«Gaddafi iragana da. Kontua orain ez da joango den ala ez den. Noiz joango den da kontua. Asteak igaro daitezke, edo bihar bertan izan daiteke, eta nazioarteak prest egon behar du joaten denerako». Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak esan ditu hitzok aliatuen Defentsa ministroen aurrean, Libiaren etorkizuna gogoan. Erabaki nagusi bat hartu dute Bruselan: behar den adina denbora egingo du NATOk Libian, «helburu militarrak lortu arte».
«Beharrezkoa den presio guztia» egingo du NATOk Libian. Rasmussenek dio «aurrerapen argiak» lortu dituztela iragan martxoan operazioak hasi zituztenetik: «Bengaziko sarraskia, Misrataren setioa eta Gaddafi koronelaren indarren ahalmen militarra nabarmen gutxitzea lortu dugu. Dena dela, Gaddafiren indarra oraindik ere mehatxu handia da».
Aliatuen defentsa ministroek ekainaren 27tik aurrera operazioa 90 egunez luzatzea erabaki dute. Baina datorrenari aurrea hartu nahi diote, eta Gaddafiren osteko garaia antolatzen hasteko unea iritsi dela esan du NATOk. «Libia estatu demokratiko moderno bihurtzea prozesu luzea eta zaila izango da, eta libiarren esku egongo da beren herrialdearen etorkizuna». Dena dela, Gaddafiren osteko garaian NBEk izango du protagonismo osoa, eta ez NATOk, Rasmussenen ustez.
NATOren «gerra krimenak»
Gerrak ez du etenik Libian. Gaddafiren milaka soldadu Misratarantz abiatu ziren atzo. «Gaddafiren indarrak Misrata bonbardatzen ari dira: ekialdetik, mendebaldetik eta hegoaldetik», azaldu zion Hassan al Misrati Misratako erreboltarien bozeramaileak atzo Reuters informazio agentziari. «Oraindik kanpoan daude, baina hirira sartzen saiatu dira. Hamar lagun hil dizkigute, eta 26 lagun zauritu, gehienak larri».
NATOk, berriz, Gaddafiren Tripoliko armategiak eta kokagune militarrak bonbardatu zituen atzo ere. Erasoak «helburu militarren kontrakoak» direla diote aliatuek, baina zibilen kontra ari direla diote, aldiz, Gaddafiren jarraitzaileek. Aisha Gaddafik, Muammar Gaddaffiren alabak, salaketa jarri dio NATOri Belgikako Fiskaltzaren aurrean, «gerra krimenak» leporatuta. Aliatuek iragan apirilaren 30ean «Tripoliko zibilen kontra» egin zuten bonbardaketagatik jarri du salaketa Gaddafik. Eraso horretan lau lagun hil ziren: Seif al Arab Muammar Gaddafiren 29 urteko semea eta familiako hiri biloba, tartean, Aisha Gaddafiren lau hilabeteko alaba.
Zibilen kontrako bonbardaketak egitea gerra krimena da Gaddafiren abokatuen esanetan, eta Bruselan jarri dute salaketa NATOk bertan duelako egoitza nagusia. «Belgikako Justiziari dagokio hilketen erantzuleak aurkitu eta dagokien zigorra ezartzea», azaldu dute Gaddafiren abokatuek.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafiren osteko garaia antolatzen hasteko unea iritsi dela uste du NATOk
Libiako presidentearen alabak NATO salatu du Belgikako Fiskaltzan, «gerra krimenak» leporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu