Al Arabija telebista kateak jakinarazi duenez, Tunisian gaur Al Baghdadi al Mahmudi atxilotu dute, Muammar Gaddafiren garaiko lehen ministroa. Al Jazeeraren berriemaileak eman du albistea Twitter sare sozialean.
Gaddafiren aldekoen egoera geroz eta estuagoa da. Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko bozeramaile Ahmad Omar Banik jakinarazi duenez, gaur goizean matxinoek Sedha hartu dute, Gaddafiren aldekoei geratzen zaizkien azken gotorlekuetako bat. Bart Jufra hartu dute, gainera, eta modu horretan Surt eta Beni Walid dira Gaddafiren aldekoei geratzen zaizkien azken gotorlekuak.
Baniken esan duenez, oraindik frankotiratzaile batzuk geratzen dira hirian, baina kaleak euren kontrolpean daudela gaineratu du. Goizean beste bozeramaile batek adierazi duenez, Jufran "hiri osoa askatu" dute. Tripolitik 700 kilometrora dago Jufra, eta errebeldeek uste dut armategi handia izan dezaketela Gaddafiren aldekoek.