LGTBI kolektiboaren kriminalizazioa. Tracey Sibisi. Uthiango LGTBI elkarteko zuzendaria

«Gaixotasuntzat dauzkate homosexualitatea eta identitate ez-bitarrak»

Afrikako 54 herrialdeetatik, 32k ezartzen dituzte LGTBI komunitateko kideen aurkako zigorrak. Sibisiren ustez, hezkuntzaren bidez soilik da posible kolektiboko kideen aurkako aurreiritziak «errotik moztea».

LGTBI kolektiboko kide bat, iaz, Hegoafrikako protesta batean. K.L. / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Sexu berekoen arteko harremanak eta identitate ez-binarioak zigortzen dituzte Afrikako 32 herrialdetan, eta zerrenda horretan dago, besteak beste, Uganda. 1902. urtetik daude debekatuta han sexu berekoen arteko harremanak, baina maiatzaren 26an onartu zuten Homosexualitatearen Aurkako Legeak are gehiago gogortu ditu LGTBI kolektiboko kideen aurkako zigorrak: hogei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete homosexualitatea «sustatzen» duen edonori.

Uthiango LGTBI komunitatearen aldeko elkarteko zuzendari eta genero ikuspegian aditu Tracey Sibisiren arabera (Pietermaritzburg, Hegoafrika, 1989), halako neurriek LGTBI komunitatea kriminalizatzen eta baztertzen dute.

Homosexualitatea aspalditik dago debekatuta Ugandan, baina oihartzun handia izan du hango parlamentuak berriki onartu duen legeak. Gizartearen ikuspuntua islatzen du parlamentuaren erabakiak?

Tamalez, bai. Ugandako Parlamentua osatzen duten 372 ordezkarietatik, 371k bozkatu zuten legearen alde. Pentsa, bakarrak bozkatu zuen neurriaren aurka. Horrek argi adierazten du gizartean orokortutako ideia bat dela. Kolektiboaren kontrako gorroto handia dago errotuta.

Eta zerk elikatzen du gorroto hori?

Ugandan ez ezik Afrika osoko hirietan, komunitateetan eta tribuetan ere, oso zabalduta dauden ideietako bat da LGTBI komunitateko kideek mehatxu egiten dietela afrikar familia tradizionalaren balioei.

Homosexualitatea eta identitate ez-binarioak gaixotasuntzat dauzkate askok, naturaren aurkako haututzat, eta uste dute mehatxu egiten diola emakume batek —ama batek—, gizon batek —aita batek— eta seme-alabek osatutako familia kanonikoari.

Familiaren eredu tradizionalarekin hausten dutelako, herritar askok uste dute LGTBI kolektiboko kideek ezin diotela segidarik eman komunitateari, ezin dutela seme-alabarik izan. Baina queer-a izateak ez du esan nahi ezin zarela ama edo aita izan, edo ezin duzula familia bat osatu. Nire ustez, hezkuntza faltaren eta ezjakintasunaren ondorio dira ideia horiek guztiak.

Orduan, genero eta sexu ikuspegiaren inguruko hezkuntza ematea izango litzateke homofobiaren aurka egiteko modu bat?

Bai, eta horretan ari gara gu: hezkuntza jartzen dugu erdigunean. Garrantzitsuena da herritarrek ulertzea zer den sexu eta genero aniztasuna. Zer diren askotariko identitateak. Eta herritarrak diot, guztiek jaso behar dutelako informazio hori, ez txikienek bakarrik.

Uthiango elkarteko kideok tailerren eta hitzaldien bidez ematen dugu informazioa, eta, gero, galderak erantzuten saiatzen gara. Aldaketak lortzeko, ezinbestekoa da komunitate osoak informazio hori izatea: helduek, haurrek, LGTBI komunitateko kideek, herrietako udaletan eta gobernuan dauden agintariek, eta baita landa eremuetako komunitateetako eta tribuetako liderrek ere.

Lider horiek eta agintariek, gainera, eragin handia dute beren komunitateetan, ezta?

