MUNDUA

Garzonek defendatuko du Wikileaks

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohia Londresen bildu da Julian Assangerekin; sarea eta bere sortzailea, prozesuan jasan dituzten "gehiegikeria eta bidegabekerietatik" babesteko. Ekuadorko enbaxadan dago Assange, herrialdeari babes politikoa eskatu ostean.  

2012ko uztailaren 25a
09:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Wikileaksek iragarri du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak defendatuko duela sarea, baita bere sortzaile Julian Assange ere. Garzon abokatu taldearen zuzendaritza juridikoaz arduratuko da. Wikileaksek adierazi du Assangerekin bildu dela epaile izandakoa, bien artean sarea eta bere sortzailea prozesuan jasan dituzten "gehiegikeria eta bidegabekerietatik" babesteko estrategia juridikoa zehazteko. 

Ohar bidez, Garzonek esan du "arduratuta" dagoela Assange bermerik gabe auzipetu dutelako. Ekuadorrek begi onez ikusi du Garzonek Wikileaksen defentsaren ardura bere gain hartu izana. 

Londresen Ekuadorrek duen enbaxadan dago Assange. Ekainean, Wikileaksen sortzaileak babes politikoa eskatu zion Ekuadorri, Suediara estraditatzea saihesteko aukera guztiak amaitu zituelako Erresuma Batuan. Suedian sexu delituak leporatzen dizkiote. Londresko Poliziak dio Assangek etxeko arrestoa apurtu duelako Ekuadorko enbaxadan sartuta. 596 egun daramatza atxilo Assangek, eskumuturreko elektroniko baten kontrolpean.

Suediako Fiskaltzak Assange atxilotzeko euroagindua jarri zuen 2010ean, bi emakume suediarrek bortxatu zituela salatu ondoren. Wikileaksen sortzailearen abokatuek adierazi dute hura Suediara bidaliz gero handik AEBetara estraditatzeko eta Guantanamoko espetxera eramateko "benetako arriskua" dagoela.

Bitartean, Assangek Wikileaks sarea kendu du "denbora batez", finantza arazoak direla eta. Izan ere, AEBetako zenbait taldek sarea boikotatu dte, eta diru laguntza guztiak blokeatu. Horrela, Visa, Mastercard, Paypal, Western Union eta Bank of Americak, sarearen finantza iturriak ezabatu dituzte.

Assangek 2006tik, Wikileaks sarea sortu zuenetik, ezkutuko milaka dokumentu diplomatiko azaleratu ditu, batez ere, AEBei lotuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.