Gainbehera gelditzeko formula magikoaren bila

AEBetako bozetarako bost aste geratzen dira, eta errepublikano eta demokratak buru-belarri daude kanpainan

arantxa elizegi egilegor
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Granadak eskuetan eta tankeak etxe atarian, demokrata eta errepublikanoak prest daude bost asteko gerrarako, jokoan dagoena Barack Obama presidentearen agintaldia baita. Izan ere, datorren azaroaren 2an Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena aukeratuko dute herritarrek -baita hainbat gobernadore ere-, eta, beraz, kolokan egon daiteke demokratek Kongresuan duten gehiengoa; galduz gero, ia ezinezkoa litzateke euren proposamenak aurrera eramatea. Eta hori Obamaren azkena litzateke. Ondorioz, bi aldeak hauteskundeak irabazteko formula magikoaren bila dabiltza buru-belarri.

AEBetako estatuburua izan da etxea txukuntzen lehena. Azken asteotan bere oso gertuko lau buruzagik dimisioa eman dute, Obamari Gobernua eraberritzeko aukera zabalduz. Etxe Zuritik irteten den azkena Herbert Allison izan da, AEBetako Altxorraren idazkariordea. Allisonek «arrazoi pertsonalengatik» utzi du kargua, hala argudiatu zuen, behintzat, erabakiaren berri ematerakoan, atzo. Haren aurretik, baina, beste batzuk ere maletak egin zituzten. Tartean, Larry Summers presidentearen ekonomia aholkulariak. Harekin izen handiko lankidea galdu du estatuburuak, baina, aldi berean, baita familian kide berriak sartzeko aukera lortu ere.

Oraindik, erabakia ofizial egin ez arren, kargua uztekotan denetako beste bat da Rahm Emanuel kabineteko burua. Hark aspaldi iragarri zuen Chicagoko alkatetzara aurkezteko asmoa, eta, beraz, haren irteera ez da inolako ezustekoa izango. Emanuel laguntza paregabea izan da Obamarentzat, Washingtonen ahalmen handiko buruzagia baita aspaldidanik, eta ezin egokiagoa presidente hasiberri bati bidea erakusteko.

Talde berria

Bi urte igaro dira, ordea, AEBetako lehen presidente beltza Bulego Obalean eseri zenetik, eta estatuburuak freskotasuna galdu du. Herritarrek hasieran gertuko norbaiten gisan bazuten ere, haiengandik aldenduz joan da Obama hilabeteak igaro ahala, eta sentimendu hori aldatu ezean, garesti ordainduko du. Horiek hala, orain arteko hutsak konpondu eta azarorako Gobernua berriz lehengo bidean jartzea da buruzagi demokrataren lehen helburua.

Goranzko bidean egin beharreko lehenengo urratsa orain arte lortutako eta askok dagoeneko ahaztu dituzten garaipenak berriz mahai gainean jartzea da. Eta horretarako zer hoberik osasun erreforma bera baino. Atzo bete ziren sei hilabete Kongresuak presidentearen lege proposamena onartu zuela, eta hortaz baliatuz Virginiako herri txiki batean, Falls Churchen, izan zen bisitan buruzagi demokrata. Han herritar talde batekin bildu zen lagun zaharrak balira bezala, ekonomia krisiaz eta osasun erreformaz hitz egiteko. Datozen egunetan ere izango dira antzeko ekitaldi gehiago; besteak beste, Wisconsin eta Iowara joango da estatuburua. Era horretan, galdutako konfiantza berreskuratu nahi dute demokratek.

Bide beretik, 2008ko hauteskundeetan babesle nagusi izan zituen hispanoen botoa ere berreskuratu nahi du Obamak. Horiei hitzeman zien immigrazio legearen erreforma izango zela legealdia honen helburu nagusietako bat, baina osasun erreformak eta finantza krisiak promesak bazterrean uztera derrigortu dute buruzagi demokrata. Horiek hala, aste honetan eskainitako ehunka elkarrizketetako bat baliatu du AEBetan gero eta pisu handiagoa duten hispanoen sostengua bereganatzeko. Horretarako, gogorarazi du ez duela berak erabaki immigrazioaren auzia alde batera uztea. «Kanpainan ez genekien bigarren Depresio Handiaren ateetan geundela. Lehen urtean komunitate latinoarentzat eta herri osoarentzat ezarri nuen lehentasuna izan zen gure ekonomia amildegian behera ez erortzea».

Bide beretik, estatuburuak nabarmendu du paperik gabeko etorkinen auzian egindako ahaleginak bertan behera utzi behar izan dituela errepublikanoen erruz. Atzera botatako egitasmo horietako bat izan da Dream Act izenekoa, zeinak naziotasuna ematen zien 16 urte baino lehen AEBetan sartu eta bertan bizitzen bost urtetik gora zeramaten deliturik gabeko atzerritarrei. Demokratek, ordea, 60 boto behar zituzten Senatuan aurrera egiteko, eta baten faltan geratu ziren.

Errepublikanoen liburu gorria

Txinako Herri Errepublikako buru Mao Zedongek bezala, Alderdi Errepublikanoak ere atzo aurkeztu zuen bere liburu gorria, non kanpainako puntu nagusiak jasotzen diren. Nola ez, demokraten proiektu garrantzitsuenekin talka egiten dute horietako batzuek. Motzean honakoak dira kanpainaren oinarriak: lanpostuak sortu eta ezegonkortasun ekonomikoa amaitzea; gastua murriztu eta Gobernua txikitzea; osasun sistemaren gaineko Gobernuaren kontrola gutxitzea; Kongresua birmoldatu eta harenganako konfiantza berreskuratzea; eta barne nahiz kanpoko segurtasuna hobetzea.

Egitasmo horren lehen eta azken helburua da George Bushen politiketatik nola edo hala aldentzea. Izan ere, demokratek maiz leporatu izan diete euren asmo bakarra atzera egitea dela eta ez dutela proposamen berritzailerik aurkezten. Horretaz gain, hautesle errepublikanoen artean ere asko dira haien betiko jarrerarekin nekatzen hasiak direnak, eta hori arriskutsua izan daiteke azarora begira. «Ugari dira bi aldeei mesprezuz begiratzen diotenak, eta hori aldatu beharra dago», aitortu du Pete Sessionsek, Texasko ordezkari errepublikanoak. Ez zaio arrazoirik falta. Izan ere, zalantzan dauden horien esku dago batzuen eta besteen etorkizuna.



Zenbakia

%68

Demokraten aldekoak. Azken inkesten arabera, demokratek aurretik jarraitzen dute azaroaren 2an egitekoak dituzten bozetarako; aldea, ordea, txikituz doa. Herritarren %68k babesten dituzte haien politikak, eta %60k errepublikanoenak.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.