BESTE BATASUNA

Galegozko irakaskuntzak izan dituen murrizketak salatu dituzte

Haur Hezkuntzako 79 gela, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 19 zentro eta hogei formakuntza ziklo kendu dituzte

Erredakzioa
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Galiziako Xuntak hezkuntza publikoan galegoz irakasten duten zentroetan murrizketak egin izana salatu dute hainbat erakundek. Orotara Haur Hezkuntzako 79 gela, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hemeretzi zentro eta hogei formakuntza ziklo kendu dituzte. Hilaren 10ean hasi zen ikasturtea, eta orduan izan zuten egindako murrizketen berri. Galizia osoan, horren harira, mila irakasleren lanpostuak galdu direla ere ohartarazi dute erakundeek.

Alberto Nuñez Feijooren (PP) hizkuntza politika galegoa arriskuan jartzen ari dela uste dute hizkuntzaren defentsan lanean ari direnek. Hizkuntz Aniztasunaren Dekretua bera normalkuntzaren bidean oztopo bat dela eman dute aditzera; dekretu horrek ezartzen du Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eskolen erdiak gaztelaniaz irakastea eta beste erdiak galegoz. Horrek galegoa desagertzen joatea eragingo duela ohartarazi dute.

Erabileraren inguruko inkesta

Hezkuntzak hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran duen eragina agerian utzi du, alde horretatik, atzo argitara eman zuten inkestak. Hizkuntz Jarreren eta Iritzien Ikerketak jaso duenez, egun herritarren %61ek ikasten dute galegoz; hiru laurdenek hizkuntza sendian ikasi badute ere. Galegoa da herritar gehienen ama hizkuntza, jaiotzetik elebidunak direnen kopurua hogei urtean bikoiztu bada ere. Carlos Neira irakaslearen arabera, hezkuntza «erabakigarria» da ahozkotasuna bermatzeko.

Kultura Galegoaren Kontseiluak iaz egin zuen ikerketa 18 urtetik gorako 2.400 herritarren artean -telefono bidez-. Egunerokoan galegoz mintzatzen diren herritarrak %58,8 dira, inkestaren arabera, baina kopuru hori nabarmen handiagoa da 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan. Horietan %70,4koa da kopurua; hiri handietan, berriz, %28,8koa. Vigoko hirigunea da gaztelaniaren erabilera handiagoa den lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.