Garai berriak

AINARA MENDIOLA - KAUNAS-VILNIUS
2004ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
ilnius da itsasoa inguruan ez daukan Baltikoko hiriburu bakarra. Iparraldera ematen du itsasoak eta Vilnius hegoaldean dago. Klaipeda (200.000 biztanle), hirugarren hiri handiena da, eta itsas garraio gune nagusia.

Lituaniako hiri zaharrenetarikoa da Vilnius. Neris ibaiaren bi aldeetara dago. Gediminas Duke Handiak eraikiarazi zuen, 1323an. Gotiko, barroko eta berpizkundeko eraikinak ondare unibertsal izendatu zuen UNESCOk 1994an. XIX. mendean kultura juduaren gune garrantzitsu izan zen hiria. Lituaniako Jerusalem deitzen zuten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, aldiz, Baltikoko herrialdeetako komunitate judu handiena ia desagerrarazia izan zen. 1920an, Vilnius eta hiria dagoen eskualde osoa okupatu zuen Poloniak. 1939an, Lituaniak eta Sobiet Batasunak elkar laguntzeko akordio bat sinatu zuten, zeinaren arabera Vilnius eta bere eskualdea berriro ere Lituaniaren esku geratu ziren. Lituania estatu baltikoetatik handiena da hedaduraz: 65.000 kilometro kuadro. Hala ere, urteetan izandako okupazio eta borroken eraginez, jatorrizko lurraldearen heren bat txikiagoa da egun. Historiako lehen desfile militarra egin zuen apirilaren 2an, Legebiltzarraren egoitzatik Katedral Plazara, herrialdea NATOn sartu zela-eta. Errusia kezkatuta dago Baltikoko errepublikak NATOn sartu berriak direlako eta laster EBn egongo direlako. Batez ere Lituaniak kezkatzen du, Errusiaren esku dagoen Kaliningrad lurraldearekin muga egiten duelako. EBren barruko lurraldeez inguratuta geratuko da Kaliningrad.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.