MUNDUA

Galdeketa antolatzeko eskumena eskatu dio Kataluniak Madrili

Aurrera egin du autodeterminazio erreferenduma egiteko eskumena Kataluniaren esku uzteko legez besteko proposamenak, 135 ordezkaritatik 87ren babesa jasota. PSCko hiruk bozkatu dute alderdiak agindutakoaren kontra.

Kataluniako Parlamentuko saioa, gaur. MARTA PEREZ, EFE
2014ko urtarrilaren 16a
17:23
Entzun

Kataluniako Parlamentuan, gaur bozkatu dute Madrili erreferendumak antolatzeko eskumena eskatzeko ebazpena. Ekimenak 87 boto jaso ditu alde, eta 43 kontra. Hiruk, berriz, abstentziora jo dute. CIUren, ERCren eta ICVren babesari —84 eserleku dituzte guztira— PSCren hiru batu zaizkio: Marina Geli, Nuria Ventura eta Joan Ignasi Elena.

Hain justu, PSCko parlamentariengan zegoen arreta jarrita. Hiru parlamentarik hautsi dute boto diziplina, baina handiagoa izan da higadura; bozketaren aurretik, Rocio Martinez Sampere PSCko parlamentariak esan du proposamenaren aurka bozkatuko zuela baina abstentzioaren aldekoa dela, eta PSCko zuzendaritzan duen kargua utzi du. Beste horrenbeste egin du Laia Bonetek.

Kataluniaren burujabetzari buruzko bide orria sinatu zuen arren, CUP abstenitu egin da gaurko bozketan. "Koherentzia independentista" dela medio egingo duela azaldu du David Fernandez diputatuak RAC-1 katean: "Herrialde burujabea eta subjektu politiko independentea baldin bagara, ez dugu baimenik eskatu behar aske izateko, ez eta barkamenik ere". Espainiako Kongresuari eskaera eginda, prozesua trabatzeko arriskua dagoela ohartarazi du: "Galdeketa egin beharra dago, estatuaren baimenarekin edo gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.