Asturiasko mendebaldeko eskualdeetan gertaturiko lau kasuren berri eman zuen adibidetzat Xesus Feito Las Vegas de Corbera ikastetxeko hizkuntza irakasleak: «Cangas del Narceako gutxienez bi haurri eta Allandeko beste biri hizkuntza atzerapena diagnostikatu zitzaien eta benetan zutena baino inteligentzia-koefiziente baxuagoa eman zieten probak egin ondoren».Bi eskualdeok galiziera eta asturiera mintzo diren eremuak banatzen dituen hizkuntza mugan daude, eta ez da argitu kalteturiko haurrok zein hizkuntza daukaten. «Hezkuntza bereziaren beharra diagnostikatzen diete, hizkuntza arazoa denean», salatu du Suateak.
Erantzun zuzen bakarrak, gaztelaniazkoak
Gaztelania hutsezko adimen probok Asturias osoan egin dituztela eman du aditzera Suatea sindikatuak. Feitoren arabera, honetan datza arazoa: azterketok akats gisa sailkatzen dituzte haurrok asturieraz edo galizieraz zuzen emaniko erantzunak. Proba batean, esaterako, abereen irudiak agertzen ziren, eta ondoan haien izena idaztea eskatzen zitzaien haurrei. Izena gaztelaniaz jasotzen ez zuten erantzunak okertzat jo zituzten zuzentzaileek, eta umeek «ulermen maila urria» zutela ondorioztatu.
Xoan Fernandez Castañon -Suatea hezkuntza sindikatuko burua
«Beren buruaren eta mintzairaren estimua galarazten diete haurrei»
Suatea hezkutza sindikatuko Xoan Fernandez Castañonek Asturiasko Gobernuaren jarrera salatu dio berriari, adimen proben aferaren haritik.
Lau kasuren berri eman duzue adibidetzat. Zenbat izan daitezke, oro har, gaztelaniazko adimen probak kalteturiko haurrak?
Guk Feito irakasleak kontrolaturiko lau kasu horien berri dugu.Feitok kontrolatu bazituen, inguru hartan lanean ari zelako da. Soilik bi ikastetxe zaindu ahal izan zituen hark. Baliteke inguru berean Feitok atzeman gabeko kasuak ere izatea. Edonola ere, probak Asturias osoan egin dituzte, eta gaztelaniaz mintzo ez diren haurrak asko dira.
Proba egin aurretik eskolan arazorik izandako haurrak al dira?
Erabat «normalak» diren eskolaumeez ari gara, inoiz ikasketekin edo portaeraeran arazorik izan ez duten haurrez, alegia. Arazoa testean erabilitako hizkuntza da, ez besterik. Ulermena eta adierazpena neurtzen zuten azterketok, eta bistan denez, gaztelaniatik baloratzen bada, haurron emaitza berezkoa baino baxuagoa da.
Noiztik egiten dira azterketok?
Aspaldi. Logse legea indarrean sartu aurretik ere. Pentsa dezakezu jende asko egon daitekeela testaren ondorioak pairatu dituena, berez ikasle onak ziren ugari tartean. Ezin dugu esan, halere, zenbat izan daitezkeen. Haurron txostenak zentroetan gordetzen badira ere, soilik zuzendaritzak eta hezkuntza berezietako taldeek daukate horiek ikusterik. Gurasoek ere ez dute diagnostikoa nola egin den ikusteko informazioa jasotzerik.
Lau kasuotan, zer ondorio izan du azterketak haurrontzat?
Zentro berezietara ez dituzte eraman, behintzat. Hori izugarri larria izango litzateke. Halere, ez dute gainontzeko ikasleek jasotako curriculum eta eskola ordu berdinak izan. Aparte hartzen zituzten hainbat ordu astero, banan-bana, gaztelaniaratzeko. Adin zail horietan, gainera, litekeena da psikologikoki eragin handia izatea: autoestimuan, beren hizkuntzarekiko estimuan, eta beren kultura baloratzeko orduan, batez ere. Kalte handia sor dezakeen curriculum ezkutua sortzen da hor, zalantzarik gabe.
Erantzunik eman al dute agintariek ?
Agiri bat atera zuten esanez Asturiasen ez dagoela gaztelaniaz besteko elebakartasunik. Irakasleok berriz, ondo dakigugezurra dela. Kasu ugari daude, eta hainbat eskualdetan, eskoletako haurren %100 dira. Azterketa soziolinguistikoa egitea eskatu diegu errealitatea ezagutzeko. Salaketa egin duen irakasleak ondorioak jasango dituela ziur naiz, ordea. Badakigu hekuntza ikuskaritzak dei egin ziola Gabonak hasi aurretiko azken eskola egunean. Nik gero hitz egin nuen berarekin eta ez zidan gauza handirik esan nahi izan. Ez dakit ikuskaritzak ez ote zuen beldurtu moduren batean edo bestean. Ordubete egin zuen haiekin bilduta. Uste dut ixilik egoteko eskatu diotela. Badakit Feitoren sindikatuak CCOOk irakaslearen salaketa gutxiesteko agiria plazaratzeko asmoa duela.Ziurtzat dut, berriz, aferak hezkuntza edo hizkuntza politikan ez duela izango inolako ondoriorik. Gaztelania ez dena, «salbuespen» gisa tratatzen dute irakaskuntzan.