Protestak herrialde arabiarretan

Gaddafiren kondarrak nork jasoko

Libiako erregimenaren gainbehera begi bistakoa da jada; Gaddafiren ondoren zer gertatuko den da orain argitzeko dagoen galdera. Nekez topatuko dute hutsunea beteko duen norbait.

Samara Velte.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gainbehera ate-joka ari zaio Muammar Gaddafiren erregimenari. Noiz eta nola izango den da galdera; eta zer gertatuko den Libiaren lemari 41 urtez heldu dion gizonarekin. Tunisiako presidente ohi Zine El Abidine Ben Ali bezala erbesteratzea zaila izango da; Egiptoko Hosni Mubaraken moduan herrialde barruan ezkutatzea, ezinezkoa.

Libiako sistema politiko bitxiaren arkitekto bakarra izanda, besteak boteretik urrun edukitzeko lanetan eman du agintaldi osoa, botere guztia bere inguruan pilatuz. Gaddafiren ordezko aukerak ugariak dira, baina azken urteotan ez da sortu hari aurre egin diezaiokeen erakunde edo mugimendurik. Oraindik ikusteko dago zer kostatuko zaien gehiago libiarrei: Gaddafi agintetik botatzea edo horren ondorensistema politiko sendo bat eraikitzea.

1. Seme-alabak

Gaddafik edonorengan ikusi du etsaia, baita bere seme-alabengan ere. Haien arteko lehiak eta tirabirak suspertu izan ditu, inork ez dezan botere handiegirik hartu eta aitaren aurka egin. Azken egunotan bigarren semeak hartu du hitza: Tripoli ere galtzen ari direla ikusita, protestan ari diren «terroristei» «negoziatzeko aukera» eman nahi diela esan du. Dena den, boterean irauteko oso aukera gutxi ditu Gaddafiren familiak; herritarrek ez lukete haren inguruan aberastu den inor onartuko.

2. Oposizioko alderdiak

Libian ez dago trantsizioa leundu lezakeen erakunde, sindikatu edo oposizioko alderdirik. Hori ere Gaddafiren aginte sistemaren ezaugarrietako bat da. Jamahirija edo masen estatua «zuzeneko demokrazian» oinarritzen da. Sistema horretan, herri bakoitzak kontseilu bat du, eta ez dago beste bitartekaririk herritarren eta estatuaren artean. Jamahirijak ez du sinesten demokrazia ordezkatzailean, ez duelako benetan herria ordezkatzen. Oposizioko alderdirik ere ez da behar; kexu denak herri kontseiluan adieraz dezake. Kontseilu horiek eta legezko erakunde apurrek, ordea, Gaddafiri baino ez diote men egiten. Erbestean badira oposizioko intelektualak, baina askok denbora gehiegi daramate kanpoan, libiarrentzat erreferente izateko.

3. Estatu kolpea

Armadak, nahikoa indar balu, ziurrenik lehendik ere emango zukeen estatu kolpea, Gaddafik etsai ugari baititu han ere, urteetako susmo txar eta kontrolen ondorioz. Militarrak ere sistematikoki banatuta eduki ditu, ahul mantentzeko: erabakiak hartzeko boterea batzuen esku eta armak besteenean. Armadak ez du inoiz modu bateratuan funtzionatu, eta horregatik egin zaio zaila protestei erantzutea; hainbatek protestekin bat egin dute, herritar soil bihurtuta.

4. Leinu arteko liskarrak

Gaddafi ordezkatzeko moduan den inor egon ezean, botere hutsune arriskutsua sor daiteke. Libian, gizarte antolaketa sendoa egon da mendeetan zehar, leinuetan banatuta. Jamahirija ere, neurri handi batean, antolaketa hori errespetatzeko diseinatuta dago. Leinu batzuek, bereziki hirietatik eta Tripoliko boteretik urrun bizi direnek, euren estatu txiki propioak sortu dituzte; baliteke independentzia eskuratu nahi izatea. Ekialdean, gaddafitarren boteretik at gelditu den zatian ere ongi moldatu dira orain arte. Arazoa da badirela Gaddafi ez babesteagatik baztertuta egon diren leinuak ere, eta elkarrekiko herrak aspaldikoak dira. Gerra zibilaz hitz egitea gehiegi izango da akaso, baina botere lehia batek istiluak sor ditzakeela argi dago.

5. Nazioartea

Libiako egoerak berebiziko eragina du atzerrian. Tunisia eta Egipto adi daude, bizilagunak okerrera eginez gero haien iraultza kolokan jar ez dezan; eta Europa ere zain dago, urte luzez elikatu duen petrolio iturriarekin zer gertatuko. Mendebaldea libiarrekin zorretan dago aspalditik, eta haren erantzukizuna ere bada egoera larrienean txikizio handiagoa saihestea. Aditu batzuek diote trantsizioa barrutik gidatu ezin bada komenigarria dela kanpoko behatzaile edo bitartekariek esku hartzea, mendebaldeko sistemaren antzekoa eraikitzen laguntzeko. Beste batzuek, aldiz, ez dute uste Jamahirija guztiz baztertu behar denik, eta garrantzitsua ikusten dute leinuak eta hango egiturak errespetatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.