Gasaren auzia dela eta, Turkiak gerraontziak bidali ditu Zipreko itsasora

Gas eta petrolio prospekzioak babesteko direla argudiatu du Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak

Erredakzioa
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Duela urte batzuetatik, ekialdeko Mediterraneoan gas eta petrolio hobi oparoak aurkitu zituztenetik, horiek ustiatzeko lehiak anitz hazi du tentsioa eremu horretan. Gehienbat Libano eta Israel izan dira borroka horren protagonistak, itsasoko mugaren auzia dela eta, baina orain Turkia indarrez sartu da, ustez inguru horretan dituen eskubideak Zipreko Errepublikaren aitzinean aldarrikatzeko. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak Istanbuldik hiru gerraontzi bidaltzea erabaki du, Ankararen aginduz gas eta petrolio hobiak ikertzera joandako itsasontziak babesteko asmoz.

Joan den astelehenean Zipreko Errepublikak hasitako lanak «erokeria» direla erran du Erdoganek, baina «oraingoz» ez duela indarra erabiltzeko asmorik ziurtatu du. Ankarak hobiak ustiatzeko akordio bat sinatu zuen herenegun Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublikarekin, eta gerraontziek egunean bertan utzi zuten Istanbul. Geologic Survey erakundearen arabera, 1.700 milioi petrolio upel, eta 3,4 bilioi metro kubo gas ekoizteko adina erreserba daude eremuan.

Zipreko gatazka, eta Israel

Zipreko gatazka politikoa bete-betean berpiztu du auziak. 1974az geroztik, uhartea bitan banatuta dago: hegoaldean Zipreko Errepublika —biztanle gehienak greziarrak dira— eta iparraldean Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika —biztanle gehienak turkiarrak dira—. Hegoaldeko estatua Europako Batasuneko kidea da, eta nazioartean onartua. Iparraldekoa, ordea, soilik Turkiak onartzen du. Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroaren iritziz, hegoaldeak «bi estatuen ideiarekin bat» egin du. «Itsasoan beren eremu propioa dutela uste badute nahi dutena egiteko, inplizituki onartzen dute iparraldeak ere eskubide berbera duela». Horrez gain, hobiak ustiatzeko lehian sartuz, Israeli ere mezu zuzena bidali dio Turkiak, flotillaren auziaren harira Erdoganek ohartarazia baitzion Tel Avivi ekialdeko Mediterraneoan bere posizioa indartzeko asmoa zuela Ankarak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.