NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritza bat uharteetan bisitan da egun hauetan, eta haiei uharteak «arriskuan» dauden leku gisara izendatzeko eskatu die Rafael Correak. Babesteko. Ekuadorko hainbat agintarik azken urteetan arazoaren aurren utzikeriaz jokatu dutela salatudu. Bera prest agertu da, ordea, Galapagoak babesteko neurriak hartzeko. Ez du zer erabaki klase hartuko dituen zehaztu, baina turismoa gutxitzeko neurriak hartuko dituela pentsatzen dute.
Galapagos uharteak ezagun dira mundu osoan, bertan espezie arrunt bitxiak bizi direlako. Dortoka erraldoiak eta itsasoko iguanak dira, batez ere, ezagun. Espezie bitxi horiei begira garatu zuen, hein handi batean, Charles Darwin ikertzaileak eboluzioaren teoria; eta horrek oraindik ere erakargarriago eta ezagunago egin ditu uharteak. 1930eko hamarkadan, Munduko Ondare izendatu zituzten. Egun 20.000 lagun inguru bizi dira uharteetan. Gehienek, arrantzan eta turismoan dituzte beren diru iturri nagusiak. Rafael Correak larrialdi deia egin duenerako egoera oso larria dela salatu dute zenbait talde ekologistak; egoera Gobernuak dioen baino askoz ere okerragoa dela diote.
ARAZOAK MILITARREKIN. Galapagos uharteen inguruko kezka azken asteetan areagotu da lehengo hilean Galapagoak Parke Nazionaleko hainbat langileri --tartean zuzendariari berari, Raquel Molinari-- erasoegin zietelako Ekuadorko militarrek.
Parkeko arduradunek gertatutakoari buruz eman duten bertsioan azaldu dute hainbat lagun baimendu gabeko lekuetan arrantzan eta turismoa egiten atzeman zituztela, eta kontu eske joan zitzaizkiela. Antza, FAE Ekuadorko Aireko Indarren baimenarekin ari zirela adierazi zieten haiek, eta, benetan ari zirela dirudi; handik gutxira hainbat militar agertu, eta parke nazionaleko arduradunen kontra egin zuten. Bost lagun zauritu zituzten; horietako bat larri, eta ebakuntza egin behar izan diote.
Correa presidenteak ikerketa bat agindu du jazoera hori argitzeko. Horrekin ez du lortu, hala ere, Ekuadorren Galapagoekiko kezka arintzea. Izan ere, uharteetako mehatxu nagusiak legez kanpoko jardueren ondorio dira, eta horietan militarrek babesa ematen dutela dirudi.
Irailean klima aldaketari buruz bilera egin nahi du Nazio Batuen Erakundeak
Balin (Indonesia) abenduan klima aldaketari buruzko konferentzia egingo du NBE Nazio Batuen Erakundeak; eta horren atarikoak prestatzeko, aurretik, bilera bat egitea egokia litzatekeela proposatu du NBEko idazkari nagusi Ban-Ki-moonek. Bilera hori irailean egin nahiko luketela esan du. Financial Times egunkariari eskainitako elkarrizketa batean eman du beren asmoaren berri. Izan ere, Balikoa oso konferentzia garrantzitsua izango dela nabarmendu du, eta ezinbestekoa dela ondo prestatzea. Lurraren berotzea eragiten duten isuriak murrizteko egun indarrean dagoen protokoloa --Kyotoko ituna-- 2012. urtera artekoa da, eta ordezko akordioaren oinarriak Balin jarri nahi dira. Akordio horren garrantziaz ohartarazi du Hondamendiak Gutxitzeko NBEko Idazkaritzak ere. Etorkizun hurbilean klima aldaketaren ondorioz hondamendi larriak jazoko direla nabarmendu du idazkaritzako zuzendari Salvano Briceñok, eta batez ere hiriak iznago direla kaltetuenak. «Lurraren berotzeak lehorte larriagoak eta uholdeak ekarriko ditu», iragarri du. Horiek eragindako miseriatik ihesi jendeak hirietara joko du, etahan gertatuko dira hondamendirik larrienak.