilera gaur amaituko da eta elikagaien krisia izango dute hizpide agintariek.
Zimbaweren aurkako «zigor gogorragoak» iragarri dituzte G8koek
«Urrats gehiago egingo ditugu, zigor ekonomikoak eta bestelakoak onartuko ditugu indarkeriaren erantzuleen aurka», dio munduko zortzi herrialde aberatsenek atzo onartutako komunikatuak. Bertan, Zimbaweko presidente Robert Mugaberen gobernua ez dutela onartzen berretsi, eta hauteskundeek beharrezko berme demokratikorik ez zutela izan gaitzetsi dute G8koek Japoniako goi bileran.NBEko Segurtasun Kontseilua Zimbaweri zigorrak gogortzea aztertzen ari den unean etorri da G8koen salaketa. Neurri horien ondorioz, Mugaberen exekutiboa bakartuta gera daiteke nazioartean.
G5
Ekonomia emergenteak
Munduaren antolaketa eredua azkar aldatzen ari da azken urteotan, batez ere, orain dela gutxira arte garapen bidean ziren hainbat herrialde jada garapenaren lehen lerroan jarri direlako. Brasilek, Hegoafrikak, Indiak, Mexikok eta Txinak osatzen dute ekonomia emergenteen taldea. Munduko populazioaren %45 bost herrialde horietan bizi dira. G8 eta G5 bat egin eta taldea zabaltzeko eztabaida zabalik dago azken urteotan. Heiligendammen (Alemania) egin zen iaz aurreneko eztabaida serioa. Ameriketako Estatu Batuak eta Japonia, alta, taldea zabaltzearen kontra agertu dira.G8