Protestak herrialde arabiarretan

Gaddafiren tropak oposizioaren gotorlekura gerturatzen ari dira

Brega eta Misrata bonbardatu dituzte; Siriak eta Aljeriak eregimenaren esku armak eta mertzenarioak jarri dituztela dio oposizioakLibiako aire eremua debekatzeko eskatuko dio Arabiar Ligak Segurtasun Kontseiluari

2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren aldeko indar armatuak erresistentzian ari den oposizioaren gotorlekutik gero eta gertuago daude. Airez, lurrez eta itsasoz eraso egin diete, eta, horri esker, aurrera egin dute ekialdera, Bengazira. Ras Lanuf itsasertzeko hiriaz jabetu dira erregimenaren tropak, eta frontea ekialderako beste bi hirietara hurbiltzen ari da; Al Ukiala eta Bregara. Misrata eta azken hiri hori atzo bonbardatu zituzten. Misrata Libiako hiri handienetanhirugarrena da, eta iluntzerako inguratuta zaukaten erregimenaren aldekoek, borrokak hiriaren erdialdetik hamar bat kilometrora zirelarik.

Erresistentziak atzera egiten duela nabaria bada ere, diktadorearen semeak esandakoa gerra propagandatzat jo liteke; Seif al Islam Gaddafik esan baitu herrialdearen %90 kontrolpean duela erregimenak. Mustafa Geriani erreboltarien bozeramaile batek, berriz, borrokan jarraituko dutela ohartarazi du. Ras Lanuf erabat galdu izana ere ukatu du: «Gure gizonak han daude oraindik».

Gaddafik zilegitasunik gabe

Erregimena armez eta mertzenarioz hornitzen ari izatea leporatu die oposizioak Siriari eta Aljeriari. Arabiar Ligako bileran bi herrialde horietako ordezkariak baino ez dira agertu aire eremua zabalik mantentzearen alde. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskatuko dio erakundeak aire eremua debekatzea zibilak babeste aldera. Kontseilu Nazionalarekin «harremanetarako bideak irekitzea» ere adostu du Arabiar Ligak. Ezen, erakundeak plazaratutako agiriak nabarmendudu diktadoreak «zilegitasuna galdu» duela, «herritarren kontra eginiko giza eskubideen urratze larriengatik».

Gaddafik bilerara bidalitako bi ordezkariei, berriz, ateak itxi zizkieten Kairon. Amro Musa Arabiar Ligako idazkari nagusiak azaldu du arrazoia; «Arabiar Ligak Libiarekiko harremanak hilaren 2an eten zituen». Alemaniako Der Spiegel egunkariari emandako elkarrizketan aurreratu zuen idazkari nagusiak aire eremu debekatzearen aldeko jarrera zuela: «Nire ikuspegitik, neurri humanitario bat da, libiarrak babesteko helburua duena, bere askatasuna lortzearren aginte gero eta nardagarriago baten kontra daramaten borrokagatik». Neurria gauzatzeko eskumena nork duen galdetuta, horrela mintzatu da Musa: «Segurtasun Kontseiluak hartu beharreko erabakia da, baina behin hartu eta gero, NBE, Arabiar Liga, Afrikako Batasuna, Europako Batasunak; denek parte hartu behar dute».

Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek, hain zuen ere, herenegun mintzatu ziren balizko esku hartzeaz. EBko estatu eta gobernu buruek adostutako jarrera izan zen militar arloko esku hartze bat egotekotan, NATO Aliantza Atlantikoak zuzendu beharko lukeela eta hiru baldintza bete beharko liratekeela —froga daitekeen beharra egotea, legezko oinarri argia izatea eta eskualdeko herrien oniritzia izatea—.

Oposizioaren poza

Europako agintari politiko gorenen irudiko, beraz, ezinbestekoak dira hiru baldintzak horiek. Eta Arabiar Ligaren jarrerarekin hirugarren baldintza behintzat beteta dagoela ematen du. Beste bi baldintzak betetzen badira ere, haatik, neurri hori gauzatzea nahikoa zaila izango da; izan ere, aire eremu debekatzeko ehunka gerra hegazkin beharko lirateke aire esparrua zaintzeko, ezen 1,8 milioi kilometro koadrokoa da eremu hori. NATOko aire indarrek erregimenaren aldeko gerra hegazkin eta helikopteroak ere indargabetuko beharko lituzkete.

Kontseilu Nazionalak ongietorria eman zion bart aire eremua debekatzeko herrialde arabiarrek egindako eskaerari. Oposizioko kideek eratutako erakundeak gero eta sostengu zabalagoa du nazioartean. Europako Kontseiluak herenegun aitortu zien zilegitasuna diktadorea «solaskide politiko gisa» errefusatuz. Frantzia haratago joan zen bezperan; Kontseilu Nazionala herriaren «legezko ordezkari bakarra» zela esan zuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.