Bai, botere handia dute. Horregatik, gizartearen kontzientzia bultzatzeko eta komunitateko kide guztiengana iristeko, ezinbestekoa da haiengana jotzea. Ikasteko gogoa izaten dute gehienetan, eta arretaz entzuten dute esatera goazena. Ondoren, esandakoa komunitateko kide guztiei helarazi nahi dieten edo ez erabaki dezakete. Izan ere, haien baimenik gabe, ezin ditugu gure programak eremu horretan abian jarri. Dena den, baiezkoa jasotzen dugu ia beti.

Eta baimenik ematen ez dizuetenetan, zergatik izaten da?

Zenbaitek baietz esaten digu hasieran, eta, gero, ezetz: ez dela ideia ona halako kontuak zabaltzen ibiltzea. Beste zenbait liderren arabera, haien taldean ez dago LGTBI komunitateko inor, eta, beraz, uste dute ez dela beharrezkoa guk han lanik egitea. Baina hori ez da egia, gehienetan LGTBI komunitateko kideek eskatzen baitigute bizi diren komunitateetara joateko. Baina beldurragatik, inor gutxik jakiten du kolektiboko kideak direla.

Pertsona horiek lehendik ere ezkutuan bizi badira, Ugandan onartu berri duten legearen gisakoek are gehiago gogortuko dute haien egoera, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Ugandan orain onartu duten legeak areagotu egingo du LGTBI komunitateko kideen zaurgarritasuna, eta atzerapauso handi bat da Afrikako LGTBI mugimenduarentzat. Halako legeek frogatzen dute homosexualitatea konpondu beharreko zerbait dela Afrikako komunitate gehienetan. Eta «gaixotasun» hori konpontzeko, indarkeria erabiltzen dute toki askotan. Etengabe urratzen dituzte kolektiboko kideen eskubideak.

Eta indarkeriaren biktimak direnean, ba al dute nora jo?

Berez, Poliziarengana edo gizarte langileengana jo dezakezu horrelakoetan, baina LGTBI komunitateko kide gehienentzat, horiek ez dira aukera bat. Zure identitatea kriminalizatuta baldin badago, lagundu ordez, salatu egingo zaituzte.

Horrek izango du eraginik pertsona horien buru osasunean ere, ezta?

Bai. Halako legeak onartu aurretik ere, Afrikako LGTBI komunitateko kideek buruko osasun arazo larriak izan ohi dituzte. Ez da batere erraza jendaurrean adieraztea queer-a, lesbiana, homosexuala, bisexuala edo transa zarela. Beldur eta antsietate handiarekin bizi dira jadanik, eta ezin dira ia inorekin fidatu; horrek asko zailtzen du buruko gaixotasunen bat duenak laguntza eskatzea.

Sexuaren bidez transmititzen diren gaixotasunen tratamendua jasotzeko ere izango dituzte oztopoak…

Erabat. Sexuaren bidez transmititzen diren gaixotasunak gorputzeko edozein tokitan ager daitezke, eta estigma handia dago horien inguruan. Zer sexu mota praktikatzen duzun azaldu behar diozu medikuari, zer egin duzun, nola eta norekin. Informazio hori guztia ematea oso bortitza da kolektiboko pertsona horrentzat.

Berez, medikuak pazientearekin duen konfidentzialtasun ituna errespetatu behar luke. Baina zenbait sexu praktika kriminalizatuta dauden toki batean, litekeena da medikuak pazientea salatzea. Eta, hain justu, horren beldur direlako, askok ez dute laguntza bila jotzen, eta tratamendurik edo osasun arretarik gabe gelditzen dira.

Hegoafrikarra zara jaiotzez, eta han egiten duzu lan. LGTBI komunitatea konstituzioak babesten duen herrialde afrikar bakarretakoa da. Egoera oso desberdina da han eta Ugandan?

Berez, Hegoafrikako Konstituzioak babestu egiten ditu LGTBI komunitateko kideen eskubideak, baina hori ez da islatzen kalean. Aurreiritzi asko daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.