Garai zaharreko eragina berpiztera

Errusiak bere gerraontziek erabili ahal izateko portuak irekitzeko eskatu die Kubari eta Vietnami, SESBen aroan bezala. Moskuk zehaztu du ez duela base militarrik eratu nahi. Vietnam portu bat uzteko prest dago.

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aitzineko mendean SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna eta AEBak aurrez aurre eduki zituen Gerra Hotzean, bi potentzientzat berebiziko garrantzia zuen munduko edozein tokitan esku hartzeko edo eragiteko gaitasuna izateak. SESB 1991n desegin zen, eta haren oinordekotza hartu zuen herrialdea, Errusia, ahul gelditu zen potentziaren estatusari eusteko. Lehenbiziko hamarkada gorabeheratsuaren ondoren, Vladimir Putinek nazioartean galdutako eragina berreskuratzeko xedea hartu du presidentetzara egin duen itzuleran. Horretarako bidean, SESBek Kuban eta Vietnamen zituen portuak berriz ere Errusiaren esku uzteko negoziatzen hasi da Kremlina.

«Lanean ari gara Errusiako itsas armadaren indarrek Errusiako Federaziotik kanpo kokatzeko tokia izan dezaten», jakinarazi du Viktor Txirkov almiranteordeak. Txirkovek ez du aipatu base militarrak eratu nahi dituztenik, itsasontzien mantenurako portuak baizik. Vietnamgo presidentea izan da eskaintzari erantzun dion lehenbizikoa, eta baikor, gainera. Hala ere, base militarrik ez dutela eratuko erran dio Truong Tan Sang presidenteak Voice of Russia irratiari. SESBen aroan bezala, Cam Ranh-en ezarriko litzateke portua, eta base militarra ez izan arren, bi herrialdeek «elkarlan militarra hobetzeko» erabiliko lukete.

SESBeko flota 1979an ezarri zen Cam Ranhen, 2001ean, Putinen aroaren hasieran, Errusiak portua ixtea erabaki zuen arte. Hamarkada batean Moskuren gibelera egitearen adierazle zen hori. Vietnamez gain, SESBek bertze sei herrialdetan zituen portuak: Sirian, Libian, Yemenen, Etiopian, Angolan eta Kuban. Gaur egun, Errusiak soilik bi portu mantendu ditu bere mugetatik kanpo: azkenaldian hainbertze aipatu den Siriakoa, Mediterraneoan, eta bertzea Ukrainan, Sebastopolen —1991 arte SESBen mugen barrenean zegoen—.

Piraten aurka, Seychelleetan

Errusiako itsas armadak 2008an bat egin zuen Adengo golkoan piraten aurka abiarazitako nazioarteko operazio militarrarekin, eta, horren harira, gerraontziak kokatzeko atzerrian portuak edukitzeko beharra ikusi zuen. Djibutirekin edukitako negoziazioek ez zuten fruiturik eman, eta, orain, Errusiak Seychelleei egin die eskakizuna.

Kuban eta Vietnamen, ordea, nekez erabili dezake piraten aurkako borrokaren argudioa. Hortaz, ikusteko dago AEBek nola erreakzionatuko duten, kontuan hartuta, adibidez, zer nolako errezeloz begiratzen dieten Txinak Asiaren ekialdeko kostan bertan egiten dituen mugimenduei, Ipar Amerikatik milaka kilometrotara. Dudarik ez da Kubak Errusiaren portua ezartzea onartuko balu, AEBen erantzunen bat sorraraziko lukeela horrek. 1962an Misilen Krisiak sortutako tentsio giroa urruti dago, baina Washingtonen politika Habanarekiko ia ez da aldatu, eta Mosku berriz ere Atzeko patiora bueltatzea ez luke gustura hartuko.

Vietnamgo kasuan, berriz, AEBek estrategia militarra Asia-Ozeano Barera bideratu dutenean etorriko litzake Errusiaren presentziaren buelta. SESBek Vietnami laguntza eman zion AEBen aurkako gerran, baina azken hamarkadan anitz hobetu dira Hanoiren eta Washingtonen arteko harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.