Gas itogarrien mendeurren pozoitsua

Ehun urte dira arma kimikoak aurrenekoz erabili zituztela. Alemaniako armada izan zen lehena, I. Mundu Gerrari ekin berritan. Zibilen kontrako erasoek, berriz, Ekialde Hurbilean daukate jatorria.

Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Mendeurren bat eta dozenaka hildako. I. Mundu Gerra hasi berritan aurreneko aldiz erabili zituztenetik, arma kimikoek hamaika triskantza eragin dituzte han eta hemen. Alemaniako armada izan zen lehenbizikoa arma ez-konbentzionalak jomuga militarretarako baliatzen: aliatuen lubakien parean ezarriak zeuzkaten bidoiak zabaldu, eta gas pozoitsua aireratu zuten, haizearen indarrak lagunduta, Frantziako armadako kideek arnas zezaten eta itota hil zitezen.

Ehun urte bete ziren atzo gertakari haietatik. Alemaniaren erasoaldiak milaka pertsona hil zituen Ieperren (Flandria), eta gerra egiteko modua «errotik» aldatu zuen. «Betiko», OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak mendeurrenaren harira eginiko ekitaldian gogorarazi duenez.

I. Mundu Gerran zabaldu zen gasak armatzat erabiltzeko joera. Arma horien suntsipenerako eraginkortasuna frogatuta, Europako zenbait herrialdek kolonietako erresistentzia mugimenduak bizkorki zanpatzeko erabili zituzten; bereziki borroka tokietan baliatu zituzten 1915. urtearen bueltan. 20ko hamarkadan sartuta, zibilen aurkako erabilera estrategikoari ekin zioten. Erresuma Batuaren eskuetan, Ekialde Hurbila bihurtu zen arma kimikoen esperimentazio gune nagusietako bat; han egin zituzten zibilen kontrako lehen erasoak. Kurduek zoritxarreko protagonismoa izan dute arma kimiko eta suntsipen handiko bestelako armen biktimen historian. Erabiltzaileen artean, Espainia ere aitzindaria izan zen, sasoi hartan erruz erabili baitzituen Marokon, Rifeko gerran, Abdel Krimen gerrilla, herriak eta landaguneak bonbardatze aldera.

I. Mundu Gerra igarota, Hagako konbentzioan debekatu egin zuten gas itogarrien erabilera militarra. 1925ean Genevan eginiko bilkuran ere erabaki bertsua hartu zuten herrialde sinatzaileek gai toxikoenen erabileraren gainean.

Gerra Hotzean, blokeen arteko lehiaren beste alor bat bihurtu ziren arma kimikoak. Armategiak handitzearekin bat, mugak ezarri nahi izan zizkieten AEBek eta Errusiak. Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen sorrera izan zen akordio horren emaitza.

II. Mundu Gerraz geroztik, orobat, tabutzat jo dituzte suntsipen handiko armak. Arrazoiak ugariak dira: sufrimendu handia eragiten dutela, galera masiboak eta ondorio kontrolaezinak dituztela, moralaren kontrakoak direla...

Mende bat geroago, arma kimikoak mintzagai dira oraindik ere Ekialde Hurbilean. Siriako gatazkaren ondorioz berpiztu zen eztabaida, 2012ko udan, Damaskok esan zuenean halako armak erabiliko zituela inbasioei aurre egiteko. Ohartarazpenari «mehatxu» kutsua hartu zioten AEBek eta Israelek —suntsipen handiko armen erabiltzaile ziren—, eta tirabira nabarmenak sortu ziren.

Armen suntsiketa, «eginda»

Orain bi urte hasi ziren lehen argi printzak ikusten tunelean, AEBek eta Errusiak bide orri bat izenpetu zutenean Siriak arma kimikoak suntsi zitzan. AEBek hartu zuten ardura horixe, eta itsasoz atera zituzten gas ez-konbentzionalak; iazko ekainean irten zen arma kimikoen azken itsasontzia Siriatik.

Uztailean, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak eta NBEk Siriara bidalitako misioaren buruak betetzat jo zuen Damaskoko armategiak desegiteko akordioa. AEBak «uzkur» agertu ziren, eta susmoak dauzkate Damaskoren jardunarekin, ez baitira erabat fio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.