Kataluniako etorkizun politikoari buruzko legezko galdeketa egin ahal izateko, hainbat aukera proposatu zituen CATN Kataluniaren Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak. Horien artean ziren Espainiarekin adostutako erreferenduma egitea, Kataluniak berezko Kontsulta Legea bat egitea eta prozesu parte hartzaile bat egitea. Espainiak horiek guztiak ukatuz gero, CATNk plebiszitu izaerako hauteskundeak egitea proposatu zuen azken irtenbide gisa, Kataluniako Parlamenturako bozen legezkotasuna baliatuz. Emaitza bihar jakingo da, eta BERRIAk luze eta zabal jorratuko du.
Jokaleku horretara iritsiko da igandean Katalunia, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ahaleginean bide luzea egin eta gero. Galdeketa egiteko aginduarekin aurkeztu zen 2012ko hauteskundeetara CiU, eta hauteskunde formako galdeketa horrek zabalduko du Kataluniako etorkizun politikoan garai berri bat; independentziaren aldekoek irabaziz gero, Kataluniako estatu independenterako urratsak egiten hasi, eta berezko konstituzioa idazteko prozesu eratzailea abia dezakeelako; alderdi unionistek ordezkari gehiago lortuz gero, azken urteetako prozesu independentista eten egingo delako.
2012ko hauteskundeetatik sortutako parlamentuak antz txikia izango du biharko bozetatik eratutakotik. CiU jada ez da CiU, eta Convergenciak eta ERCk zerrenda bateratua osatuko dute. Bien baturak ordezkariak ugaritzen edo murrizten dituen, ikusteko dago. Aktore berri bat ere izango du parlamentuak; Catalunya Si Que Es Pot koalizioak barnean hartzen ditu ICV eta Podem, eta, neurri batean, haren arrakasta edo porrota izango da independentziaren garaipenaren edo porrotaren termometro bat.
Inkestetan, subiranistak nagusi
Inkestetan, behintzat, Kataluniako estatu independentearen aldeko indarrak dira garaile. Ia guztien arabera, Junts Pel Si zerrenda gehiengo absolututik gertu geratuko da, eta CUPen ordezkariak batuta —espero da orain arteko hiru parlamentari baino dezente gehiago lortzea—, gehiengo absolutua lortuko lukete subiranistek. Gehiengoa ordezkari kopuruan, eztabaidagai baita prozesu subiranistak aurrera egin dezan boto kopuruetan ere nagusi izan behar diren. Unionisten artean, Ciutadans-en hazkundea espero da, eta CSQEPrekin lehiatuko da unionismoaren erreferentea izateko.
Kataluniako Gobernuak plazaratutako datuen arabera, parte hartze handia espero daiteke. 2012ko bozetan baino %62,5 herritarrek gehiagok eskatu dute posta bidezko botoa emateko aukera; 129.192 lagunek, hain zuzen. Duela hiru urte, %67koa izan zen parte hartzea.