Eskoziako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak joan den asteazkenean aurkeztu zuen txostenean nabarmendu zuen gaelikoaren legegaia ez dela aski izango hizkuntza salbatzeko. Hala, Eskoziako gobernu autonomoari gaelikoaren irakaskuntzarekiko «benetako konpromisoa» galdegin zion. Nolanahi ere, legegaiaren oinarri orokorrekin bat egin zuen batzordeak. Hark estatus ofiziala ematen dio gaelikoari, Eskozian (Alba, gaelikoz) hitz egiten diren hizkuntzetan zaharrenari; scots eta ingelesa dira beste biak.
Batzordeak nabarmendu zuenez, azken urteotan gaelikoz hitz egin, irakurri eta idazteko gai diren herritarren kopurua jaitsi da. Batzordeko kide eta Liberal Demokraten alderdiko diputatu Robert Brownek esan zuen diputatuak «harrituta» geratu zirela gaelikoaren «egoera ahularekin». «Dudarik ez dugu gaelikoaren etorkizuna eta osasuna bermatzeko ekimen sendoak hartu behar direla; legegaiak horretarako esparrua eskaintzen du». Halere, hau ohartarazi zuen: «Gaelikoaren geroa bermatzeko ekarpena egiten du legegaiak, baina bera bakarrik ez da horretarako aski izango. Eskoziako exekutiboak hizkuntza gaelikoarekiko zein komunitatearekiko eta bereziki hezkuntzarekiko benetako konpromisoarekin sostengatu behar du legegaia». Gaur egun, gaeliko hiztunentzako klaseak eskaintzen dituzten Bigarren Hezkuntzako 34 ikastetxe daude Eskozian barrena, eta beste 15ek zenbait irakasgai ematen dituzte gaelikoz.Heldu den urtean Glasgown (Glaschu) Lehen eta Bigarren Hezkuntza soilik eta erabat gaelikoz eskainiko dituen lehenbiziko ikastetxea zabalduko dute . Hori aurrerapauso garrantzitsutzat jo du Bord na Gaidhlig Gaelikorako Batzordeak. Gaeliko hiztunak (2001eko errolda) gaur egun 65.674 badira ere, Bord na Gaidhligek diomilioi erdi bat eskoziar daudela hein batean edo bestean gaelikoarekin interesatuta. 1991n hiztunak 66.320 ziren eta 1891n 254.415. Baina beheranzko joerari buelta eman eta kopurua handitzea espero dute.Eskoziatik kanpo eskoziar jatorriko pertsona asko daude eta Kanadako eskualde batzuetan, Nova Scotian, Eduardo Printzearen uhartean eta Ternuan, dozenaka hiztun eta zenbait irakasle daude.Gaelikoa sustatzeko politika hasi dute han ere, eta, hala, orain diharduten gaeliko irakasleei laguntzea espero dute.
BESTE BATASUNA. ESKOZIA
Gaelikoaren legegaia ez dela aski dio Legebiltzarreko batzorde batek
Eskoziako Gobernuari hizkuntza salbatzeko «benetako konpromisoa» eskatu dio txosten batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu