Ekuador. Hauteskundeen emaitzak

Garaipenaren unea luzatu da

Behin-behineko emaitzen arabera, Moreno ofizialistak jaso du boto gehien: %39,13. Etzi jakingo dute, behin betiko kontaketarekin batera, bigarren itzulia egin beharko duten ala ez

Rafael Correa, Lenin Moreno eta Jorgue Glas, herenegun, Quiton, garaipena ospatzen. JOSE JACOME / EFE.
ander perez zala
2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Luze iraungo du Ekuadorko hauteskunde orokorren zenbaketak. Herenegun egin zuten bozen lehen itzulia, baina, gutxienez, bihar arte ez dituzte jakinaraziko behin betiko emaitzak, eta litekeena da etzi arte ere luzatzea kontaketa; besteak beste, atzerrian bozkatu dutenen botoak zenbatzea falta delako. Bitartean, behin-behineko emaitzen arabera (%89), AP Herri Aliantzaren presidentegai Lenin Morenok gutxigatik ez ditu irabazi hauteskunde orokorrak lehen itzulian. Botoen %39,11 eskuratuta, ez da ez gehiengo osora iritsi, ezta %40ra ere —eta bigarrenarekiko hamar puntuko diferentziara—. Hala, oraingoz, badirudi Moreno eta CREO mugimendu kontserbadoreko Guillermo Lasso —botoen %28,32— aurrez aurre izango direla apirilean 2an, bozen bigarren itzulian.

Emaitzek oraindik nahikoa babes eman ez dioten arren, Moreno ofizialista «ziur» da hauteskundeak lehen itzulian irabaziko dituela, Lassorekiko alde «handia» duelako, eta atzerriko botoek bere alde egingo dutelako. Izan ere, herrialdetik kanpo dauden ekuadortar gehienek aurreko presidente eta alderdikide Rafael Correaren alde bozkatu izan dute, eta, oraingoan, Correaren ondorengo Morenoren alde egin dute, lehen emaitzen arabera. 378.292 ekuadortar daude atzerrian; horien %80 AEBetan, Espainian eta Italian, CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidente Juan Pablo Pozok jakinarazi duenez. Bozkatzea derrigorrezkoa den arren, %18ko abstentzioa egon zen herenegun.

Zenbatzea hainbeste atzeratu izanak iruzurraren mehatxua zabaldu du herrialdean, eta CNE egoitzen parean protestatu zuten atzo hainbat ekuadortarrek—Quito eta Guayaquileko egoitzetan—, Lassoren jarraitzaileek gehienbat. CREOren presidentegaiak ziurtatu du adi egongo direla balizko iruzur bat eragozteko, zenbaketa atzeratzeak «gaizki usaintzen» duelakoan, eta CNEk erantzun dio hauteskunde eguna eta zenbaketa «okerrik gabekoa» izan direla. Pozok herritarrei eskatu die «bakean eta lasai» itxaron ditzatela behin betiko emaitzak. Bestalde, ikuskatzaileen presentziak ere jaso ditu kritikak. Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna izan da, besteak beste, hauteskunde horietako behatzaileetako bat, baina oposizioak gogor kritikatu du Europako Batasunak lan hori egiteko aukerarik ez izana. Unasurrek «arazorik gabeko» egun gisa deskribatu zuen.

Bigarren itzuliari begira

Emaitzak pixkanaka jakinarazten ari zirela, gainontzeko hautagaiek bigarren bozketarako lehentasunak jakinarazi zituzten atzo. Cynthia Viteri PSC Alderdi Sozial Kristauko presidentegaiak—botoetan hirugarrena, %16,29— Lasso babestuko du bozen bigarren itzulian, baina zehaztu du bere alderdia ez dela maiatzaren 24an osatuko den gobernuan izango. ID Ezker Demokratikoko Paco Moyanok —laugarren, botoen %6,78—, aldiz, ez ditu babestuko ez Moreno eta ez Lasso.

Lassok oposizioko beste indarrei dei egin die «gobernabide mahai» bat osatzeko: «Oposizioko lider politiko guztiei deialdi bat egin nahi diet, Ekuadorko gobernabide mahaia osatzeko. Ekuador demokratiko, aske, elkartu eta arrakastatsu horrentzat». CREOren presidentearentzat, helburua ez da «soilik hauteskundeak irabaztea, Ekuadorren aldaketa egonkortasunarekin bizkortzea».

Aurreko hauteskunde orokorrak 2013an egin zituzten, eta egungo testuingurua nabarmenki desberdina da. Batetik, eskualdeko gobernu aurrerakoien indarra nabari ahuldu da, eta, horrekin batera, eskualdeko integrazioaren aldeko apustua. Testuinguru geopolitiko berri bat dago: esaterako, Argentinan Mauricio Macriren neoliberalismoa, Brasilen Dilma Rousseffen aurkako kolpe politiko-parlamentarioa eta AEBetan Donald Trump ultraeskuindarraren garaipena. Bestetik, Ekuadorren egoera ekonomikoa ez da bera: petrolioaren prezioa erori egin da, inguruko herrialdeen txanpona debaluatu da, eta, 2016ko apirilean izandako lurrikaren ondorioz, gobernuak 3.151 milioi euro bideratu behar izan ditu berreraikitze planak finantzatzeko. Aurreko urtean, %1,7ko atzerapen ekonomikoa izan zen, baina agintariek %1,42ko hazkundea iragarri dute urte honetarako. Zulo hori gaindituta, Correak uste du datozen urteetan 251.000 lanpostu sortuko dituztela, gobernuaren neurriei eta inbertsioei esker.

Bera izan da hauteskunde hauetako beste protagonista nagusietako bat: hamar urte boterean igaro ostean, ez da hauteskundeetara aurkeztu, eta 2007tik 2013ra bere presidenteorde izandako Morenorengan utzi du proiektuarekin jarraitzeko ardura. Garaipena argi ikusten du, atzo arratsaldean Twitter bidez jakinarazi zuenez: «1.200.000 boto daude oraindik kontatzeko. Botoz boto zenbatu behar dugu, garaipena lehen itzulian lortzeko». Balizko bigarren itzuli bati begira, APren jarraitzaileei eskatu die prestatu daitezela, «betikoek kanpaina zikina» egingo dutelakoan.

Gainontzeko bozketak

Presidentea hautatzeaz gain, boto emaileek legebiltzarreko diputatuak —137 diputatu—, probintzietako legebiltzarretako parlamentariak,Andeetako Legebiltzarreko ordezkariak eta paradisu fiskalei buruzko galdeketa bozkatu zituzten herenegun.

Kontaketa mantso joan da ere gainontzeko bozketetan. Ekuadorko Legebiltzarrari begira—%62,8 zenbatuta—, APk botoen %34,39 lortu ditu, CREOk %21,66, PSCk %13,36, Fuerza Ecuadorrek %4,16 eta IDk %4,19, CNEren arabera. AP izan da alderdi bozkatuena ere Andeetako Legebiltzarrera bidean, behin-behineko emaitzen arabera. Botoen %42,2 zenbatuta, ofizialistek %34,10 lortu dituzte, CREOk %21,9, Acuerdo Por El Cambiok %14,5 eta PSCk %12,19, CNEk bere webgunean jakinarazi duenez.

Kargu publikoak bozkatzeaz gain, ekuadortarrek ezohiko bozketa bat izan zuten herenegun. Correaren iniziatibaz, herritarrek erreferendum bati erantzun behar izan zioten: «Ados al zaude, kargu publiko gisa jarduteko, baldintzetako bat izan dadila paradisu fiskaletan ondasunik eta kapitalik ez izatea?». Hala, behin-behineko emaitzen arabera —botoen %46,1 zenbatuta—, galdeketa bozkatu zuten ekuadortarren %53,91 ados agertu dira debeku horrekin, eta %46,09 ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.