'Gasaren gerran' beste urrats bat

arantxa elizegi egilegor
2008ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Bruselak onartu nahi ez duen arren, Errusiaren menpe dago gasari dagokionez. Argi ikusi zen hori duela bi urte, Moskuk gas horniketa bertan behera utzi zuenean, Ukrainarekin izandako liskarren ondorioz. Krisiak ez zuen gehiegi iraun eta, horri esker, ez zuen ondorio ekonomiko larririk eragin. Baina burukomin asko eman zizkien tirabirak agintariei. Horiek hala, energia horniketaren auzia sakon aztertuko zuela iragarri zuen Bruselak. Bi urte igaro dira, ordea, eta Europako Batasunak Errusiaren menpe jarraitzen du. Mosku, aldiz, aurrera doa, eta Bruselaren gaineko boterea sendotuko duen akordioa sinatu zuen atzo Sofiarekin.

Erregaiaren %90 Errusiatik jasotzen du Europak. Horrek esan nahi du kontu handiz jokatu behar duela harekiko harremanekin, gasik gabe geratu nahi ez badu. Nolabait ere menpekotasun hori murrizteko asmoz, Nabucco gasbidea eraikitzeko lanak hasi ditu EBk, AEBen sostenguarekin. Gasbideak Iran, Irak, Egipto eta Libiatik hartuko du erregaia, besteak beste, eta Austriaraino eramango du. Bi arazo nagusi ditu, ordea, Bruselak: batetik, gasbidea eraikitzeko lanak asko ari direla atzeratzen; eta bestetik, munduko bigarren gas esportatzaile nagusia den Iranekiko harremanak ez direla batere onak, haren programa nuklearra dela eta. Hori nahikoa ez, eta Errusiak beste gasbide bat eraikitzeko proiektua jarri du martxan: Hegoaldeko Erreka. Errusia eta Bulgariaren arteko akordioaren arabera, gasbidea Itsaso Beltzetik Bulgariara joango litzateke, Turkiatik igaro gabe. Proiektuak Italia eta Greziaren sostengua jaso du.



BRUSELAREN ASMOAK KOLOKAN. Turkia bere asmoetatik kanpo uztean, harekiko menpekotasuna murriztu du Moskuk. Aldi berean, gainera, akordio gehiago lotu beharrik gabe aurrera egiteko aukera du Moskuk. Izan ere, Italiako ENI konpainiarekin batera eraikiko du Errusiako Gazpromek gasbidea. Bulgariari, berriz, irabazien zati txiki bat eskaini diote, haren lurretan eraikitzearen truke. Gastuak handiak izango dira, 10.000 milioi eurokoak, baina irabaziak are handiagoak, bere egingo baitu Europako hegoaldeko merkatua.

Aditu gehienak bat datoz Nabuccoren kalterako izango dela Hegoaldeko Erreka; izan ere, oso antzeko ibilbidea egingo dute biek. Bruselak, ordea, ukatu egin du halakorik. «Horrek [Hegoaldeko Errekak] ez du Nabucco eraikitzeko gure erabakia aldatuko», nabarmendu du Europako Batzordeko energia gaietarako eledun Ferran Tarradellasek. 2011rako gasbidea amaitua egotea espero du EBk, eta Iran izango da hornitzaile nagusia, harekiko harremanak okertzen ez badira behintzat.

Teheranek beti aurkeztu izan du bere burua gas hornitzaile seguru gisa. Baina irudi hori okertu egin da aste honetan, Turkmenistanekin izandako krisiaren ondorioz. Azken horrek eten egin dio horniketa Irani, aurtengo gasaren prezioaren inguruan akordiorik lortu ez dutelako. Iranen aspaldiko negurik gogorrena bizi dutenean hartu du Turkmenistanek erabakia. Ondorioz, Iranek beste herrialdeetarako horniketa eten behar izan du, herritarrek erregairik izango badute. Egun, Siria, Armenia eta Pakistan hornitzen ditu Teheranek, eta etorkizunean Europa ere haren bezero izan daiteke.

Dena den, Tarradellasek nabarmendu du Iran ez dela haien hornitzaile bakarra izango. Nabuccok Azerbaijango gasa ere baliatuko du, eta baita Irakekoa ere -hango egoera baretzen bada-. Egipto eta Libia ere hornitzaile garrantzitsuak izango dira, horietatik Turkiara erregaia eramateko gasbidea eraikitzea lortzen badute. Hori da, azken finean, Bruselaren arazo nagusia, alegia, oztopo asko gainditu behar dituela Nabuccok aurrera egingo badu. Aldiz, Errusia erraz ari da aurrera egiten bere proiektuarekin.



NEGOZIO OPAROA. Errusiako Gazprom enpresak izugarrizko irabaziak ditu, soilik Europari saltzen dion gasari esker. Baina asko duenak gehiago nahi izaten du, eta horixe bera da Gazpromek lortu asmo duena, diru gehiago, alegia. Errusiako enpresako buru Aleksei Millerek iragarri du Serbiako NIS monopolioan parte-hartzeko akordioa lortzeko zorian daudela. «Serbiarekin negoziatzen ari gara gobernu arteko akordioa lortzeko».

Abenduan, Gazpromek 400 milioi euro eskaini zituen NISen akzioen %51aren truke. Horretaz gain, enpresan 500 milioi euroko inbertsioa egingo zuela hitzeman, eta Hegoaldeko Errekaren irabaziak eskaini zizkion Belgradi. Hori onartuz gero, ordea, Errusiak kontrolatuko luke berez Serbiarena den monopolioa. Horregatik, eskaintza handitzeko eskatu dio Serbiak Errusiari. Dena den, Belgradeko gobernuak ez dio atea itxi Moskurekin elkarlanean aritzeko aukerari; finean, irabazi ekonomikoak mamitsuak lirateke oso. Hori da, besteak beste, bi herrialdeak horren ondo konpontzearen arrazoietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.