Agintea eskuz aldatu da Indian. Lehen historia luzeko dinastia politiko batek zuen agintea, eta, orain, nazionalismo erlijiosoan eta botere ekonomikoan oinarritutako beste kasta batek du. «Modiren garaia heldu da», diote Indiako hedabide anitzetako lerroburuek. Izan ere, Narendra Modiren BJP Bharatiya Janata alderdi hinduista eta eskuindarrak garaipen historikoa lortu du legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta alde handia atera dio Nehru-Gandhi familiak kontrolatutako INC Indiako Kongresuaren Alderdiari.
Behin-behineko zenbaketaren arabera, gehiengo osoa lortu du BJPk, Lok Sabha —legebiltzarreko Ordezkarien Ganbera— osatzen duten 545 diputatuetatik 282 izanen baititu. Orain arte agintean egon den Kongresuaren Alderdiak, berriz, inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu, 44 legebiltzarkide besterik ez baitu izanen legealdi berrian.
BJPren garaipen garbiak, bestalde, garrantzi handiagoa du Indiako Legebiltzarraren atomizazioa kontuan izanda. Izan ere, 1.241 milioi biztanle dituen herrialdean 35 alderdi politikok ordezkaritza dute legebiltzarrean eta zatitutako ganbera horretatik oso gutxitan atera dira gehiengo osoa duten gobernuak. Azkenekoa 1984. urtean izan zen: Kongresuaren Alderdiak 415 diputatu lortu zituen, Indira Gandhiren erailketak eragindako lurrikara politikoaren ostean.
Behin-behineko emaitzak ezagutu orduko, sare sozialetan eman zuen Modi hautagaiak bere garaipenaren berri: «Indiak irabazi du. Garai onak datoz», idatzi zuen bere Twitter kontuan. Izan ere, gazteen botoa erabakigarria izanen zela jakinda —150 milioi inguru—, garrantzi handia eman diete Modik eta BJPk teknologia berriei hauteskunde kanpainan.
Berritasunaren eta inkonformismoaren ikur gisa aurkeztu du bere burua Modik, eta diskurtso horri heldu dio hauteskundeen biharamunean ere. «Estreinakoz, 1947ko independentziaren ondotik jaiotako pertsona batek gobernatuko du herrialdea», esan zien bere jarraitzaileei 63 urteko hautagaiak atzoko agerraldi publikoan. BJP alderdiko militante eta boto-emaileek New Delhiko karriketan ospatu zuten garaipena, musika eta danbor hotsekin. I Modified India (nik Modifikatu dut India) hitz-jokodun leloa izan zen gehien errepikatu zenetako bat.
Aro baten bukaera
BJPren jarraitzaileen ospakizunei kontrajarrita, Kongresuaren Alderdiak agerraldi hotz eta laburra egin zuen. Porrota onartu eta bozen irabazlea zoriondu zuten gandhitarrek. «Nahiko gaizki egin ditugu gauzak, eta alderdiko presidenteorde naizen aldetik, emaitza txar hauetan dudan erantzukizuna onartu behar dut», esan zuen Rahul Gandhik. Haren ama eta Kongresuaren Alderdiko presidente Sonia Gandhik gaineratu zuen herritarren borondatea «onartu eta errespetatu» egiten dutela, betiere, emaitza hobeak espero zituztela nabarmenduta.
Izan ere, 162 legebiltzarkide galduta —206 lortu zituen 2009ko bozetan— oposiziora pasatzea kolpe handiegia da 1947az geroztik herrialdea aldez edo moldez gobernatu duen familiarentzat. Zehazki, duela 67 urte India herrialde burujabe bihurtu zenetik, 54 urtez izan da gobernuan Kongresuaren Alderdia. Orain, berriz, Gandhi familiaren gotorleku den Amethi barrutian lortutako garaipena da Kongresuaren Alderdiak ospatu ahal duen bakarrenetako bat.
Izan ere, bi faktore nagusik hondoratu du Nehru-Gandhi familiaren agintea: alde batetik, egungo egoera ekonomiko larriak; bestalde, gobernua azken urteetan zipriztindu duten eskandalu politikoek eta ustelkeria salaketek. Izan ere, Indian dinastia politikoak ongi ikusiak dauden arren, botoa eman duten gazteek joera irauli dute, eta ustelkeriari ateak zabaltzen dizkion kasta politikoaren kontrako protesta-botoa eman dute.
Ekonomiari dagokionez, herrialdeko barne produktu gordinaren hazkundea asko mantsotu da azkenaldian. Industria eta zerbitzuen sektoreek atzeraka egin dute, eta populazioa nekazari guneetara itzuli da, hirien eta industrialdeen pobreziatik ihesi. Langabezia maila ere aspaldiko altuena da. Gero eta gehiago dira kualifikaziorik gabeko beharginak; gero eta urriagoak, berriz, lanpostuak. Hainbat ikerketaren arabera, datozen 15 urteetan 90 milioi indiar sartuko dira lan merkatuan, eta oso zaila izanen da enpleguak ere neurri berean haztea.
Politika ekonomikoen norabidea aldatu beharra dagoela erabaki dute hautesle gehienek, eta hori izan da, hain zuzen, Narendra Modik jokatu duen karta: 12 urtez Gujarat probintziako lehen ministro izan zen BJP alderdiko burua, eta han lortutako egonkortasuna nahiz hazkunde ekonomikoa herrialde osora hedatuko dituela agindu du.
India. Legebiltzarrerako hauteskundeak
Gandhi dinastia, tronutik at
Alde handiz irabazi ditu bozak Narendra Modiren BJP alderdi eskuindarrak, eta gehiengo osoa lor dezake parlamentuanKrisiak eta ustelkeria kasuek itota, behea jo du gandhitarren Kongresuaren Alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu