Galderan dago erantzuna

Ikertzaile talde batek ondorioztatu duenez, bigarren independentzia erreferendumean jasoko litzatekeen itaunak berak baldintzatu egingo luke bi aukerek izango luketen babes maila.

jon olano
Edinburgo
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun

Zein izango litzateke gaur-gaurkoz independentzia erreferendum baten emaitza Eskozian? Bada, neurri batean, galderak berak definitzen du erantzuna. Izan ere, galdetzen denaren edo galdetzeko formularen arabera, emaitza diferenteak izan ditzakete independentismoak eta unionismoak.

Hala frogatu eta argitaratu dute Rob Ford, Rob Johns eta John Garry ikerlariek London School of Economicsen blog batean, Scottish Election Study azterketako datuak baliatuta. Ondorio nagusia zera da: baiezkoak emaitza hobea izango lukeela hautesleei hau galdetuz gero: «Ados al zaude Eskoziak estatu independente bat izan beharko lukeela?». %50ek babestuko lukete baiezkoa galdera horri erantzunez gero.

Ikerlariek hiru galdera posible hartu dituzte kontuan. Batetik, 2014ko erreferendumean galdetutako bera: «Eskoziak estatu independentea izan behar al luke?». %47-48aren bueltan leudeke baiezkoak kasu horretan. Bigarren aukera da independentismoa portzentaje altuenera eramango lukeena, «ados al zaude...» formula jasotzen duena. Eskoziako Gobernua saiatu zen galdera hori egiten 2014ko erreferendumean, baina Hauteskunde Batzordeak ebatzi zuen ez zela egokiena, «ados al zaude...» dioten formulek baiezkorako joera bat sortzen dutelako, bereziki zalantzatien artean.

Haatik, beste galdera bat ere planteatu dute ikerlariek, brexit-ari buruzko 2016ko erreferendumaren itaunean oinarrituta. Horren arabera, bigarren independentzia erreferendumean galdetuko balute Eskoziak Erresuma Batua utzi edo bertan jarraitu behar duen, uztearen aldekoak %44 inguruan leudeke. Zergatik alde hori? Antzeman dutelako 2016ko kontsultan Europako Batasunean jarraitzearen alde bozkatuko dutenetako ugariri kosta egingo litzaiekeela beste galdeketa batean uztearen aukerarekin identifikatzea. Hori bereziki esanguratsua izan daiteke hurrengo erreferendumean; batetik, 2014an independentziaren eta 2016an Europako Batasunetik irtetearen aurka bozkatu zutenetako askok aldatu dutelako iritziz, eta hurrengo erreferendumean independentziaren alde egingo luketelako oraingoan; horretarako, traba bat liteke utzi/jarraitu eskema. Bestetik, inkestek gaur-gaurkoz parean jartzen dituztelako independentismoa eta unionismoa, eta, beraz, xehetasunetan erabaki liteke bi aukeretatik zein nagusituko litzatekeen.

Azterlanean planteatutako hiru galderek adierazten dute aukera batzuk 2014ko erreferendumean baiezkoak izandako emaitza hobetuko lukeela, baina 2014ko portzentajetik behera egongo litzatekeela utzi/jarraitu itaunduta. %45ek babestu zuten Eskoziaren independentzia 2014ko kontsultan. «Boto emaileak zatituta badaude, gaur egun independentziaren auzian dauden bezala, itxuraz garrantzirik ez duten gaiek ere (galderaren aukerak kasu) aldatu dezakete nazio baten historiaren ibilbidea», ondorioztatu dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.