Galesek alde handiz onartu du bere autonomia zabaltzea

Asanbleari legeak egiteko eskumena ematearen alde bozkatu dute hiru boto emaileetatik bik

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabeko baiezkoa eman diote Galesko herritarrek beren autonomiaren handitzeari. Ostegunean egindako erreferendumean, Galesko Asanbleak botere legegilea izatearen aldeko 517.132 boto izan ziren eta aurkako 297.380. Hau da, %63,5 alde eta %36 aurka.

Parte hartzea txikia izan zen, erroldaren %35,4 baizik ez baitziren botoa ematera agertu. Botoemaile gehiago izan ziren Cardiff hiriburuan (%38) eta abertzaleak indartsu diren mendebaldeko eskualde galesera hiztunetan. Horietako batean, Gwynedden, %43k eman zuten botoa eta horietatik lautik hiru alde.Kontrara, Ingalaterrako mugan dagoen Monmouthshiren aurkakoak nagusitu ziren, alde txikirekin: %49,4 alde eta %50,6 aurka.

Carwyn Jones lehen ministro laboristak emaitza txalotu egin zuen: «Gaur, nazio zahar batek adinez nagusi izatea lortu du».Hitz arrandiotsuak baliatu zituen haren bigarrenak ere, Plaid Cymru alderdi abertzaleko Ieuan Wyn Jonesek: «Galesen autonomiarentzat garai berria hasi da. Begirunea eskatzeko, lehenik zeure burua errespetatu behar duzu eta […] hori egin dugu».

Erreferendumari esker Galesek ez du eskumen gehiago lortuko, eta Eskoziak edo Irlanda iparraldeak baino autonomia mugatuagoa izango du aurrerantzean ere. Baina, orain ez bezala, gaur egun kudeatzen dituen hogei arlotan legeak egiteko eskubidea izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.