Galizia eta Portugalgo suteak nahita piztutakoak direla diote agintariek

Asteburuko eta atzoko suteen ondorioz, gutxienez 31 pertsona hil dira Portugalen, eta lau Galizian. Prebentzio neurriak eta baliabide gehiago exijitu dizkiote oposizioak eta ekologistek Xuntari

Galizia eta Portugalgo suteak nahita piztutakoak direla diote agintariek.
Igor Susaeta.
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Portugal iparraldean eta, batez ere, erdialdean, 500 sute pasa piztu ziren asteburuan, eta atzo —30 bat piztuta daude oraindik— eta horiek 31 lagun hil dituzte gutxienez. Jorge Gomes Barne Administrazioko Estatu idazkariaren esanetan, «esku kriminal bat» dago sute horien «gehienen» atzean; nahita piztutakoak izan direla, alegia. Galizian 150 bat sute zenbatu dituzte azkeneko hiru egunetan, eta, Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidentearentzat, «probokatutakoak» dira. «Sute terrorismoa» salatu zuen atzo goizean egindako agerraldian, eta ordu batzuk geroago uste hori baieztatu zuen Manuel Teijeiro Espainiako Poliziaren Vigoko komisarioak: «Ehuneko handi batean probokatutakoak dira». Haren esanetan, egileek antolatuta jokatu dute —Ponferradako Poliziak (Gaztela-Leon, Espainia) gizon bat atxilotu zuen, atzo, han piztutako suteekin lotura izan dezakeelakoan—. Alvaro Garcia Ortiz Galiziako Ingurumen fiskalaren iritziz, baina, «goiz» da suteak zerk piztu dituen jakiteko: «Ikertzaileei denbora eman beharko zaie». Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Galiziara joan zen atzo. «Ikusten ari garena ez da kasualitatea: probokatu egin dute». Asturiasen (Espainia), bestalde, 35 sute zenbatu zituzten, eta atzo gauean 27artean ere piztuta zeuden. Ez dago hildakorik.

Galizian lau dira hildakoak—hiru dolu egun ezarri ditu Xuntak—, eta oposizioko zenbait alderdik Galiziako Gobernuaren kudeaketa kritikatu dute —PP dago agintean—. Luis Villares En Mareako bozeramaileak baliabide gabezia salatu du, eta adierazi suteei aurre egiteko Xuntaren planifikazioa «eskasa» dela. Ana Ponton BNGko bozeramailearentzat, horren guztiaren ondorioz «aurreikus» zitekeen gertatutakoa.

Lehortea pairatzen ari dira Galizian, eta, gainera, tenperaturak altuak izan dira asteburuan eta haizeak gogor putz egin du —atzo iluntzean euria hasi zuen Galizian—. 4.000 hektarea pasa erre ditu oraingoz suak, oraindik ere 40 bat sute piztuta daude, eta horietako bederatzi arriskutsuak dira bai pertsonentzat eta bai eraikinentzat ere. Sute horien guztien errautsak Euskal Herrira ere heldu direla jakinarazi zuten, atzo, Sos Deiak-ek eta Bomberos Euskadik.

Galiziako Gobernuko agintariek ez dute prebentzio neurriez hitz egin nahi izan, baina Xuntak basoko brigadetan egindako murrizketak kritikatu dituzte hainbat sindikatuk. Joan den irailaren 30etik 436 langile gutxiago daude brigadetan, Xuntak udako hilabeteetarako soilik kontratatzen dituelako zenbait langile. CCOOren aburuz «ausarkeria» dira murrizketak. UGTk baliabide gehiago exijitu ditu, eta CSIFk prebentzioa neurriak hobetu ditzala eskatu dio Galiziako Gobernuari. Adega elkarte ekologistaren esanetan, suteetako asko «bulegoetan» hasten dira, eta «prebentziorik eza» nabarmendudu. Elkarteak salatu du, batetik, geroz eta eukalipto gehiago landatzen dutela Galizian —espezie sukoia da—; eta, bestetik, mendiko komunitateen «estalitako pribatizazioa». Izan ere, SLG Galiziako nekazarien sindikatuaren arabera, badago Galizia «eukalipto gune bat» bihurtzeko plan bat. Xose Ramon Cendan sindikatuko zuzendaritzako kidearen esanetan, Ence multinazionalak eta Xuntak berak bultzatu dute hori. Prebentzio neurrietan murrizketak egin ditu Xuntak, PP agintera heldu zenetik (2009).

Autobabeserako deia

Portugal erdialdean 64 pertsona hil ziren joan den ekaineko suteetan, eta horri buruzko ikerketa independente batek nabarmendu du ez zela agintarien artean koordinaziorik egon suteak itzaltzeko. Antzeko egoera pairatu dute oraingoan ere, suhiltzaileek salatu dutenez. Haien esanetan, herritarrei laguntza eskatu behar izan diete. Horren harira, baina, adierazpen polemikoak egin ditu Jorge Gomes Barne Administrazioko Estatu idazkariak. «Komunitateek beraiek izan behar dute proaktiboak; ezin dira suhiltzaileen zain egon gure arazoak konpontzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.