Garagardo lantegia askatzeko borrokan

Edu Lartzanguren.
2003ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Erasoa abiatzen duena da irabazlea beti. Hainbat orduz, behintzat. Gero ihesari ekiten dio, hurrengo oldarraldia prestatzeko. Hala dabiltza azken hiru urteotan Liberiako presidente Charles Taylorren armada eta matxinoak, azken egunotan Monrovia hiriburuaren inguruan ehunka hildako utzi dituen gerra kortsarioan. Saria dakarren estrategia da: eraso-erretiratze horretan, arpilaketari ekiten diote guztiek. Oso era argian azaldu zuen jokabidea Gobernuko soldadu batek ostiralean: «Doala [hiriburuko iparraldeko auzoa] orokorrean askatzeko ari gara borrokan, garagardo lantegia bereziki».

Monroviaren inguruan tiro eta artilleria hotsak nagusi ziren bitartean, bake negoziazioetan zebiltzan, Ghanan, Gobernuaren eta matxinoen ordezkariak. Nazioarteak inposaturiko elkarrizketak dira, hein handi batean. Izan ere, presidentea auzipetu zuen ekainaren 4an Sierra Leonako gerra zibileko gerra kriminalak juzgatzen ari den epaitegiak. Auzoko estatuak hamar urtez pairaturiko gatazka bultzatu izana leporatu zion Taylorri Nazio Batuen Erakundeak, 2001ean. Taylorrek «gerra krimenak, eta gizateriaren kontrako krimenak» egin zituen Sierra Leonan, auzitegi bereziaren arabera. Liberiako presidenteak heriotzaren taylorismoa (200.000 hildako) ezarri zuela Afrikako mendebaldean, alegia.

Taylorri egozten diotenez,bere lagun Foday Sankoh militar sierraleonarra bultzatu zuen 1991n Fronte Iraultzaile Batua talde matxinoa sortzera, herrialdearen egonkortasuna gudaz kolokan jartzeko. Sankohren matxinoekin arma-diamanteen truke negozioan aritzeko gerraz baliatu izana egozten dio NBEk Taylorri. Horren haritik, arma bahimendua ezarri zion Liberiari 2001ean. Gero boliaren esportazioei ere bai. NBEren zigorren ondorio tipikoak: kaltea herrialdearentzat eta herritarrentzat.

Saga afrikarra

Taylorren diru gosea ez zen berria. Bere trebezia erakutsi zuen, ekonomista gisa, Samuel Doe presidentearen gobernuan: 900.000 euro «desbideratu» zituen eta AEBetan atxilotu zuten. Ihes egin eta Boli Kostatik matxinada abiatu zuen Doeren kontra. Azkenean, presidente bilakatu zen 1997ko hauteskundeetan.

Taylorren kideek Doe hil zuten 1990ean, hark bere aurrekoa, William Tolbert presidentea, 1980an exekutatu zuen bezala. Taylorren aurkako errebolta 1999an hasi zen. Matxinoen artean, Chayee Doe dago, hildako agintariaren anaia gazteena, LURDeko kide bihurtuta.

Adiskidetzearen eta Demokraziaren Aldeko Liberiar Batuak (LURD) taldeak Ginearen sostengua du, Taylor agintetik kentzeko borrokan. Izan ere, Monroviak matxino ginearrei emaniko sostenguaren ordaina da Konakryk LURDi luzaturiko laguntza, behatzaileen arabera.

Beste talde matxino bat agertuda aurtengo martxoan, ekialdean: Liberian Demokrazia Ezartzeko Mugimendua (MODEL). Bi taldeon artean herrialdearen %60 inguru dute menpean. Taylor frontea eta itsasoaren artean dago Monrovian, eta ez ditu etsaiak besterik. Kargua uzteko esan zion ostegunean George Bush AEBetako presidenteak. Erresuma Batuak Sierra Leonako Gobernua babesten du, Taylorrrek lagunduriko matxinoen aurka. Lansana Conte Gineako presidenteak duela 11 urte esan zuen Taylor «eskualdea sutan jarriko zuen «minbizia» zela.

Bakarturik, matxinoekin negoziatu behar izan du, Mendebaldeko Afrikako Estatuen Ekonomia Elkarteak bultzatuta. Herenegun, negoziazioak atzeratu zituzten bitartekariek, su-etena errespetatu ez zutelako.

Sierra Leonako Gerra Krimenen Auzitegiak atxilotzeko agindua eman arren, Monroviara itzultzen utzi zioten Ghanako agintariek, Taylorren presidentetzaren azken egunak zirela konbentziturik, ziurrenik. «Arazoa neu banaiz, prest nago desagertu eta bakeari aukera emateko» esan du Taylorrek aste honetan. Bezperan zera zioen: «Inoiz ez da eztabaidagai izango 1997an bozen %80rekin irabazi nuen presidente kargua».

Liberiak AEBekin lotura estua du, baina Washingtonek ez du agertu bake indarrak bidaltzeko asmorik, nahiz hainbat ahotsek nazioartearen esku-hartzea eskatu duten. Etxe Zuriak bide diplomatikoa aukeratu du Taylor boterea uzteaz konbentzitzeko.

Erretiroak prest dirudi. Ondoren, baliteke botere borroka latzagoak gertatzea, matxinoek ez baitute helburu politiko argirik. Hori bai, Monroviako garagardo lantegia dute kontrolpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.